Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ARANA GOIRI, SABINO

(Abando, 1965 - Sukarrieta, 1903)
Asier Barandiaran

Zalantzarik gabe, askoz ere ezagunagoa dugu Sabino Arana Goiri politikan eta ideologian izan duen eragingatik, arlo kulturalean edo literarioan izan duenarengatik baino. Gutxi dira horrenbeste hauts harrotu duten euskal egileak. Aldeko eta kontrako hautsak, betiere.

1865ean Abandon jaiotako bizkaitar honek familia aberats batean hezia izateko aukera izan zuen, karlismoa lehendabizi bere aitagandik jaso zuelarik. Santiago Arana, Sabinoren aita, 1873an Iparraldera joan zen ihesi, karlistekin izandako inplikazioengatik kartzela-zigorra jasotzeko beldurrez. Laster batean, familia osoa han elkartuko zitzaion. Sabinok zortzi urte zituela, Hendaian, Lapurdiko Getarian, Baionan eta Donibane Lohitzunen bizitzeari ekin zioten Aranatarrek, harik eta 1876an, gerra karlista amaituta, itzuli ziren arte. Hantxe ikasi zuen frantsesa, gerora zenbait irakurketa egiteko atea izango zena. Ez euskara, ordea, nahiz eta entzun, entzungo zuen orduko Iparraldeko karriketan. Lehenengoz, Iparraldetik itzuli eta gero, Orduñara joan zen formazioa lantzen jarraitzera.

Gaixoaldiek, berriz, Abandora bidaltzen dute berriro ere atsedena hartzera. Tisia harrapatu osteko geldialdi batean, 17 urte zituela, Orduñako jesuiten barnetegian formatzen zenbait urte eman ostean, euskara eta Euskal Herriko historia ikasteari ekin zion, jesuiten diziplina eta gogo sutsuaz, hain zuzen. Euskara lantzeak euskara ikertzea ekarri zuen eta, geroago, euskararen zabalkundea eta sustatzea, berak atondutako sistema ortografiko eta joera garbizalean jardunda, betiere. Hori guztia, jakina, egitasmo politiko batean kokaturik, haren engranaje ezinbesteko bat izanik, baina bestelako helburuen menpeko egin zuen.

Errekuperazio-aldi haietan bere irakurketei ekin zien. Izan ere, eta bere izaera intelektualaren ezaugarriak aipatzen hasita, bere irakurketak askotarikoak izan zirela adieraztea beharrezkoa da lehendabizi. Antropologia, linguistika, historia eta zenbait arlo humanistikoko ikasketak modu nahasian burutu zituen eta metodologia autodidaktiko bati eutsi zion. Gaixoaldietako une erabakigarriotan, hainbeste maite eta estimatzen zuen San Inazio Loiolakoari gertatu zitzaion moduan, bere konbertsio politikoa gertatu zen. Bizitza eta, batez ere, bere herriaren “egia” antzemateko momentuak izan ziren haiek, Luis bere anaiarekin, haien etxeko jardinean (1882ko Pazko egunean) izandako elkarrizketan gertatu bezala.

Aita hil ostean Bartzelonara jo zuten aranatarrek, amaren erabakiz (1883). Han zegoelarik, Zuzenbidea ikasten hasi zen, gogo handiegirik gabe, amari atsegina ematearren soilik. Hantxe landu zituen aurreneko euskara-lanak, euskararen akademia baten beharra aldarrikatuz eta euskarazko filologia-kontu zein historikoetarako zenbaitzuen lana aldarrikatuz.

1888an Pascuala de Goiri Atxa, ama, hil egin zen eta, nahigabeturik, Abandora itzuli zen Sabino Arana. buruan zerabilen proiektuari jardun osoa eskaintzera. Ordurako idatziak zeuzkan Etimologías euskéricas (1885ean idatzia eta 1887an argitaratua) eta Pliegos euskaráfilos (1886an idatzia eta 1888an argitaratua), bere euskararen ezagutza eta propaganda oinarritzen hasiko zirenak, hasiera-hasieratik estilo polemiko bati eutsiz.

Kazetaritzan hasi zen harrez geroztik. Lan horri esker kaleratu zuen euskarazko literaturari egindako ekarpenik aipagarriena: bere olerkigintza. Izan ere, Bizkaitarra bezalako aldizkarietan euskaraz argitaratu zituen prosazko testu bakanak nekez har daitezke kontuan ekarpen literario legez, dialektikaren ikuspegitik agian kontuan har daitezkeen arren. Bestalde, Umiaren lenengo aizkidia (1897) edo Lenengo Egutegi Biskattarra (1998) bezalako lanetan, euskararen irakaskuntzan egin zituen proposamenak eta garatu nahi zuen metodologia jorratzeko modukoak izan daitezke, baina lotura gutxi daukate jarrera literarioarekin.

Zenbait aldizkaritan sakabanatuta agertu ziren Sabino Aranak konposatutako olerkiak. Bizkaitarra, Baserritarra eta La Padria aldizkarietan agertu ziren gehienak. Sabino hil eta ondorenean, Euzkadi egunkarian agertu ziren batzuk. Denak batera bilduta, ostera, 1919an agertu ziren Olerkijak izenburuarekin, Luis Eleizalderen hitzaurre maitekorra lagun.

Itxura aldetik, molde tradizionaletatik gertu jarduten du, kopla eta bertso neurriko ahapaldiak irakurri baititzakegu sarri. Kantagintzak eskatuko lituzkeen leloak eta errepikak ere maiz agertzen dira; izan ere, usu aipatu den legez, bere poemak kantatuak izatea nahi zuen Aranak, kantagintzak edota bertsolaritzak herrian duen (zuen?) eraginaren jakitun.

Argi dago, baina, Sabino Aranaren poesia bere egitasmo ideologikoaren zerbitzu edo morrontzan ezarri zuela. Gaiak, aberria eta erlijioa dira nagusiki, lehenengoa bigarrenaren zerbitzuan betiere. Bere erlijiotasun horretan, San Inazio Loiolakoa izango da giltzarria, “euzkotarrari” edo “euzkoari” eredu ausart eta egokia eskaintzen diolakoan. Hargatik, bere joera elejiakoa, beste olerkari bizkaitar batengandik heredatua, –Felipe Arrese Beitiarengandik heredatua, ziurrenik–. Aberria edo Amaren irudi arketipikoa identifikatzea ere harengatik letorke. Zuhaitzaren mitifikazioa, bestalde, ezin dugu ahaztu. “Arbola bat zan Paradisuan” poemen bertsio “garbizaleak” (beren motibo patriotiko ugarirekin) dirudite zenbait ahapaldik: “Areitz azpijan / Len bizkattarrak / Batzarrak etten / Ebezan. / Gaur Aretxeko / Ganian / Danak dabitz / Zoli dirutan / Ta bixi zara zeu olan!” (“Mendiko Negarra”, V. ahapaldia.).

Olerkiotan argumentazioak eta, batez ere, iratzartze-deiadarrek lirismoak beharko lukeen esparrua zapaldu eta okupatu egiten dute. Loiolako Inazioren estilo martziala antzematen da, askotan, olerkiotan. Eraikin intelektual-ideologiko baten aurrean gaudela begitantzen zaigu, deiadar sentibera baten aurrean baino, salbuespenen bat ba omen dagoen arren (bere amaren heriotzan idatzitako “Siñismena” poema, kasurako). Heriotzaren putzak astindua sumatzen dugu egilea poema luze horretan, sentiberatasuna inoiz baino borborkago, sinesmenaren haga sendoari heldu nahian, baina barnea erreminduta.

Bere poesiaren balorazioa edozein delarik ere, ezin ukatuzkoa da ondorengo zenbait idazlerengan izan zuen eragina gaiek, gaioi ekiteko moduak, poema motek eta neurri kontuek bizirik iraun zutelako ondorengo poesian, batez ere Pizkunde garaikoan.

BIBLIOGRAFIA

ARANA GOIRI, Sabino (1980): Obras Completas de Arana-Goiri’tar Sabin. Sendoa. Donostia. 1980.

HARANBURU, L. (ed.) (1978): Sabino de Arana Goiri (1965-1903). Obras escogidas. Antología poética. Luis Haranburu Editorea. San Sebastián. 1978.

ONAINDIA, Santi (1975): “Arana Goiri’tar Sanbin olerkari”. Bizkaitarra, III. urtea.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus