Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

LINAZASORO, KARLOS

(Tolosa, 1962)
Ibon Egaña

Karlos Linazasoro Tolosan jaio zen 1962an eta bertako liburuzaina da 1987tik, Deustuko Unibertsitatean Filologia ikasketak amaitu zituenetik.

Genero askotarikoak (narratiba, poesia, haur-literatura, antzerkia, aforismoa…) landu dituen idazle emankorrenetakoa eta kritikak estimatua da Linazasoro, batik bat poesia eta narrazio laburren eremuan. Linazasororen poesia eta narratiba, baina, idazlearen beraren eskuek eginak izanagatik, gaien, erreferentzien zein adierazpideen aldetik oso bereiz doazen ibilbide luzeko bi ubide nagusi dira. Tolosarraren narrazio laburrek absurdua ustiatzen dute maiz, umore eta (auto)ironia gordinez, mundu-ikuskera etsitua agertzen du, indarkeriak, heriotzak, krudelkeriak eta arrazionaltasun ezak inguratua. Umorera, ironiara jo izan du Linazasoro narratzaileak mundu eta bizitza mingotsaren adierazpideen leungarri. Bestelakoa dira, baina, Linazasoro poetaren hizkuntza literarioa eta gaiak zein bizitzaren eta heriotzaren gaineko gogoetak. Absurdutik, umoretik, esperpentutik urrun, maitasunaren gorazarrea dago poesia horren funtsean, heriotzari aurre egiteko bide bakar gisa, salbazio gisa.

Egilearen beraren hitzetan, ulertzekoa da irakurleen harridura idazleak landutako bi generoen artean dauden diferentziez jabetzean, “neuri ere, askotan, ez baitzait iruditzen nire poemak eta nire ipuinak pertsona berak idatz zitzakeenik. (…)” Alabaina, Linazasorok elkarren osagarri ikusten ditu bere poesia eta narratiba lanak: “oso desberdinak dira tonuz eta idazmoldez eta jaiduraz eta nahi den guztiaz, eta horrexegatik, hain zuzen ere, dira osagarriak.” (Volgako Batelariak, 2006). Edonola ere, funtsean, heriotzak eta denboraren joanak, bizitzaren zentzu-gabeziak sortutako larridura dago dela poesia dela ipuina lantzen duten lanen oinarrian.

Bi generoak bateratsu landu ditu Linazasorok, eta hasi ere bietan hasi zen argitaratzen urte berean, 1991koak baitira Eldarnioak (Erein) narrazio-bilduma eta Udazkeneko karabana erratua (Elkar) poema-liburua. Lehen poema-liburuan aurreratu zituen Linazasoro poetak ondorengo liburuetan mantenduko ziren osagaiak: heriotza eta bakardadea ildo tematiko nagusi gisa, naturaren denbora mitikoa poemen testuinguru tenporaltzat eta natura-erreferentzia eta paisaiak ni poetikoaren kokaleku legez, betiere ni horren barne-egoerak eta bakardadea areagotzeko eta jasotzeko elementu gisa.

Bakardade eta inkomunikazio ia erabatekotik mintzo da ni poetikoa lehenengo poema-liburuan. Baina, Koldo Izagirrek esan izan duenez, “inkomunikazioa haustearen prozesua da Karlos Linazasororen poesia, eta horregatik da, bilduenean ere, ezin humanoagoa.” (Izagirre, 2002). Ni bakartua, beraz, zu-ra hurbilduz doa, eta bakardadea pitzatuz, hurrengo poema-liburuan, trantsiziozkotzat hartu izan den Apunte eta ahanzturak liburuan (Kutxa Fundazioa 1993), zeinak Irun Hiria poesia saria irabazi baitzuen. Maitasuneranzko eta komunikazioranzko irekitzea agerikoagoa da hurrengo poema-bilduman, Euriaren eskuak (Alberdania, 1995) izenekoan. Heriotza eta denboraren joana dira poesiaren motor garrantzitsuenetakoak, baina haiei aurre egin nahian otoitz-tankerako poemak ondu zituen Linazasorok, maitasuna sublimatzen dutenak, denborari aurre egin diezaiokeen eragile bakar gisa. Erritmo aldetik, bertso-lerro laburragoak darabiltza Linazasorok horrakoan, eta trinkoagoa bihurtu da bere poesia.

Eguzkia ateri poema-liburua autoeditatu egin zuen tolosarrak 2001ean, bere poesian gerora emankorra izango zen bide bat zabalduz: haiku gisako testuena. Irudiz hornituriko edizio berezi horren ostean, Inoiz izan ez garenotan (Erein) etorri zen, urtebete geroago. Arnas luzeagoko poesia landu zuen orduan, maitasuna gai nagusi ia bakartzat hartuta. Hasierako liburuetako etsipena arinduta ageri da, maitasuna nolabaiteko eternitatea harrapatzeko gai egiten baitu poetak.

Denbora, maitasuna eta heriotza, Linazasororen gai konstanteak, berriro ageri dira Denbora aleak lanean (Pamiela, 2005); bertan, denboraren gaineko hausnarketak gainerakoei gaina hartzen die, ordea. Lau urte beranduago plazaratutako Etxe hutsean liburuak, bestalde, egilearen bizitzako une jakin bati erantzuten dio: gurasoak hil ostean idatzitakoa da bilduma, gai ia bakartzat heriotza duena. Gurasoen etxera itzultzen da poeta aita-amak hil ostean, eta, heriotzaz hausnartzeaz batera, oroimenak datozkio, ia haurraren begirada berreskuratzen du, eta, hein batean, haurtzaroa ere. Haikuak eta bestelako poesia-moldeak (sonetoak, erromantzeak) baliatzen ditu liburu berezi horretan Linazasorok. Hurrengo poesia liburua, aldiz, osorik osatu zuen haikuz: Hamazazpikotan (Elkar, 2010); maitasunari nahiz existentziari buruzko gogoetak neurri txikian biltzen dituen liburua da. Maitasunari kantuz ari zaio berriro Linazasoro urte bereko Gaur orain da betiko liburuan.

Poesiaren eta saiakeraren arteko bidegurutzean, aforismo liburuak ere plazaratu ditu Linazasorok azken urteotan: Isiltasunaren adabakiak (Pamiela, 2004), Beti eder dena (Erein, 2006) eta Esan gabe doaz (Utriusque Vasconiae, 2009). Irudi poetikoen apunteak, hainbat idazleren aipuak, literaturaren gaineko gogoetak, hausnarketa metafisikoak… askotarikoak dira Linazasororen aforismoen gaiak. Euskarazkoekin batera, gaztelaniazko aforismoak ere batu ditu bere liburuetan tolosarrak. Gaztelaniaz sortutako aforismo liburu bat ere badu argitaratua: Lo que no está escrito (Eclipsados, 2010).

Baina, esan bezala, poesiarekin batera, Linazasororen obraren bigarren sail handia narrazioek osatzen dute. Narratiban, esan liteke bi motatako liburuak argitaratu dituela egileak: ipuin-liburuak, batetik, eta nobela labur hibridoak, bestetik. Ipuin-liburua da Eldarnioak, 1991ko narratiba-lana (Erein), egilearen lehenengoa; bada, izenburutik beretik aurreratzen da Linazasororen ipuinen poetika modukoa: eldarnioak, sukar-ametsak, haluzinazioak dira ipuinetako asko. Errealismotik urrun kokatzen da Linazasororen ipuingintza, absurdutik asko duen fantasiaren esparruan, mundu onirikoen eta surrealisten eremuan. Kafkari asko zor dioten giro absurduak, bukaera ezustekoak, lirikotasunera jotzen duten piezak… askotariko ipuinak biltzen ditu egilearen lehenengo ipuin-bilduma horrek.

Autoironia eta umore beltza dira Linazasororen narratibaren beste ezaugarrietako bi. Bada haietarik Zer gerta ere (Alberdania, 1994) hurrengo ipuin-bilduman; izan ere, beste narrazio askotan egin bezala, bilduma horretan alter egoa baliatzen du egileak autoironiara jotzeko. “Bernardo L. T. ko liburuzainak amaigabe utzi zuen nobela osoa” gisa aurkezten da bilduma, egileaz bezala literatur generoen hierarkia eta ipuinaren gutxiespena ironizatuz. Borges, Cortazar edo Kafka erreferente dira Linazasororen lan horretan ere, hurrengoetan bezalatsu. Bide beretik doaz Ez balego beste mundurik (Alberdania, 2000) eta Ipuin errotikoak (Alberdania, 2001), bateratsu argitaratutako lanak. Lehenengo bildumak, ipuin labur eta ertainez gain, narrazio luze bat ere jasotzen du (“Oinazeak orduak luze ditu”); bigarrenak, aldiz, ipuin labur eta hiperlaburrak biltzen ditu nagusiki. Aurreko liburuetan landutako osagaietan sakontzen du Linazasorok: absurdua, esperpentoa, mundu onirikoak, kritika soziala, umore beltza…

Glosolaliak eta beste (Alberdania, 2005) Joseba Jaka Beka irabazitako lanean muturrera eraman zituen Linazasorok aurreko liburuetako joerak. Inkomunikazioa eta heriotzaren presentzia, umore beltzarekin batera, muturrera eramaten ditu egileak, egoera absurdoenak eta bortitzenak sortuz. Antzerki-itxurako piezak, ipuin hiperlaburrak, aforismoz osatutako ipuinak… askotariko teknikez baliatu zen egilea beste behin ere narrazioei forma ematean. Bi urte geroagoko Diotenez lanean, berriz, laburrera jo zuen, eta Erein-Euskadiko Kutxa Narratiba Saria irabazi zuen 2007ko deialdian. Bi atal nagusi ditu bilduma horrek: aforismoz osatutako “Ars poetica bat zazpi ipuinetan” eta ipuin hiperlaburrak jasotzen dituen “Holaxe kontuk (1:43 eskalan)”.

Ipuingintzan bestelako erregistroak bilatzeko saioa egin zuen, bestalde, Linazasorok Gizakiaren minak (Erein, 2010) lanean. Ohiko estilo, egitura eta erreferentziak bigarren planoan utziz, ipuin errealistagoek osatzen dute liburuaren atal nagusiena. Muturreko eta bazterreko egoera eta pertsonaiak aurkezten ditu bertan Linazasorok (gerra, kontzentrazio-esparruak, alkoholismoa, prostituzioa…), bizitzaren alderik makurrena bistaratu nahian; idazketaren lirismoak egiten dio kontrapisua kontakizunen gordinari.

Narratibaren barruan sail beregaina osatzen dute Linazasorok idatzitako nobela labur edo narrazio luzeek, zeinak maiz generoen arteko bidegurutzean kokatzen baitira. 2003an argitaratu zuen gisa horretako lehendabiziko lana, Itoko dira berriak (Alberdania) izenburupean. Edadetuz betetako hondartza batean, itotzeko zorian dago igerilari bat, baina inor ez doakio laguntzera, eztabaida metafisiko eta surrealistetan buru-belarri sartuta baitaude. Egoera horretatik abiatuz, umorera eta esperpentora egiten du Linazasorok jauzi, behin eta berriz bizitzaren absurdua bistaratzeko. Liburu horren senide gertukoa da Urperatze handia (Elkar, 2009), Itoko dira berriak lanaren antzerako egitura baitu: oraingoan uharte mortu batean kokatu du edadetu-talde bat egileak, handik irteteko zer egin asmatu ezinik, salbazio-bideren baten zain.

Itoko dira berriak eta Urperatze handia lanek badute fartsatik zerbait. Bada, antzerkitik hurbileko egitura du Udalbatza bahituaren kasu pollita (Elkar, 2011) narrazioak ere: alkate bigarren izendatutako K. L. liburuzaina eta udalbatzako kideak udaletxean bertan bahituko dituzte, eta bertatik atera ezinik eta zer egin erabaki ezinik irudikatzen dizkigu idazleak. Nobela laburrek osatzen duten sail horretakoa da, egiturari dagokionez desberdinagoa bada ere, Bestiarioa. Hilerrikoaiak (Elkar, 2006) lana ere. Oraingoan egileak bere burua du ironiaren eta umorearen lehengai, izan ere, Zer gerta ere hartan bezala, nobela idatzi nahi eta ezinean dabilen idazlea, bere alter egoa, ezarri du protagonista Linazasorok.

Ateko bandan irakurle gazteen eta helduen arteko zubi-lana egin nahi duen sailean argitaratu dira narrazio horietako zenbait eta, orobat, muga horretan kokatu ditu Linazasorok berak bere poema-liburu zenbait ere. Edonola ere, haur eta gazteentzat espresuki idatzitako (edo, bederen, sail horietan plazaratutako) liburuek Linazasororen literaturaren hirugarren zutabe nagusia osatzen dute; hor ere poesia eta narratiba esparruak, bi generoak, landu izan ditu tolosarrak. Narratiban ohi duen garraztasunaz bestera, xamurtasuna eta fantasia dute HGLren esparruko bere lanek ezaugarri behinenetakoa.

1991n estreinatu zen idazlea gaztetxoentzako literaturan, poesian eta ipuingintzan bezala, Besterik gabe, Albina (Ibaizabal) lanarekin. Zaharren egoitzara gogoz kontra eraman duten Albina amonaren inguruan josten da istorioa, eta pertsonaiek elkarri kontatutako istorioek osatzen dute liburuaren muina. Nekazaritza-giroko Altzeta herri alegiazkora egiten du bidaia, bestalde, Linazasorok gaztetxoentzako Altzeta (Alberdania, 1996) nobelan, iraganeko bertako pasadizoak berrituz. Gazte-literaturaren esparrukotzat har ditzakegun beste zenbait liburu, aldiz, helduen narratibatik gertuago ageri da Linazasoro, bai tematikan zein estiloan. Ipuin arriskutsuak (Erein, 1994) eta Entzungailua (Elkar, 2002) lanetan helduen narraziogintzan ohi duen autoironia eta absurduaren elementuak erruz aurki daitezke. Mendekuaren graziaz (Erein, 2004) bilduman, bestalde, genero beltzera hurbildu zen egilea, mendeku eta hilketak ardatz dituzten ipuinak bilduta.

Linazasorok irakurle gazteagoentzat idatzitako lanak, hertsiki haur-literaturatzat har daitezkeenak, hamarretik gora dira, eta, horien artean, Euskadi saria irabazitako Bota gorriak (Anaya-Haritza, 2000) kontakizun fantastikoa da aipagarri. Bota gorriak jantzita fantasiaren munduan murgiltzen den mutikoa, Karlos, du protagonista. 2007an plazaratutako Etzi (Elkar) kontakizunak, berriz, Down sindromea duen haur baten istorioa kontatzen du, antzerkirako egokitu zuen 2010an Dar dar ekoiztetxeak. Haurrentzako poesia ere landu du Linazasorok, dela bakarka, dela Juan Kruz Igerabiderekin batera idatzitako liburuetan.

Tolosarraren hainbat narrazio-liburu gaztelaniara itzuli dira: Depósito ilegal (Alberdani, 2006) eta Itoko dira berriak. Ménsula que el cielo sostiene (Atenea, 2005).

BIBLIOGRAFIA

IZAGIRRE, Koldo (2002): “Sarrea” in LINAZASORO, Karlos: XX. mendeko poesia kaierak. Susa. Zarautz.

VOLGAKO BATELARIAK (2005): “Karlos Linazasorori elkarrizketa” http://eibar.org/blogak/volga/archive/2005/12/13/62

Literaturaren Zubitegia (“Linazasoro, Karlos”) http://zubitegia.armiarma.com/?i=222

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus