Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

DIHARCE, JEAN MARIE – “XABIER IRATZEDER”

(Donibane Lohitzune, 1920 - Beloke, 2008)
Eneko Zuloaga

Jean Marie Diharce “Iratzeder” Donibane Lohitzunen jaio zen 1920ko urtarrilaren 4an. Oinarrizko ikasketak sorterrian bertan eta Uztaritzen egin zituen 1933ra arte. Hamaika urte zituela aitari eliz gizon izan nahi zuela adierazi zion Iratzederrek, eta hark horretarako euskara hobetu beharko zuela ulertarazi zion. Egun hartan bertan hasi omen zen donibandarra egiteko horretan, etxean aurkitutako Jean Barbier-en Piarres eleberria hartuta.

Sorterritik Uztaritzera abiatu zen erlijio-ikasketak hastera, eta bertan Piarres Laffitte ezagutu zuen, ordutik aurrera bide-lagun izango zuena. Laffittek berak Frantzisko Laphitz-en Bi saindu hescualdunen bizia lana eman zion, eta Iratzederrek gogo biziz irakurri eta eskuz kopiatu zuen. 1935ean Atharratzeko Eskualzaleen Biltzarrera joan eta liluraturik gelditu zen han Aitzol, Eizagirre, Monzon eta Oxobi, besteak beste, ikusi ondoren.

Hamazazpi urte zituela, baina, gaixorik hiru-lau hilabete igaro zituen Larresoroko izeko baten etxean, eta denbora-pasa gisa berrehun kanta baino gehiago ikasi omen zituen (Izagirre, 2000). Kantagintzak funtsezko garrantzia eduki zuen ordutik aurrera Iratzederrengan, eta musikaltasuna da, zalantzarik gabe, bere testuetako ezaugarri nagusia. Uztaritzetik Baionako seminariora joan zen, eta handik laster jo zuen Belokera, 1941ean. Bigarren Mundu Gerrak Frantzia astindu zuenean, Iratzederrek zenbait aste igaro zituen Beloketik kanpo, eta anaia bat ere hil zitzaion nazien aurkako gudan. 1945ean apaiztu zen, azkenik.

1963an Ezkila argitaletxea sortu zuen donibandarrak, eta urte hartan bertan euskaltzain oso izendatu zuten, Laffitteren proposamenari jarraiki. Era berean, sasoi hartan Gabriel Lertxundik David erregearen salmoak musikatu nahi zituela eta itzulpenekin arazoak zeuzkala azaldu ondoren, Iratzederrek hartu zuen bere kargu itzulpen-lana, ordutik aurrera goraipatu besterik egin ez dena.

1987an Afrikara joan zen misiolari, baita gustura joan ere; baina hamazazpi hilabeteren buruan itzuli behar izan zuen, gogo txarrez, osasun-arazoak zirela eta. Esperientzia hartan oinarrituta Hamazazpi hilabete Afrikako bihotzean (1991) lana idatzi zuen.

1991n EIZIEko ohorezko kide izendatu zuten, eta 1994an Manuel Lekuona Saria eman zion Eusko Ikaskuntzak. 2008ko urriaren 13an hil zen donibandarra Beloken, 88 urte zituela.

Erlijio- eta antzerki-lanak ere egin zituen arren, Iratzederren literatur ekarpen nagusia poesiari dagokio; izan ere, gazterik idazten hasi zenetik ia zahartzarora arte idatzi zuen, etengabe. Luzea izanagatik, ordea, heterogeneotasuna baino, homogeneotasuna da ibilbide luze horren ezaugarri. Kortazarren hitzei jarraikiz, egilearen produkzio luzearen baitan nabarmentzekoak dira Pindar eta lanho (1938 eta 1941 arteko poemak biltzen dituena, 1947an argitaratua), Argiz-argi (1947 eta 1957 arteko poemak biltzen dituena, 1969an argitaratua) eta Uhaineri nausi (1972). 1983an, bestalde, Biziaren olerkia kaleratu zuen Mensajero argitaletxeak; hots, Iratzederren ibilbide poetiko gehiena (aurretik aipatutako hiru lanak, Zeru-menditik eta Jaunaren hegala bildumak eta hitz lauzko zenbait pasarte autobiografiko) biltzen duen ale mardula.

Jon Kortazarrek ikuspegi bikoitza aldarrikatu zuen Iratzederren poemagintza aztertzerakoan:

batetik, biografian oin harturiko poesia genuke ia-ia, jendearen bizitzako gai arruntak baliatzen dituena, nahiz eta garrantzi bereziko uneak diren ardatz: jaiotza, heriotza, komentuan sartzea eta sinbolismoaren ondorengo olerkari frantsesen “herri xehearen” poemagintza behin eta berriz oroitarazten duten gaiak eta tratabideak; bestetik, ordea, natura begiesteak olerkariaren irudimena birsortzen du, erromantizismo frantsesaren deskribapenezko eta narraziozko poema handiei oso zordun zaien poesia-mota transkribatu ahal izateko bide ematen duten konposizio luzeen bidez. (2003, 184).

Iratzederrek Euskal Herria eta erlijio katolikoa sarri uztartu zituen bere poesietan, eta sarri errepikatzen diren gaiak. Euskal Herriaren historia dela eta, aipagarria da Espainiako Gerra Zibilak Iratzaderren garai jakin bateko poesian izandako eragina. Ipar Euskal Herriko elizaren alderdi handi batek ez zuen ulertu Eusko Jaurlaritzak Espainiako Errepublikarekin bat egitea, eta horrek euskal abertzaleen alde zeuden eliz gizon, irakasle, idazle eta bestelakoei nolabaiteko isolamendua ekarri zien. Horretaz gain, aipatzekoa da gerrako sarraskiek (bonbardaketek, kultur gizonen fusilamenduek, etab.) edukitako eragina, Iratzederrek, besteak beste, “Gernika” poema gogoangarrian saminez erakutsi zuena. Donibandarrak erabilitako bestelako gaiei dagokienez, aipatzekoa da itsasoa sarri ageri dela bere olerkietan.

Iratzederrena poesia tradizionaltzat jo izan da, eta bere obra aztertu dutenek bat egiten dute donibandarraren olerkien lirikarako joera eta musikaltasuna azpimarratzean. Horiekin batera, aipatzekoa da hizkuntza eta hizkera poetikoa lantzeko ahalegina: gerra aurrean Hego Euskal Herrian nagusi zen poeten hizkera garbizalearen aurrean, Iratzederrek oinarritzat Ipar Euskal Herriko hiztun arrunten hizkera hartu eta lantzearen alde egin zuen, gardentasunaren alde eta garbizalekeriaren kontra. Hori ez da, alabaina, Hego Euskal Herriko poeten moldeetatik bereizi zuten ezaugarri bakarra. Kortazarrekin bat (2003, 1984), Iratzederrek literatur eredu frantsesengandik edan zuen, eta Claudel bezalako egileen eragina aurki daiteke, besteak beste.

Donibandarraren testu asko eta asko musikatu egin ziren egilea bizi zelarik. Alde batetik, donibandarraren elizarako kantak aurki daitezke, hainbat tokitako koruek han-hemen baliatutakoak. Beste alde batetik, aldiz, Benito Lertxundi, Pantxoa eta Peio edo Txomin Artola bezalako euskal kantari ezagunek musikatutako olerkiak daude.

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.

IRATZEDER, Xabier (1983): Biziaren olerkia. Mensajero. Bilbo.

IZAGIRRE, Koldo (2000): XX. mendeko poesia kaierak. Susa. Zarautz. Interneten irakur daiteke: http://www.susa-literatura.com/cgi-bin/liburuak.pl?lib=kaie03.

KORTAZAR, Jon (2003): Euskal Literatura XX. mendean. Pramés. Zaragoza. 2. arg.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus