Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

BELUNA JAZZ (1996)

Harkaitz Cano
Ibon Egaña

Izenburutik beretik hasita, hala tematikoki nola estilistikoki, jazzari eginiko keinu eta gorazarrez josita dagoen Beluna jazz nobela idaztea “elur zapaldu gabea zapaltzea bezala” izan zen Harkaitz Canorentzat (Lasarte, 1975), euskal literatura eta jazz musikaren arteko lotura ia urratu gabea baitzen ordura arte. Nobela honen aurretik, Kea behelainopean bezala (Susa, 1994) poema-bilduman, eta Pauloven txakurrak (Erein, 1994) nahiz Radiobiografiak (Elkar, 1995) liburuxka hibridoetan trebatua zuen eskua Lubaki Bandako kide izandakoak.

Bob Ieregiren bizitza da eleberriaren hari edo ardatz nagusietako bat: ama jamaikarra eta aita euskalduna dituen tronpeta-jotzaile estatubatuarra da bera, munduko jazz arloko tronpeta-jotzailerik onenetakoa eta entzutetsuenetakoa. Bigarren hari nagusia, Rotterdameko Alaska ospitale psikiatrikoko giro surrealistak eta bertako biztanle bitxiek josiko dute.

Ospitale psikiatriko horretan kokatutako eszenak ematen dio hastapena eleberriari: Alaska psikiatrikora sartuko da Klara Miao, eta ustez bertako erizain-burua garbituko du. Eleberri beltzetako teknika eta baliabideak baliatuz, irakurlearen tentsioa eta arreta hasieratik bereganatu nahi ditu kontakizunak. Film poliziako eta beltzen inguruan sortutako iruditeria, konbentzioak eta mitoak bere egiten ditu Canok liburuaren hastapenean, eta halatsu egin zuen egileak bigarren eleberrian ere (ik. Aldekoa, 2004: 281). Alabaina, giro beltzeko hasiera hori amua baino ez da irakurlea kateatzeko eta bigarren partean barneratzeko; bada, bigarren zatian eromenaren, jazzaren eta jenialtasunaren inguruko gogoeta eta pasadizo sailka ezinek hartzen dute lekurik gehien. Liburua zabaltzen duen hilketaren enigmak azken orrialdeetan ikusiko du argia eta azalpena, baina ordurako hilketa bigarren planoan izango du irakurleak.

Jazz musikariek eta haien biografiek literaturarako lehengai ezin hobea eskaintzen diote jenialtasunaz, eromenaz, marjinaltasunaz eta frakasoaz hitz egin nahi duen idazleari, eta haietan oinarritzen da Harkaitz Cano Bob Ieregiren pertsonaia marrazteko: jazz musikarien biografietan, edota idazleek figura horien gainean egindako literaturan (kasurako, Julio Cortazarrek Charlie Parkerri El perseguidor narrazioan egindako omenaldian). Arrakasta izandako artista baten gainbehera, gorenetik zulo beltzera eroritakoaren goitik beheranzko bidea, erakusten du Canok Bob Ieregiren biografiarekin. Arrunkeriatik, egunerokotasunetik, normaltasunetik ihes egiten duen bizimodua da Ieregirena, jazz musikari entzutetsu askorena bezala. Izan ere, aukeran luketen bizimodu lasaiagoa, orekatuagoa, bazter utzita arteagatik dena ematen eta galtzen duten pertsonaiak maite ditu Canok. Bizitza eta artearen arteko muga ezabatu duten artistak ditu maite egileak, artea bizimodu bihurtzen duten sortzaileak, alegia.

Dagokigun eleberri ezohikoan, jazzaren itzala eta harekiko lilura ez da mugatzen Bob Ieregiren biografiara, zein Charlie Parkerri eta El perseguidor-i egindako keinuetara edo jazz musikarien erreferentzietara; izan ere, nobela bera, Canok esan bezala, jazz emanaldi baten itxurapean dago egituratuta: badago konstante mantentzen den sekzio erritmikoa (Bob Ieregiren biografiak markatua), bai eta aske dabilen tronpeta ere, aske dabilen narratzailearen eskua (pertsonaia sekundarioak aurkeztuz, gogoetak eskainiz, parentesi arteko kontakizunak txertatuz…). Jack Kerouac-ek The Subterranean lanean egin bide zuen bezala (ik. Rojo, 1996), Canok ere Charlie Parkerren be-bop erritmoa imitatu nahi izan zuen narrazioa itxuratzean. Jazzean bezala, bestalde, narrazio-atalak eta motiboak errepikatuz doaz, aldiro bariazio bat, xehetasun bat, ñabardura bat erantsiz pertsonaien karakterizazioari edo istorioaren hariari.

Fragmentazioa. Zatikatzeko joera du ezaugarririk behinenetakoa nobelak kontatzeko moldeei dagokienez. Jazz soloak gogora dakartzaten narratzailearen bariazioak, hala, atal txikietan txertatzen dira istorio zatikatuan. Jazzari buruzko oharrak, irratsaio bateko atalak, telebista-iragarkiak, ipuin laburrak edo pistola desagerrarazteko teknikak nobelak sortzen duen errealitate partikularraren kaleidoskopioa osatzen duten atalak dira. Aleatorioa eta kaotikoa lirudikeen egituraren gainetik, nolanahi ere, batasuna dario Beluna jazz eleberriari, idazlearen obsesioek eta errepikapenek liburuari koherentzia ematen baitiote. Zenbait motibo eta obsesio, gainera, liburuko mugez harago, Canoren literatura osoari dagozkio: botila huts lerrokatuak, arrabioak, “telefono kaiolatuak”, zubiak, kea eta behe-lainoa…

Zinema da, bestalde, nobelaren estetikaren oinarrietako bat. Ez bakarrik Ur Apalategik seinalatu bezala (Apalategi, 1996) Alaskako giroak Milos Formanen Someone flew over the cokoo´s nest filma gogora dakarrelako; giroaz gain, zinemaren lengoaia bera da nobelaren estetika baldintzatzen duena. Oso bisualak, zinematografikoak, dira liburuko egoera eta eszena asko, eta zenbaitetan idazleak kamera eskuan duen zuzendariaren traza hartzen du. Deskribatzen diren eszena zenbaitek, film baterako idatzitako eszenak dirudite, osagai bakoitza efektu bisual bat propio eragiteko jarria balego bezala. Kamara batek urrunetik ikusita sortuko lukeen efektu optikoa bilatzen du narratzaileak hainbatetan. Beste batzuetan, elkarren ondoren botatako irudi filmikoak baliran, justaposizioan azaltzen dira irudiak ditugu. Nobelaren hasieran genero beltzean egiten den sartu-irtenak ere oso gogoan du “Hollywood-en garai onenetako film beltzaren giroa” (Apalategi,1996).

Nobelaren lengoaia zinemarekin lotzen duten irudi bisualek badute zerikusirik, bestalde, lengoaia poetiko eta lirikoarekin: metaforarako joerak (hiria eszenatoki ez ezik mudatuz doan izaki bizidun bezala agertzen da deskribaturik, esaterako), irudi poetikoek, eta prosaren lirismoak lengoaia poetikoarekin lotzen dute Beluna jazz, eta poetikotasun horrek asko edaten du surrealismotik. Psikiatrikoko giroa erabiltzen du nobelagileak errealitatearen eta arrazionaltasunaren mugak apurtzeko, bestelako begirada bat eskaintzeko, surrealismotik hurbileko begirada, alegia. Agian horregatik, ametsak eta amesgaiztoak ere tartekatzen dira maiz nobelan, mundu onirikoei eta surrealistei bide emanez eta pertsonaien zein idazlearen, obsesio eta beldurrei atea zabalduz. Boben eta gainerako pertsonaien haluzinazioak ere eragile dira liburu osoa blaitzen duen atmosfera surreal eta eldarniozkoa sortzeko.

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.

APALATEGI, Ur (1996): “Estiloaren garrantzia”. Maiatz 27. 24-25.

BERASALUZE, Garikoitz (1996): “Harkaitz Cano: Nobela bat egitea bizkotxo bat egitea bezala da”. Euskaldunon Egunkaria (Barkatu ama) 1996-04-18

ROJO, Javi (1996): “Be-bop erritmora”. El Correo 1996-06-27.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus