Eduki publikatzailea

85 urtetik aurrera, estrategia pasiboen bidez erregulatzen dira emozioak eta arazoak

Adinean aurrera egin ahala gizon-emakumeon funtzionamendu emozionala nola aldatzen den aztertu dute Matia Institutuak eta UPV/EHUk, elkarlanean

Lehenengo argitaratze data: 2015/04/09

Irudia
85 urtetik aurrera, egokituak dira nagusi

Beren bizimodura egokituta dauden gizon-emakumeak dira ugarienak 85 urtetik gorako eta narriadura kognitiborik gabeko populazioan. Adinean aurrera egin ahala, okerrera egin du beren egoera fisikoak, baita osasunak ere, baina horrek ez die maila emozionalean eragin; egoera berrira egokitzeko gai izan dira. Arazoen aurrean, eta, oro har, emozioak erregulatzeko orduan, estrategia pasiboetara jotzen dute gehienbat, eta, hein txikiagoan, estrategia proaktiboetara. Gazteagoen artean ugariagoak diren bi profil, zoriontsuena eta gustura ez daudenena, berriz, ez dira agertzen 85 urtetik aurrerako populazioan.

85 urtetik gorako gizon-emakumeetan jarri du arreta Igone Etxeberria Arritxabal psikologoak bere doktore-tesian. Haien egoera emozionala, emozioak erregulatzeko estrategiak eta funtzionamendu emozionalaren beste alderdi batzuk aztertu ditu, Matia Institutuak eta UPV/EHUk elkarlanean egindako ikerketan. Izan ere, "ezjakintasun handia dago adin horretako pertsonei buruz, ikerketa gehienak 80 urtera arteko jendearekin egiten baitira. Eta, hain zuzen, hori izango da datozen urteetan gehien haziko den populazio-taldea", azaldu du Etxeberriak. Funtzionamendu emozionalaz gainera, adineko pertsonei eragiten dieten beste aldagai batzuk ere hartu ditu kontuan, hala nola nortasuna, eguneroko oinarrizko jarduera-maila, jarduera instrumentalak, osasun-egoera eta gizarte-babesa, aldagai horiek funtzionamendu emozionalean zer eragin duten jakiteko.

"Oso interesgarria da 85 urtetik gorako pertsonen funtzionamendu emozionala aztertzea eta ezagutzea, bai eta horretan eragina duten aldagaiak zein diren jakitea ere. Izan ere, adin horretatik aurrera, gaixotasunen prebalentzia handitu egiten da, eta muga funtzional, sentsorial eta kognitiboak ugaritu egiten dira. Hortaz, aldaketa horiek guztiek pertsonaren alderdi emozionalean eragin dezakete, eta haren ongizatea okertu", zehaztu du ikertzaileak.

Azterketa adinean oso aurrera egindako pertsonetara ez mugatzeagatik, populazio gazteagoetako jendearekin ere egin zituzten neurketak, eta, ondoren, alderaketak. Horretarako, 65 urtetik gorako 257 laguni galdetegi-sorta bat betetzeko eskatu zieten, haien ezaugarri fisiko eta emozionalak ezagutzeko. Hiru taldetan banatu zituzten emaitzak: 65-74 urtekoak, batetik; 75-84 urtekoak, bestetik, eta 85etik gorakoak, azkenik. 85 urtetik gorakoei dagokienez Etxeberriak nabarmendu nahi izan duenez, "adin horretako populazio osoaren zati bat bakarrik aztertu dut, hau da, lagin partzial batekin egin dut lan. Izan ere, kognitiboki inolako arazorik ez zuen jendea behar nuen, nahiko gogorrak baitziren erantzun beharreko galdetegiak. Eta, adin-tarte horretan, populazioaren % 30 baino ez dago egoera horretan".

Joerak bai, baina banakoen arteko desberdintasunak ere bai

Aztertutakoen afektu positiboa eta negatiboa, bizitzarekin duten gogobetetze-maila, bakardadea eta emozioak erregulatzeko estrategiak neurtu zituzten, haien funtzionamendu emozionala ezagutzeko. Hiru talde edo profil atera zitzaizkien: gustura ez daudenak, zoriontsuak eta erresilienteak. Aldatu egiten da, adin-tarte bakoitzean, profil nagusia eta gainerakoen prebalentzia; hortaz, "ondorioztatu genuen adinak eragina izan, baduela", dio Etxeberriak. Adinean aurrera joan ahala, gehien ugaritzen den taldea erresilienteena da, alegia, afektibitate positibo handirik ez dutenak, baina ezta negatibo handirik ere, eta emozioak erregulatzeko oso era pasiboa dutenak (onartzera, arazoak saihestera eta alde batera uztera jotzen dute). Beste bi profilak, berriz, txikituz doaz urteak bete ahala.

Funtzionamendu emozionalari bizitzaren beste alderdi batzuetako aldagaiak gehituz, hala nola gaitasun funtzionala, egoera kognitiboa, osasun-egoera, nortasuna eta gizarte-babesa, zahartze-profilak atera zituen Etxeberriak. Kasu horretan, lau profil deskribatu zituen: zoriontsuak, gustura ez daudenak, egokituak eta ahulak-bakartuak. Aurrekoan bezala, hemen ere ikusi zuen adinarekin profilen nagusitasuna aldatu egiten dela, eta, 85 urtetik aurrera, egokituak direla nagusi, alegia, beren gaitasun fisikoak nabarmen kaskartu badira ere egoera berrira moldatu direnak. Ahulak-bakartuak ere "nahiko kopuru handietan agertzen dira talde horretan. Neurotizismo-maila handia, bakardade handia eta gizarte-babes txikia duten pertsonak dira. Adinean aurrera egin ahala, berriz, desagertuz joaten dira zoriontsuak, alegia, osasunari lotutako bizitza-kalitatea oso ona dutenak eta moldakorrak direnak, eta gustura ez daudenak (neurotizismo handiko, afektibitate negatiboko eta emozioak erregulatzeko estrategia proaktiboak erabiltzen dituztenak).

Joerak joera, Etxeberriak azpimarratu du oso garrantzitsua dela adin-tarte bakoitzeko aniztasuna: "85 urtetik gorakoen artean egokitutakoen profila ugariena bada ere, talde horretan ere badaude pertsona zoriontsuak. Eta, alderantziz, egokituak 85 urtetik gorako pertsonetan ugarien badira ere, beste adin-tarteetan ere agertzen dira. Banakoen arteko desberdintasunak oso garrantzitsuak dira profilei lotutako zaintzak eta ekintzak planifikatzeko orduan. Azken batean, denak desberdinak gara, eta bakoitzari behar eta nahi duen arreta eman behar zaio".

Informazio osagarria

Igone Etxeberria Arritxabalek (Hernani, 1972) UPV/EHUren Donostiako Campuseko Oinarrizko Prozesu Psikologikoak eta Hauen Garapena sailean egin zuen doktoretza-tesia, eta Matia Institutuarekin elkarlan estuan aritu zen ikerketan. Doktoretza-tesiaren zuzendarikide Itziar Etxebarria Bilbao, UPV/EHUko gaur egungo Aldezlea, eta Matia Institutuko Jose Javier Yanguas Lezaun izan ditu. Izenburu hau izan du lanak: Funcionamiento emocional en las personas muy mayores: variables descriptivas y predictoras.

Erreferentzia bibliografikoa:

Etxeberria, I, Etxebarria, I. y Yanguas, J. J. (2014). "La regulación emocional en las personas muy mayores". AMEren VIII. Sinposioan egindako ahozko aurkezpena. Granada.

Etxeberria, I., Yanguas, J.J., Etxebarria, I., Urdaneta, E.(2011). Emotion regulation strategies: age differences in elderly people. Aging Clinical and Experimental research vol 23,(1), p 131-ISSN1594-0667/Online ISSN 1720-8319

Etxeberria, I., Urdaneta, E., Etxebarria, I., Galdona. N., Yanguas, J.J. (2011). Association between personality traits and the use of emotion regulation strategies for the management of sandez in elderly people. Aging Clinical and Experimental research vol 23,(1), p 261- ISSN1594-0667/Online ISSN 1720-8319

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa