Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

GAMIZ, JUAN BAUTISTA

(Sabando, 1696-Bolonia, 1773)
Eneko Zuloaga

1696ko apirilaren zortzian Arabako ekialdeko Sabando herrixkan jaio zen Juan Bautista Gamiz. Handik hogei bat urtera, baina, Jesusen Lagundiko kide bihurtzeko sorterria utzi eta Valladolidera abiatu zen. Leku eta lanpostu ezberdinetan aritu zen 1720tik aurrera: Coruñan Josulagunen ikastetxeko sukaldari izan zen; handik Valladolidera itzuli eta San Inazio ikastetxeko diruzainaren laguntzaile izendatu zuten. 1728-1730 urte tartean, aitzitik, Euskal Herrira itzuli zen, Iruñeako La Anunciada ikastetxera, diru-kontuen arduradun. Ikastetxe hartan igaro zuen bizitza, harik eta 1767an Espainiako Karlos III erregeak josulagunak kanporatu zituen arte. Gamizek Cartagenan barrena Italiara jo behar izan zuen, beste hainbat kiderekin batera, Gamizek. 1773. urtean hil zen Boloniako Casa Lequio etxean.

Jakin badakigu sabandoarra kultura-gizona zela. Lan eta bizileku izaniko La Anunciada ikastetxean 4000 ale biltzen zituen liburutegia zegoen, eta hil ostean bere logelan 208 liburu aurkitu zituzten. Gaiez denaz bezainbatean, erlijioa, matematikak, historia nahiz literatura obrak zituen bidelagun Gamizek, tartean garaiko euskal autore eta predikari ezagunenenak: Kardaberaz, Mendiburu edo Larramendi –andoaindarren hiztegia, zehazki–, esaterako.

Folkloreari lotutako lan txiki batzuk egin zituen sabandoarrak, hala nola, Nafarroako Tafalla, Zangoza, Gares edo Oteiza herrietan eginiko izengoiti-bilketa. Autorearen literatur obraren karietara, euskaraz eta, batez ere, gaztelaniaz idatzi zuen, baina zalantza handiak daude argitaratzeko baino, ez ote zuen denborapasa huts bezala egin. Euskaraz, orotara 238 lerro idatzi zituen: bi olerki luze, lau labur eta balizko zazpigarren baten izenburua. Denboran zehar ilunpean egoniko obra izan da Gamizena: XIX. mendean Jose Antonio Aranak José Butron Mujika izeneko gizon batenak zirelakoan argitaratu zituen Betolazaren bertsoak, eta ez zen informazio oker horren gaineko zuzenketarik ez benetako autorearen gaineko informazio berririk izan harik eta 1920 eta 1930eko hamarkadetan Joakin Aspiazu, Antonio Pérez, Ignacio Elizalde eta Ion Goikoetxea josulagunek ikerketa berriak egin zituzte arte.

Oro har, literaturaren ikuspegitik, ahul eta apaltzat jo izan dira sabandoarraren testuak. Herri-kantuetatik hurbil, koplen eredura eginak, zenbaitetan irakurri edo, hobeto esanda, kantatzean, zer doinu jarraitu diosku autoreak. Jorratzen dituen gaien artean maitasuna da nagusi, tartean hitz-jokoak eta poesia dekoratiboa ere erabiltzen dituelarik. Baten baino gehiagotan argi ikusten da testuak lehenbizi gaztelaniaz idatzi eta ostean euskarara itzuli zituela. Hori guztia hala, badirudi Gamizen idatziek balio handiagoa daukatela hizkuntzari dagokionez –garai hartako Arabako euskararen testigantza izan ahal diren heinean nahiz orduko predikarien eragina aztertzerakoan– literaturari dagokionean baino.

BIBLIOGRAFIA

GOIKOETXEA, I. (1980): Juan Bautista Gámiz Ruiz de Oteo: poeta bilingüe alavés del siglo XVIII: 1696-1773 / XVIII mendeko arabar euskal-erdal olerkaria: 1696-1773. Arabako Foru Aldundia. Vitoria-Gasteiz.

BIDADOR, J.M.: (1998): “Ixileko olerkari arabar bat gurean: Gamiz Sabandokoaz”. Euskaldunon Egunkaria. 1998-06-05.

ONAINDIA, S. (1972): Euskal literatura I. Etor. Donostia.

SALABERRI, P. (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Euskal Literatura idatzia 1900 arte. Elkar. Donostia.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus