Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

BAIGORRIKO ZAZPI LILIAK (1987)

Joan Piarres Duvoisin
Alvaro Rabelli

Joan Piarres Duvoisin idazle eta itzultzaile lapurtarrak (Ainhoa, 1810 – Ziburu, 1891) bere lan ospetsuen artean utzi zigun urteetan ahantzita egon den elezaharren oihartzuna dakarren ipuin-bilduma. Lan hori Baigorriko zazpi liliak (Les sept fleurs de Ba√Įgorry et la reine des sept fleurs) dugu. Bildumako zazpi ipuinak, 1832an bilduak, ez ziren argitaratu 1884-1885 urteetara arte, orduan Pariseko Revue des Basses-Pyr√©n√©es et des Landes aldizkariaren lehen bi tomoetan zatika agertu arte. Harrezkero Duvoisinen lan hau erabat ahaztuta egon da, harik eta Juan San Martinek 1987an edizioa ondu zuen arte. Duvoisinen originalean jatorrizko euskarazko testu bakoitzari frantsesez egindako itzulpenak laguntzen dio, egileak liburuaren hitzaurrean aitortzen duen bezala, “Gure adiskide guztiek ez dute euskararik ulertzen eta horregatik ematen ditugu itzulpenarekin”. Eta beste liburu askoren moduan, behar bezala argitaratu ez izanak zinez oztopatu zion balizko eraginik. Izan ere, eskasak izan dira euskal literaturan, batez ere fikziozko narratibari dagokionez, ahozkotik idatzira zubia egin izan duten lanak, ahozkoak eskaintzen dituen baliabideak idatzirako behar bezala probestuz. Duvoisinen Baigorriko zazpi liliak salbuespen eder eta bakanetakoa izan zitekeen. Bilduma honetaz esan genezake mundu bi, ahozkoa eta idatzia, uztartzen dituen ahalegina dela, sasoi horretako fikziozko euskal narratibaren baratzean, artean sortzen zegoela, harribitxi paregabea.

Baigorriko zazpi liliak egileak irudimenez apaindurik eskaini zuen kondaira berritua da. Ipuin-sorta honek beste aro baten oroitzapena dakar, Erdi Aroko gizarte feudala alegia, baina, aldi berean, berritua. Bocaccioren Decameron eta Nafarroako Margaritaren Heptameron lanen antzera, ipuinak egoera jakin baten inguruan ardazten dira. Haiek Errenazimenduaren emaitza izan baziren, Baigorriko zazpi liliek, ordea, Erromantizismoari zor diote darien elezaharren kutsu eta taiuera.

Duvoisinek La Fonteineren estiloko alegiak alde batera utziz, lurpeko eremuetan bizi diren Tartalo, lamia eta jeinuen bila jo zuen, eta beraiekin batera ekarri zituen herri axiomak, esaera zahar eta atsotitzak, hain zuzen, ahozko herri kulturaren apaingarri direnak. Ahorik aho igorri izan diren herri kondaira eta ipuinak ditugu, ez horregatik moraltasun gabeak, bada, ipuinok irakaspen eredugarri suertatzen dira, egiaren, ontasunaren, karitatearen eta beste bertute askoren goresle. Horixe da, hain zuzen ere, euren helburua.

Ipuinek bazuten testuinguru jakin bat plazaratzeko. Arto-zuriketan edo baserriko bestelako lanetan gizon eta emazte, gazte eta zahar… batzen ziren auzolanean, eta lanaren inguruan, eta denen atseginerako, sortzen ziren ipuinak eta kondairak. Duvoisinek halakoetan entzun izan zituen gero moldatuko zituen ipuinok. “Behialako egunetan, behin batez, Baigorriko jauregi zaharrean ziren arto-xuritzeak. Badakizue arto-xuritzeetara biltzen ohi dela inguruetako gazteria, eta holako bilkuetan laket dutela kantu zaharren kantatzea eta noizbaiteko konderen erreberritzea”. Baigorriko jauregi hori Etxauz dugu, non eta Duvoisinek bolada luzeak eman baitzituen Bonaparte printzearentzako itzulpenak adelatzen. Jauregi horretatik etor dakieke ipuinei darien kutsu feudala.

Liburuak, beraz, zera kontatzen digu: Baigorriko herjauna, arto-zuriketako solasak atsegin zituela, ezkongai zeukan alaba nagusiarekin joan zen solasaldi batera. Bertan daude zazpi liliak, Baigorri inguruko zazpi neskarik ederrenak, denak aitorralabak, eta herjaunak aginduko die ipuin bana kontatzeko, ipuinik ederrena kontatzen duenari dote on bat emango diola eta hark ere aukera izango duela alaba ezkontzen den egunean berean nahi duen mutilarekin ezkontzeko. Horrela, banan-banan hasiko dira euren ipuinak kontatzen, norberarena ederrena izateko asmoz.

Ipuinok “Azeria, Belea eta Mandozaina”, “Hartzak nola galdu zuen buztana”, “Nola elkarren ganik berezi ziren lar-abereak eta etxe-abereak? Nola guziek galdu zuten mintzatzeko dohaina?”, “Tartaroa; Bitartaroa; Ithurralaba eta Athano” dira. Lehenengo hirurek parekotasun handiagoa gordetzen dute alegiekin. Protagonistak abereak dira, gizakien ezaugarriak dituztenak. Hurrengo hirurak herri ipuin mitologikotzat har ditzakegu —Tartalo eta lamien ipuin berrituak— eta azkena, zazpigarrena, ipuin erlijiosoa dugu sakonean.

Ipuinok marko narratibo orokor baten barruan daude, lanari batasun itxura sendoa ematen diona. Marko narratiboa da arestian aipatu dugun herjaunaren desioa. Horrela, liburuaren hasieran herjaunak zazpi liliei egindako agindua dugu, ostean zazpi ipuinak, bakoitzak sarreran dakarrela jauregira bildu diren herjaunari eta beste liliei eskainitako gorazarre hasiera, eta amaieran, berriro herjaunaren hitzak ditugu, bere alabaren ipuinarekin eta ezkontza ingurukoekin. Egitura hau ez da Duvoisinena, aski ezaguna baitugu Europako tradizioan; aurretik aipatutako Decameron eta Heptameron lanek egitura hori dute. Ipuinok, bestalde, ahozko herri ipuinen baliabideak gordetzen dituzte, baina gaurkotuta daude, eta idatzira moldatuta. Ez dira dena den ipuinen hasiera eta amaierako formulak falta, ez eta hitz jokoak, esamoldeak edo atsotitzak. Horixe da Duvoisinek egin zuen ekarpena, ahozko tradizioko ipuinak bildu eta eredu idatzira moldatu, ipuinok kontatzen diren testuinguruak itxuraz ahozkoa izaten segitu arren. Itxuraz diogu, zeren Duvoisinek aukeratutako baliabide narratibo bat baino ez da; hortaz, idatziaren munduari bete-betean datxekiona.

Ahozko mundutik datorkigun beste oihartzun bat Duvoisinek ipuinetarako aukeratu zituen narratzaileetan ikus dezakegu. Zazpi liliak neskak dira, eta haiek dira ipuinen narratzaileak. Ez da harritzekoa, bada, emakumezkoak hautatzea ipuinen narratzaileak izateko, kontuan hartzen badugu ahozko kulturaren tradizioan emakumeari aitortu izan zaiola tradizio horren gordailu eta igorle nagusiaren papera.

Ahozkoaren eta idatziaren ezaugarrien uztartze horri esker Baigorriko zazpi liliak liburuan prosa arin bezain ederra dugu, ereduzkoa. Orduan behar bezala jorratu ez zen bide batetik abiatu zen Duvoisin. Jarraipen eskasa izan zuen baina, orobat sasoiko beste molde zurrunagoek ere jarraipen bertsua izan zuten. Baigorriko zazpi liliak ipuin-sorta nafar-lapurtera euskalki literarioaren harribitxi dugu oraindik.

BIBLIOGRAFIA

DUVOISIN, Jean (1987): Baigorriko zazpi liliak. Elkar. Donostia.

MENDUGUREN, X. / EIZAGIRRE, K. (1998): Euskal literaturaren antologia. Elkar. Donostia.

SALABERRI, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Elkar. Donostia.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus