Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

LUR BAT ZURE MINARI (1995)

Jose Luis Otamendi
Ibon Egaña

Lehen lau poema liburuetan lirikotasuna ardatz zuen ahots propioa garatu ostean, adierazpideen gardentasuna eta sentimenduen biluztasuna ezaugarri zituena, etena eta aurrerapausoa ekarri zuen Jose Luis Otamendiren (Azpeitia 1959) ibilbide poetikoan Lur bat zure minari (Susa, 1995) bildumak, hala formalki, nola tematikari dagokienez.

Egunsenti biluzia (1980), Azken undinaren kaira (1983), Zainetan murrailak (1987) eta Poza eta gero (1990) lanetan, ni-aren eta zu-aren arteko sentimenduen gatazka eta maitasunaren bilaketa ardatz zuen poetika garatu zuen Otamendik, tonu intimo eta sotilez mintzo zen ahotsa, izadiko metaforetatik bezala surrealismotik edaten zuena. Euskal poesiaren esparruan bakana den bide poetiko horren gailurra jo ondoren, bestelako poesia bateranzko urratsak egin zituen azpeitiarrak Poza eta gero trantsizioko poema-liburuan, nahiz eta hizkuntza poetikoaren berrikuntza eta etena Lur bat zure minari bilduman gauzatu zen: ni-aren eta zu-aren arteko maitasun-gatazkek mugatutako esparrua agortutzat jota, Otamendiren ni poetikoak kolektibitaterantz zabaldu zituen ateak, zu-tik zuek-era jauzi eginda.

Poetika berri baten bila egindako ahaleginaren emaitza da Lur bat zure minari lana, eta bertan lirikotasunak eta niaren eta zuaren arteko maitasun dialektikak pisua badu ere, ordura arteko lanetan ez bezala, dimentsio sozialak eta politikoak indarra hartzen dute azpeitiarraren poesian. Maitasunak, desamodioak eta sentimenduek dagoeneko testuinguru zehatz eta bortitz batean dute lekua, lur jakin batean. Izan ere, lurra eta harekin nahiz geologiarekin lotutako eremu semantiko aberatsak poema-liburuaren ardatza osatzen du, eta bildumari batasuna eta trinkotasuna ematen. Halaber, esparru semantiko horiek poemaz poema hainbat dialektika plazaratzeko baliagarri zaizkio idazleari: atzerria eta aberria, absentzia eta presentzia, kanpoa eta barrua, lurrazala eta lurpea… Lurrak, finean, ispilu funtzioa betetzen du, kolektibitatearen ahotsa eta ahots intimoa lotzen eta islatzen dituen ispiluarena. “Urria” poeman, liburu osoa hartzen duen elkarrizketa sintetizatzen da: maitasunaren eta hemen izatearen gaitzaren, nongotasunarenaren artekoa:

Hemen maite banauzu hemen behar dugu

Abiapuntua aldatuko dut bertora heltzeko

–Besarkada batean batu litekeen lurra

Gizon-emakume bi adore berritu ezinari lotuak

Arbolak jitoa jagoten gorputz bat abantean–

(…)

Hemen maite nauzulako bizi gara

Joango ez garelako maite iruzurtu ezinezko orainean. (45-46)

Lurraren inguruko eremu semantiko adierazkorrarekin batera, mina da liburua alderik alde zeharkatzen duen sentimendu ardatza. Maiteminak aurreko poema-liburuetan zuen protagonismoa minak hartzen du oraingoan. Min hori ere, lurraren adiera polisemikoa bezala, jatorri anitzekoa da, egileak aitortu izan duenaren arabera: batetik, norbere historia pertsonaletik datorren mina ageri da, eta, bestetik, historia sozialaren eta politikoaren ondoriozko mina. Maitasunaren ezina, amodioaren amaiera, bakardadea eta hutsunearen mina, batetik, eta herritartasun ukatu baten mina, inongo izan beharraren kondenaren mina, bestetik:

Maite zaitudala badiot min eman nahi dizut

Iritsi garela dirudi hilkintza laster amaituko da

Arrotz egingo zaigu etxea eta maite dudanaz idatziko dut orduan

Kale honen beste aldean zer dago

Zuk eta nik ez dugu berdin sufritzen

Nigandik urrun lehertu dira zure zainak zugandik urrun maiztu nire adiskidantzak

Tartean basamortuak dagoz demokraziak dagoz herri kisuztatuak… (58)

Bi ataletan banatuta dago poema-liburua: Polderrak eta Almitza. Izan bada garapenik lehenetik bigarrenera: Polderrak izenekoan maitearekin egiten da elkarrizketa, eta lur eremu garratzari maitasunak esparruak irabazteko egindako ahalegina islatzen da; bigarrenean, baina, minak, saminak goia jotzen du elkarrizketa horretan, testuinguru garratzak garrantzia hartu ahala, eta, hartara, biolentziarekin lotutako hiztegiak (arma, fusila, bala…) pisua hartzen du, heriotzak eta saminak agintzen duten espazio bat irudikatuz:

Nire maitetasuna menia bada zurea ultimatuma

Ez daukagula akordua baino arma azkarragorik

Eta zahartzen ari garela diot lagunari

Nahi baino hildako gehiago nahi adina hilda ez… (60)

Maitasunaz ari denean bezala, bestalde, kolektibitateaz ari denean ere jarrera anbibalenteaz dihardu poetak, pertenentziaren eta indibidualtasunaren artean, nitasunaren eta gutasunaren artean, taldekoa izan nahiaren eta bakardadera kondenatua izatearen artean. Pertentzia nahia lehenengo ataletik azaleratzen da, modu aski esplizituan eta kontraesankorrean agertu ere: “Nik ere esanen dizuet galtzerdiz bozatu dizkizuetela zangoak / zuek zaretela gure ur bazter galaraziak / zuei apartenitzeko ari garela nazioartekotza eztabaidatzen”, “hil egingo zintuzketet baina zeuekin bizi naiz”.

Irakurle inplizituaren kolektibizaziora jotzen du halaber Otamendik, liburuaren bigarren atalean batik bat, eta, hartara, iruditeria kolektiboarenak liratekeen mitoak, espazioak, pertsonaien erreferentziak kausitzen ditugu testuan: Le Muret, Lugo, Urkiagatar Estepan, Sid Vicious, Susana Arregi. Aberriagatik hildakoak, fusilatuak, gazterik hilak. Erreferente horiekin, nahiz gutasunaren gainean eraikitzen duen diskurtso etsiarekin, proiektu kolektiboaren porrotaren testigantza jasotzen du egileak, gutasunaren gainbeherarena, belaunaldi baten derrotarena. Gerraren semantikak ez darama poeta, epikara edo poesia sozialera, ezpada derrotaren estetizaziora:

Eta esango duzue “mende hartu ditugu,

Amaitu da belaunaldi hori,

Hilak defenditzearren idazten zuten barren”

Eta zerraldoen talaietatik begiztatuko dugu bailara ketan

Eta ezerbage –min erre bategaz–

Suari emandako gure etxeetarantz jaitsiko gara. (55)

Espresionismoa aipatu du kritikak Otamendik lan honetan garatutako poesia moldea deskribatzerakoan; espresionismo “garratza” Koldo Izagirreren hitzetan (Izagirre, 2000). Izan ere, Otamendik sortutako geografia eta lurraren inguruko iruditeria poetaren ni-aren barne-egoeraren eta sentimenduen adierazpide dira, (maite)minaren eta sufrimenduaren kanporanzko proiekzio. Irudi bortitz, garratzetan oinarritzen dira Otamendiren poemok, eta edertasuna bainoago niaren proiekzio den desosegua bilatzen dute, larridura eta urgentzia eragitea, alegia. Irudiak, gainera, elementu diskurtsiboekin eta dialektikoekin, gogoetarekin, tartekatzen dira, eta kontzeptu abstraktuak ere barneratzen dira. Irudiak eta ideiak, sinboloak eta elementu kontzeptualak elkarren ondoan, justaposizioan, kokatzen ditu Otamendik, batetik besterako jauzi bortitzak eginez:

Zuk esanda dakit banaizena

Ibaiak ur-hesiak ditu bazterretan

Urkiagatar Estepan, Sid Vicious, Susana Arregi ezagutzeko zabalik dagozan leihoak

Bertatik ikus gaitzakete hondar zakuz ezponda berritzen

Mugalari jazartuak gordetzeko ginoan

Iristen da ez deirik ez txostenik ez den unea

Lurra dorre bat bezala eraikitzekoa

Jendeak nora doan badakiena minaren bihotzera landatuak bagina legez (65)

Hala ere, Lur bat zure minari liburuan etekin estilistiko handienetakoa ateratzen zaion baliabidea paradoxa da; ustezko aurkaritzan diren hitz eta kontzeptuekin egindako jolasa etengabea da liburuan; egilea ebidentziatik eta diskurtso logiko eta unibokoetatik aldentzen da: “Ez dakit bakeak zenbat mendez galarazi digun/ elkar maitatzea”, “traidore eta seme kuttun izendatuko ninduketen”. Izan ere, kontraesana, paradoxa, Otamendiren liburu honen sorburuan bertan dago, kontzeptu antagonikoen inguruan osatzen baita liburuaren ardatz tematikoa bera: aberria eta atzerria, mina eta maitemina, gerra eta bakea, amodioa eta gorrotoa…

BIBLIOGRAFIA

ARANBARRI, Iñigo (1998): “Azken lirikoa”. Jose Luis Otamendi, Bakarrik bahago neguan. Pamiela. Iruñea.

IZAGIRRE, Koldo (2000): XX mendeko Poesia Kaierak: Jose Luis Otamendi. Susa. Zarautz.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus