Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

BABILONIA (1989)

Joan Mari Irigoien
Lourdes Otaegi

Joan Mari Irigoien idazleak hamabost urte zeramatzan euskal literaturan Babilonia (1989) argitaratu zuenean. Irun Saria irabazi zuen 1974an Hutsatik esperantzara (1975) poema-liburuaz. Harrez gero, beste bi poesia liburu ere argitaratu ditu (Denborak ez du nora, 1991; eta Hautsa eta maitemina, 1998), baina Joan Mari Irigoieni euskal letren munduan izena eman dion generoa nobelagintza izan da, nahiz eta kritiko gehienek esaten duten bere narratibak hizkera poetikoaren ezaugarriak beregan itsatsiak dituela. Hiru eleberri zituen argitaratuak, Oilarraren promesa (1976), Poliedroaren hostoak (1980) eta Udazkenaren balkoitik (1986), kritiko guztien iritziz, lehen aro horretako obrarik borobilena eta helduena den Babilonia 1989an argitara eman zuenean.

Babilonia nobelari garaiko iruzkingileek nahiz irakurleek ongietorri beroa egin zioten: sasoi beteko nobelagile baten fruitutzat onartu zuten, oro har, zenbait urtetako langintza saiatuaren emaitza umotzat. Idazleak berak ere aurreko lanen sintesia zela zeritzon: “Projektu honetan aurreko liburuetan jasotako esperientziaz baliatu nahi nuen, sintesi liburu bat egiteko: Oilarraren promesatik, eta batez ere Poliedroaren hostoaketik, hizkera poetikoan landutako mundu mitiko-magiko haiek berreskuratu nahi nituen; Udazkenaren balkoitiketik, tonu errealista. (Hegats, 248 or.)

M. J. Olaziregik liburuaren arrakastaren baieztapenari sarien, argitalpen ugarien eta irakurleen atxikimenduari buruzko datuak eransten dizkio: “Irigoienen Babilonia (Elkar, 1989) [itz.: Babilonia, Acento, 1999], autorearen ezagunena eta maitatuena da. Horren froga dira orain arte izandako hamahiru edizioak eta saldutako 30.000tik gora euskarazko aleak. Hau gutxi balitz, euskal gazteek beren nobela kuttuntzat hartu zuten Atxaga, Follet, King, Allende eta beste zenbait idazleren lanekin batera (M. J. Olaziregi, 1998, 109). Kritika Saria irabazi zuen 1989an, eta Euskadi Saria 1990ean. Harkaitz Cano idazleak irratirako nobela gisara egokitu zuen 2000. urtean.” (Eleberriaren historia, 2002, 149)

Irigoienen eleberrigintzak hastapenetik nabarmenaraziriko ildo beretik jotzen du liburuak, hots, Hego Ameriketan ezagututako eta 1970eko hamarkadan hain garapen handia izan zuen errealismo magikoaren bidetik. Jakina denez, errealismo magikoa, V. Pietri venezuelarrak hartu zuen formulazioa Ameriketako nobelagintzaren XX mendearen bigarren zatiko joera berezi bat izendatzeko. Errealismo mota horrek errealismo berria sortzeko helburua zuen: errealitatearen osteko alderdi harrigarri eta misteriotsuak iragartzea. Talde honetako idazle ezagunenak M.A. Asturias, A. Carpentier, J.L. Borges, J. Rulfo, J. Cortazar eta, bereziki, G. Garc├şa M├írquez dira (Cien a├▒os de soledaden egile(1967) eta Nobel saria 1982an)

Errealismo magikoak arrazionalismoa gainditu nahi du, eta errealitatea obserbazioz, logikaz eta kontzientziaren arrazonamenduz soilik ikusteko joera alde batera utzi. Surrealistekin bat dator ametsa eta inkontzientearen bidez beste errealitate bat (harrigarria, fantasiakoa) hausnartu ahal dela esaten. Errealitatea ikusteko modu hori Ameriketako antzinako kulturetan aurkitu zuten, eta saiatzen ziren abangoardia eta aho literatura biltzen, literatura berria sortuz. M.A. Asturiasek, A. Carpentierrek, J. Cortazarrek, Borgesek, Arguedas eta Rulfok ere erreala eta harrigarria, liluragarria eta magia txirikordatu zituzten euren narrazioetan.  Halere, G. Garc├şa M├írquez izan zen mugimenduaren eredu nagusia, 1960tik aurrera Macondoko geografia imaginarioan errealismo harrigarriaren arketipoa sortu baitzuen, egunerokoa eta magia era batera bilduz.

Ildo honetan, Irigoienek bereziki azpimarratu zuen nobela honetan harturiko ikuspuntu “liluragarria” edo magikoa: “Nobela hau idazteko primeran etorri zitzaidan amak kontatutako pasarte hau: bera umea zen anartean, eta ilunabar batean argi batzuk azaldu zitzaizkion ustekabean, soinu ikaragarri batekin; ama zeharo izutu zuen hura Anbotoko se├▒oria zela itsu sinetsiz; gero zer izango hura, eta berak ikusitako lehen automobila…! Nik amaren umetango ikuspuntu hura berreskuratu behar nuen, zerbait liluragarria egitekotan.” (Hegats 249 or.) 

Gaia hautatzerakoan funtsean euskal arimaren trataera literarioa egin nahi zuela aitortu zuen: “… antropologoak eta, euskal arimaren interpretazio bat egiten saiatu izan dituk, eta nik pentsatu nian literaturan egin gabe zegoela” (Argia,  50 or.) Nobelaren zutabe garrantzitsua da, beraz, ikuspuntu magiko hori, herri tradizioko ipuinetako ekarpena itsastea fikzioan eraikitako errealitatean.

Argumentua honela labur daiteke: eleberrian Babilonia izeneko baserriaren eta bertako familiaren historia kontatzen da. Bi anaia biki (Trinido eta Feliziano Garayalde) dira pertsonaia nagusiak eta elkarren arerio dira bizitza osoan zehar, sortzetik beretik. Txikitan elkar gorrotatzen dute, gero emakume beraz (Margariz) maitemintzen dira eta bi bando politiko aurkajarrietan (karlista eta liberaletan) borrokatzen dute.

M. J. Olaziregik (2002, 149 or.) maitasun hirukote horren inguruan dauden beste emakumezko pertsonaien garrantzia azpimarratu du, bereziki “amona Roxali, euskal mundu ez arrazional eta mitikoaren iraunarazle dena”.

Landa giroko nobela da Babilonia eta baserri horixe da ardatza, baina garai historiko jakin batean kokatzen da XIX. mendeko karlistaldietan eta, esan bezala, euskal kulturaz zenbait antropologok egindako interpretazioak itsatsi nahi izan ditu testuinguru horretan. Idazlearen beraren hitzetan esanik: “Sorginen erreferentzia eta mundu magikoa kontrajarri diat kristautasunarekin. Bi mundu ikuskera ezberdin baina mundu bakarrean elkarrekin nahasian bezala daudenak. ( ) Baserriko kontuak azaltzen dituk. Baina ez nian mundu erruralaren nolakoa kontatu nahi. Mundu ikuskera magikoa interesatzen zitzaidan. Nere bizitza partikularrean ere gero eta gehiago interesatzen zaidak bizitzea modu poetiko batean. Nobelan planu poetiko hori errekuperatu nahi nian, eta ez murgildu baserri giroko nobela klasikoan”(Argia, 50 or.)

Joan Mari Irigoieni baserri giroko mundu horretako ikuskera magikoa interesatzen zaio bereziki, liburuaren hitzaurrean R. M┬¬ Azkueren Euskalerriaren Yakintza, J. M. Barandiaranen Mitolog├şa Vasca eta Mikel Azurmendiren Euskal nortasunaren animaliak aipatzen ditu: “Gero eta konbentzituago nagok mito horiek, nahiz eta egiazkoak ez izan, egia direla. Egia direla barruko behar bati erantzuten diotelako. (…) pentsatu nian garaia zela gure mundu-ikuskera paganoa azaltzeko eta bizitza emateko. Hemengo mitoak geureganatzea inportantea dela iruditzen zaidak” (Argia, 51 or.). Elkarrizketan aditzera ematen duenez, nahiz nobela honetan, nahiz Poliedroaren hostoak nobelan, berak bere haurtzaroan ezagutu zuen sorterriko bizimodua eta mundu-ikuskera islatzea du helburutzat.

Gorka Arresek eginiko elkarrizketak (“Joan Mari Irigoien: Gure mundu mitikoa nobelatzen saiatu nauk, magia poetikoa” in Argia, 1989-XII-17), nobela honi buruz idazleak eskainiriko datu gehiago ematen ditu ezagutzera. Lehen lehenik, nobelaren edukiei buruzko datuak biltzen ditu: giroak, protagonistak, mundu ikusketak, bigarren zati batean aldiz nobelaren alderdi teknikoak multzokatzen dira. Ondorioz, nabarmen da nobela honetan bildu dituela Joan Mari Irigoienek aurreko nobeletan igarri zaizkion zenbait tematika: alde batetik, baserri giroko nobela idatzi nahi izan duela esan zuen eta ironiaz erantzuten zuen horrek ez ziola modernotasunik kentzen, “modernoak izateko nobela urbanoa idatzi behar omen dugu…” Hegats, 245 or. ). Bigarrenik, “Karlistaden arteko sasoi hura ere harrapatu nahi nian.” (Argia, 1989-XII-17, 50 or.) dio elkarrizketa horretan bertan Poliedroaren  hostoak delakoan jadanik heldua zion gaiari berriro ekinez. Babilonian ordea, hasiera hasieratik parez pare gertatuko dira bi alderdiak etxe bereko seme biki diren pertsonaiengan errotzen duelarik liberalismoa eta karlismoa. Joan Mari Irigoienek Babilonia baserrian finkatu du Poliedroaren hostoak nobelan jadanik adierazia zuen mundu ikuskera: aurkakoen borrokaren fruitu dela bizia.

Egiturari eta narratzaileei dagokienez, nobela hau azaltzeko saioa egin zuen egileak berak: “egitura eman nahi izan nion, sendoa, itxia, biribila. Horretarako, hiru pertsonak tartekatzea bururatu zitzaidan, zirkunferentzia osatzen zuten 120┬║tako hiru arku bailiran. Lehenengo pertsonan baserriko seme batek bere abenturak eta desbenturak kontatuko zituen; Mari, euskal mitologiaren pertsonaia ezaguna, bigarren pertsonaz baliatuko zen beste munduan sartu berriko etxekoandrearen bizitza berreraikitzeko; eta hirugarren pertsonan, idazle orojakile batek aurrekoek utzitako hutsuneak beteko zituen.” (Nire idatz esperientziatik” Hegats, IV, 1991, 248 or.)

Estilo aldetik, autoreak 1991ko Hegats aldizkariak argitaraturiko hitzaldian estilo barrokoaren defentsa egiten du sutsuki, eta euskal idazleen artean Txomin Agirreren estiloari deritzola berak barrokoa: “Txomin Agirreri gauzak borobiltzea gustatzen zaio, berdintasunak bata bestearen atzetik mara-mara jaulkitzea, gauzei alde guztietatik, goitik eta behetik, ezker-eskubitik begiratzea. Esaldi luzeak egingo ditu, aliterazioak, onomatopeiak, anaforak, gonbaraketak, e.a. maisuki erabiltzen ditu. “Bere prosa kargatuxea da gaurko idazmoldetarako”. Baina ni ez nago ados horrekin ()…aitortu nahi dut bidea ez dela bakarra eta Txomin Agirreren prosa oinarritzat har daitekeela prosa barroko bat eraikitzeko. Norbaitek esan lezake euskaldunen esentzia grisa dela, eta nik esango dut baietz, batzurena bakarrik, ordea… eta urrutira joan gabe, gure harri-jasotzaileen gehiegikeriak eta idi-demak barrokoak iruditzen zaizkidala… eta zer esanik ez gure mutilzaharren tripa oparo gilbortsu horiek… eta barrokoa erreibindikatzen dudala beste bideen gainetik, baina bide bat gehiago bezala. () Kargatuxegia omen da Txomin Agirre gaurko idazmoldetarako. Orduan Lezama Lima batek -euskal jatorriko idazle horrek-, edo Alejo Carpentier-ek ez ote dute idatzi gaurko idazmoldeetan?” (Hegats, 245 or.)

Egileak eginiko adierazpen hauek azaldu ondoren, argitaratu zen garaiko zenbait iruzkin aipa litezke.  Joxean Mu├▒ozek (Habe, 1990, 169. alea) iruzkin labur bat aurkeztu zuen Babiloniaz eta Babilonia baserriko mundu-zirkuluaren erabateko itxitasuna aipatu zuen: “Garayaldetarren galera gertatzen da, betidanik den dena ardatz bakarraren inguruan eraturik dagoelarik, etxearen inguruaren antolatzen diren lur, izadi, izaki, jokabide, aukera eta borondate guztiak biltzen dituelako. Mundu-ikuskera horretan hilen eta bizien arteko etenik ez dago, iraganak eta etorkizunak hausturarik gabe dirau kate bakar batean loturik. Garaialdetarren galera ardatz bakar hori bitan pitzatzen denean gertatzen da”.

Josu Landak idatziriko iruzkinean (Argia, 1990-III-3), Juan Mari Irigoienen laugarren nobela hau heldutasun-aro bati dagokiola esaten du: “Ibiliaren ibiliz findutako estilo hori heldutasun moduko batera iritsi da Babilonia honekin”. (63 or.). Josu Landaren ustez, nobela honetan karlismoaren gaiak nahiz baserri giroak eszenario edo giro bat besterik ez dira nobela honetan, funtsezkoa “Garayalde familiyaren galera” dela baieztatzen du, eta historia kontatzeko erak funtsezko erreferentzia duela bertso-paper zaharretan kontatu ohi ziren historioetan: “Ederki barneratu du Irigoienek bertsolari zaharren estiloa, nobela idazteko haien kronikagile izaera bitxia bereganatu bide du, eta errekurtsu asko eta asko bertsopaper zaharretatik hartuak iruditu zaizkigu” (63 or.) Zehazkiago, Kaxiano pertsonaiari dagokio estilo horretan jardutea: “Margarirena tonu magiko-mitologikoan mintzo da, Kaxianok prosazko bertsolari kronistarena egiten du, eta biek utzitako hutsuneak betetzeko beste narradore guztiz klasikoa dugu” (63 or.)

Harira dator beraz, gogoratzea egileak euskalkiak baliatu zituela erregistro-├▒abardura horiek sortzerakoan: “hirugarren pertsonan eginiko kontaketa euskara batu nolabait estandarizatuaz baliatu da, baina bizkaierazko ukitu batzuez; lehen pertsonakoa aldiz, gipuzkera kolorez; eta bigarren pertsonan narraturikoa, berriz, nafarrera doinu zenbaitez” (Argia, 1989-XII-1751 or.)

Bai Gorka Arresek (Argia, 1989-XII-17) eta bai Josu Landak (“Hondamendi baten irakurketa mitologikoa” in Argia, 1990-III-3, 63 or) nobelan islatzen den liberalen eta karlisten ideologiaren kontrasteaz gain, zera azpimarratzen dute, “Babiloniako orrialdeetan barrena, kristau erlijioko eta Bibliako erreferentzien aldamenean paganismo eta mitologiazkoak” aurrez aurre topatuko dituela irakurleak (Arrese, Argia, 1989-XII-17, 50 or.). Josu Landak, berriz, zera eransten du erreferentzia horiek direla eta: “Garai hartako euskaldun baserritarren gogoa islatzeko erreferentzia horietara jotzea ezinbestekoa izan daiteke, eta horregatik beharbada sarritan moralismoaren ertzetan dabilen estilo zaharkitu baten jabe ageri zaigu Irigoien nobela honetan” (63 or.) Egiturari dagokionez, Josu Landaren iruzkinak egitura borobila lortu duela esaten du, “Filologia Fakultatetetako ikerketa semiologikoetarako primerako nobela” dela esaten du ironikoki, nobelaren egituratze nabariegia aditzera emanez, agian.

Landaren ustez, nobelan dagoen sinbologia nagusia lurra, baserria eta familiaren zortearen funtsezko batasuna litzateke, baten gainbeherak besteena dakar eta honetan funtsean bat dator osoki aurretik aipaturiko Joxean Mu├▒ozen iritziarekin.

Urteak joan ahala, eta XX. mendeko gerraosteko nobelagintzari begirada kritikoa eskaini nahiz, zenbait egilek aintzat hartu dute Irigoienen eleberri honen ekarpena, eta balorazio orokorra egin dute euskal literaturaren testuinguruan kokatuz. I├▒aki Aldekoak Babilonia eleberrian islatzen den mundu-ikuskeraren kritika egiten du, hain justu ere, egileak argitaratu zen unean arbuiaturiko irakurketa eginez eta Landak aipaturiko iruzkinean iragarritako “moralismoaren ertzetan dabilen estilo zaharkitu”aren kutsu arriskutsuari erreparatuz: “Beste lurraldeetan XIX mendean zehar garbitu ziren kontu zahar horiekin (tradizionalismoa, baserria euskal komunitate sakratuaren eredu…) bueltaka jardun du euskal literaturak gaur egun arte. Auzi hori ia endemikoa bihurtu zaio euskal literaturari eta gutxien uste duzunean ihes egiten dio narratzailearen super-egoari, esate baterako, J. M. Irigoienen Babilonia nobelaren narratzaile orojakileari. Ikuspegi hori hor dago bizi-bizirik” (Mendebaldea eta narraziogintza, 1998, 13 or.)

Bestalde, pertsonaien eraketa psikologikoaren soiltasuna salatzen du bereziki Aldekoak, bai liburu honetan eta bai aurrekoetan, aldaketa gogorreko egoeretan suertatzen diren arren, XIX mendeko iruditerira jotzen duelako Irigoienek: “historikoki Modernitatearen danbatekoak sufritu badituzte ere, existentzialki ez dute aditzera ematen bizi duten gatazkaren neurririk. Alderantziz xaloak dira oso, txistezale eta errefrauzale, eta abar. Pertsonaia errealik ez dago, eskematikoegiak dira, abstrakzio hutsak”( Mendebaldea eta narraziogintza, 45-46). Pertsonaien sakontasun-ezaren eta benetako hausnarketa falta horri mundu ikuskera soilegia, eskematikoegia, “manikeoa” egozten dio Aldekoak: “Erabat planteamendu manikeo batean dago garatuta nobela: Bi anaia biki bata baserriaren alde eta bestea aurka; bata gizalegearen eta tradizioaren ildotik, bestea tradizioaren gizalegetik kanpo; bata Bedania (baserri giroa), bestea Itzurun (kalea), batek zaldi txuria eta besteak beltza, bata karlista eta bestea liberala…() Txomin Agirre bera ere ez zen gehiegi aldenduko ohitura generoko planteamendu horretatik. Bien arteko aldea beste nonbaitetik dator, Hego Amerikako literaturaren  igurtzitik”.( Mendebaldea eta narraziogintza, 43)

Jon Kortazarrek, berriz, Babilonia Irigoienen aurreko liburu historikoen esparru berean kokatzen du (Euskal literatura XX. Mendean, 2000) eta tonu lirikoaren eta egituraren lanketa zorrotzaren arteko ezkontza ez dela erabat egokia iradokitzen du: “Irigoienen eleberrien tonua lirikoa izan ohi da, iraganarekiko nostalgiazkoa, batzuetan idiliozkoa, eta bere haurtzaroko paisaian modernotasunak izan duen eraginak sortzen dion samindura erakusten duena. Halere tonu liriko hori hain egituratuak diren lan simetrikoetan baliatu izanak testuei freskotasuna kentzen die nire iritziz”( 239-240 or.).

Harrera kritikoari eskainiriko gain-begirada hau amaitzeko, Mari Jose Olaziregik aipagarritzat jo du (2002, 150), eleberri honetan egileak lortu duen formula narratiboaren arrakasta, idazle-langintza umotuaren fruitu dena. Olaziregiren iritziz, Poliedroaren hostoak hartan kontatutakoaren haritik, lan honek “beste hark baino hobeto nobelatzen du Euskal Herriko mundu mitikoa.” (2002, 149 or.):

“Baina nobela horren ongi egituratuta eta planteatuta egotea da benetan nabarmentzekoa. Babilonia, kritikariren batek abertzaletasunaren egungo egoeraren alegoriatzat hartu izan duena, hiru plano narratibotan dago egituratuta, eta haietako bakoitzak badu bere narratzaile propio eta estilo berezia. Poliedroaren hostoaken bezalaxe, narratzaile ezezagun batek eskuizkribu bat aurkitu eta bertan kontatzen den istorioa narratzen du. Eskuizkribuaren narratzailea Garayaldetarren anaia gazteena da, Kaxiano, eta hark kontatzen ditu, lehen pertsonan, Babiloniako gertakizunak, baserria hondamendira eraman zutenak. Narratzaile taldea hirugarren plano narratiboarekin osatzen da, elezaharretako Mari jainkosak bigarren pertsonan kontatuta datorren mitiko-poetikoenarekin. Margari, Trinidoren emaztea, da euskal mitologiako jainkosa horren testuaren hartzailea. Babilonia ahots kontzertu polifonikoa da eta hasieratik harrapatzen du irakurlea bere musikaltasunagatik eta hariaren dramatismoagatik. Horri gaineratzen badiogu plano bakoitzaren oinarrian dagoen dokumentazio sendoa (gertakizunen garaiko erreferentzien artean sartzen dira, besteak beste, gerra karlisten edo trenbidearen eraikuntza eta beste zenbait gertakizunen gaineko iruzkinak), ulergarria da nobelak hain harrera ona eduki izana.”

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, I├▒aki (1998):  Mendebaldea eta narraziogintza. Erein. 40-47 or.

ARRESE, G. (1989):  “Joan Mari Irigoien: Gure mundu mitikoa nobelatzen saiatu nauk, magia poetikoa” in Argia. 1989-XII-17. 50-51 or.

IRIGOIEN, Juan Mari (1991):  “Nire idatz-esperientziatik” in Hegats. IV. 239-256 or.

KORTAZAR,  Jon (2000): Euskal literatura XX. Mendean. Prames. Zaragoza. 239-240 or..

LANDA, Josu (1990):  “Hondamendi baten irakurketa mitologikoa” in Argia 1990-III-3. 63 or.

LASAGABASTER, J. M., GANDIAGA, J. BARRIOLA, ATXAGA,B.,  BORDA, I.; IRIGOIEN, J. M. (1991):  “Gaurko literatura” Mahai-ingurua in Hegats.  IV alea. 257-266 or.

LERTXUNDI, Anjel (1976):  “Juan Mari Irigoien: Oilarrak eta promesak(1) in Argia 1976-III-21. 31 or. eta “Juan Mari Irigoien: Oilarrak eta promesak (II) in Argia 1976-III-28. 28 or.

MU├ĹOZ, Joxean (1990): “Babilonia” in Habe.  169 zb. 20 or.

OLAZIREGI, Maria Jose (2002):  Euskal eleberriaren historia. Labayru-Amorebieta-Etxanoko Udala. Bilbo.

URIA, I.; BASTIDA, L. (1980): “Juan M┬¬ Irigoien poliedroak kraskatzen” in Argia 1980-XII-28. 17 or.

URIA, I├▒aki (1981):  “Joan Mari Irigoien” in Susa. VI. alea. 29-43 or.

URIA, I├▒aki (1986): “Juan Mari Irigoien: Nazionalista espa├▒olak euskaldunak baino kontsekuenteagoak dira” in Argia. 1986-XII-28. 43-47 or.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus