Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

IESUSEN IMITACIONEA

Silvain Pouvreau
Iratxe Retolaza

Silvain Pouvreauk itzuli zuen lehebibizikoz Thomas Kempisen (1380-1471) Iesusen imitacionea 1660eko hamarkadan, nahiz eta orduko hartan argitaratu ez. Hordago argitaletxeak 1978an argitaratu zuen Pouvreauren itzulpen hori. Kempisen obra hori itzultzeko egitasmoa XVII. mendeko literatura erlijioso-didaktikoaren testuinguruari zor zaio. 1545ean Trentoko Kontzilioa (1545-1563) abian jarri zenetik, Eliza katolikoak protestantismoari aurre egiteko bide ideologikoak, politikoak eta militarrak indarrean jarri zituen, eta XVII. mendean zehar ere iraun zuen hedatze katolikoak eta ikasbide katolikoak. Garai hartako Eliza katolikoaren jokabideak eragin handia izan zuen euskal kulturan, orduko erabakiek zeharo baldintzatu baitzuten euskal tradizio literarioa eta kulturala. Izan ere, kristau ikasbidea herritar elebakarrei helarazteko asmoz, Eliza katolikoak beharrezkoa ikusi zuen tokian tokiko hizkuntzan aritzea. Erabaki horren ondorioz, Eliza katolikoak euskal testuen argitalpena bultzatu zuen, batik bat testu-modalitate hauek argitaratu zirelarik: kristau-ikasbide elebidunak, debozio-liburuak, hagiografiak, klasiko espiritualen itzulpenak…

Testuinguru horretan, Silvain Pouvreauk itzultzaile- eta moldatzaile-lanak egin zituen eta hainbat liburu katoliko euskaraz argitaratu. Honako hiru liburu erlijioso-didaktikoak itzuli eta moldatu zituen: Guiristinoaren dotrina (Pariseko Jean Roger editorearen etxean 1656an argitaratua; Richelieu frantses kardinalak 1621an Poitiersen kaleratutako Instruction du Chretien lanaren itzulpena da); San Frances de Sales Genevaco Ipizpicuaren Philotea eta chapeletaren Andre Dana Mariaren ohoretan devocionerequin erraiteco Antcea (1664an Parisko Claude Audineten etxean argitaratua, San Frantses Saleskoaren Introduction à la vie dévote –Lyon, 1608– lanaren moldaketa da); Gudu espirituala, il padre don Lorenzo Scupoli chierico regolare Teatinoac Italienez eguina (1665ean Parisko Claude Audineten etxean argitaratua, eta Lorenzo Scúpolik 1589an Venezian argitaratutako Combattimento spirituale lanaren moldaketa).

Thomas Kempisen De imitatione Christi liburua ere itzuli eta egokitu zuen Pouvreauk, baina, ez zuen XVII. mendean argitaratu. De imitatione Christi-k XVI. mendeko espiritualtasunean hedapen eta eragin handia izan zuen, liburu katoliko argitaratuenetarikoa izan zelako. Hortaz, Silvain Pouvreauren egitasmoa klasiko espiritual baten itzulpena dugu. Trentoko Kontzilioaz (1545-1563) geroztik, ondo bizitzeko eta ondo hiltzeko helburua zuten liburu aszetikoek hedapen handia izan zuten. Ars Moriendi (Hiltzeko Arteak) delako tradizio horretatik edan zuen XVI. eta XVII. mendeko prosa aszetikoak (Aldekoa, 2008; 67-68). De imitatione Christi moldatzerakoan Pouvreauk Ars Moriendi-en tradiziotik edan bazuen ere, Iesuen imitacionea moldaketaren prosa bizitasun eskasekoa eta balio estilistiko eskasekoa dela adierazi izan dute kritikariek (Salaberri, 2002, 85).

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia. [euskaraz, 2008: Euskal literaturaren historia. Erein. Donostia]

MITXELENA, Koldo (1988): Historia de la literatura vasca. Minotauro. Madril.

SALABERRI, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Elkar. Donostia.

URKIZU, Patri (koord) (2000): Historia de la literatura vasca. Uned. Madril.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus