Testuliburuak, ikaskuntza eta negozioa

Urtero legez, testuliburuak erosi behar izan ditut semearentzat, eta urtero legez, sututa irten naiz liburu-dendatik.

Iturria: Flickr - CC by Sergis Blog

“Arañas por todas partes” CC by Sergis Blog

 

Gaztelaniaz ezaguna egin da #librosdetesto etiketa, euskaraz #tEZtuliburuak proposatuko nuke nik. Testuliburuak familia askorentzat ahalegin ekonomiko handia da; Eusko Jaurlaritzaren testuliburuen kudeaketa solidarioko programan egonda ere (urtean 40 bat euro ordainduta), ariketa-liburuak erosi behar dira. DBHko 2. mailarako, 70 euro gastatu ditut ariketa-koadernoetan, hortaz, 110 euro soilik liburutan, seme bakarra izanik. Mileurismoa askoren ametsa den langabeziaren egunotan, ezin esan huskeria denik. Derrigorrezko hezkuntza doakoa omen…

 

TESTULIBURURIK EZ, ESKERRIK ASKO

Hala ere, kezkagarriena da kalte handia egiten diotela hezkuntzaren garapenari. Gai honetaz artikulu eta ikerketa asko egin dira ikuspegi askotatik (kulturartekotasuna, generoa, curriculuma…).  Zerrenda luzeagoa dut #tEZtuliburuak baztertzeko, baina hitz gutxitan esatearren hauek aipatuko ditut hemen:

  • Testuliburu batzuek errore kontzeptualak dituzte.

Esaterako, aurten erositako Lengua Castellana-ko liburu baten sarreraren arabera, “sintaxia ez dakienak zail du zuzentasunez eta argitasunez idaztea”, eta liburua analisi morfosintaktikoen ariketa bilduma da… Aspaldi gainditua izan behar zukeen ikuspegia da liburuaren hasieratik azpimarratu nahi izan dena.

Hori bezala, urtero topatzen ditugu ikuspegi teoriko gaindituak, ikerketen arabera ezertarako balio ez duten ariketak edo orientazio okerrak. Semearen ortografia lantzeko liburuak hotzikarak ematen ditu; inor ez da konturatu gaztelaniaren ortografia ariketa desberdinak behar dituela gazte euskaldun batek edo madrildar batek? (ortografiako hutsuneak betetzeko ehunka ariketa egitearen balioa ere… buff).

  • Testuliburuen ekoizpena negozioa da eta negozioaren kudeaketa da ardatz.
Los blogs en 2º de la ESO. Iturria: Flickr cc-by antonioxalonso

Zer dira blogak? cc by Antonioxalonso

Testuliburuen negozioak diru asko mugitzen du eta gutxi batzuen esku dago, gehienak erakunde erlijiosoak, gainera: marianistak (SM), salesianoak (Giltza-Edebé), maristak (Edelvives), lasalletarrak (Bruño). Erakunde erlijiosoengan uzten dugu gure seme-alaben hezkuntza laikoa… bitxi samarra. Eta erlijiosoak ez direnak ere, ez pentsa hobeak direnik, adibidez PRISA taldearena da Santillana, eta Hachette Livre erakundeak du Anaya, besteak beste. Datu hauek artikulu honetatik hartu ditut: El maloliente negocio de los libros de texto http://economiazero.com/el-maloliente-negocio-de-los-libros-de-texto/

Ikastetxeetako klaustroak erabakitzen du zein liburu erabili, eta gurasoek ordaindu. Ez dago “liburu askerik” (software askearen printzipioez dioguna), alegia, ez dago gurasoen esku erabakitzea zein enpresari eman dirua, gehienez ere zein liburu-dendatan eskatuko dituen.

Negozio eredua da IKTak eskolan integratzeko galga handiena, gainera. Argitaletxeek euren materialei dirua ateratzeko bidea erabaki arte, paperezko liburuak jarraituko du izaten jaun eta jabe. Adibidez, IkasElkar-ren EKI proiektu berrian, IKTak sartzen dira baina berdin erosi behar dira liburu nagusia eta ariketa liburuak (???) (http://www.ikaselkar.com/eki). Motel, oso motel doa sektore handi honen IKT negozioaren aurrerapena, eta susmoa dut argitaletxeek hezkuntzan rol berria bilatu ordez (adibidez, kalitate handiko multimedia ikaskuntza objektuen ekoizpena), ikaslearen klikak kontrolatuko dituen tableta-testuliburu itxiak proposatuko dituztela enpresa gehienek.

  • Irakasleen ahalmena eta aktibotasuna murrizten dute
No al libro de texto

No al libro de texto, CC by Rafael Robles

Beharbada testuliburuek egiten duten kalte handiena da irakaslearen lekua guztiz menderatzen dutela. Irakasle askok eta askok itsuan segitzen diote testuliburuari eta ondorioz, ez dute garatzen proposamen berriak, freskoak, irudimentsuak eta egokitutako taldearen araberakoak asmatzeko gaitasuna. Urteen poderioz, irakaskuntza testuliburua ematearen baliokidetzat jo da, eta gurasoek ere “exijitu” egiten dute testuliburua ematea, eta bestela, kexu.

Testuliburua bihurtu da urteroko programazioaren ildoa (programazio asko liburuaren fotokopia dira), nahiz eta egindako ikerketen arabera, oso gutxi dira hezkuntza dekretuak errespetatzen dituzten testuliburuak. Blog sarrera honek (gaztelaniaz) oso argi azaltzen du eskola askotan gertatzen den desastrea: “Hamabost gaien tiranokeria” http://familiaycole.com/2012/11/15/la-tirania-de-los-quince-temas/

 

EUSKAL KULTURAREN EUSKARRI ONA?

Honetaz Euskal Herrian eztabaidatzen dudanean, argumentu honek ematen du jauzi elkarrizketara: Testuliburuen salmentak euskarazko liburuen negozioa bideragarri egiten du. Euskal kulturaren ekoizpen defizitarioa salbatzen omen dute testuliburuek. Alegia, gurasook behartuta gaude sistema txar bat erabiltzera, derrigorrezko “crowdfunding” moduko zerbait, euskal kultura salbatzeko… 

Nire semea D ereduko institutu publikoko batera doa. Bere aurtengo liburu zerrendan honakoak topatu ditut: MacMillan, Edebé, Editex, Almadraba, SGEL, Vicens Vives, Santillana, Oxford… susmatzen dut ezer gutxi ekarriko diodala euskal kulturari nire 110 euro horien (eta Eusko Jaurlaritzak jarritako dirulaguntzaren) truke. Hortaz, argumentu ahula.

Baina liburu guztiak euskal argitaletxeenak izanik ere, testuliburuek ematen duten jakintzaren ikuspegi prefabrikatu, hotz eta enlatatuak ez dirudi euskal kulturarekiko zaletasuna sustatzeko biderik onena denik. Idazleak eta ikasleak hurbiltzea, euskal autoreen hurbiltasun geografikoa baliatzea, irakurzaletasunari eta euskarazko ekoizpenari lotutako proiektuak garatzea… segur aski esanguratsuagoa izango da, horretaz ikerketa zehatzik egin ez bada ere (nik dakidala behintzat…).

Familiak euskal argitaletxeak diruz laguntzera behartzea euskal kulturarentzat interesgarritzat edo estrategikotzat jotzen bada, logikoagoa da zuzenean autoreen ekoizpenak erostera behartzea, ezta? Literatura obrak, saiakerak, ipuinak, natura edo geografia liburuak, edo historikoak… baina jakintzaren iturrira jotzea, autoreak eta ikertzaileak. Askotan uste izaten da ikasleak ez direla gai izango ulertzeko… eta beren adimen gaitasuna gutxiesten da.

 

Errazenera jotzen da baina horrek kalte egiten die bai ikasleei, bai irakasleei eta bai euskal kulturaren ekoizpenari. Garestiegi.

4 iruzkin honentzako: Testuliburuak, ikaskuntza eta negozioa

  • Tamalez, horixe da ba bizi dugun errealitatea. Eta okerrena da egungo hezkuntza sistemak duen gaitz nabarmenetakoa den honen aurrean, bai guraso eta baita irakasleen gehiengo baten jarrera ez dela apenas aldatu azken urteotan. Teknologia digitalaren garapenak eta duela hamarkada batzuetako eredu pedagogikoen berpizkundeak agerian utzi dute zeinen pobrea den gure haur eta gazteei eskoletan eskaintzen zaiena, zeinen pobrea den eduki itxien transmisioan oinarritzen den eredua, zeinen pobrea den testuliburuan bere praktika oinarritzen duen irakasle batek haurrei transmititzen diena. Gurasoen kexa nagusiena diru-kostua da, hezkuntza sistema barrutik ezagutzen ez duten gurasoei, ez diet inoiz entzun testuliburuen baliagarritasun pedagogikoaren inguruko inongo kexarik. Irakasleen aldetik, zer esango dizut; lanean pare bat hamarkada testuliburuak erabiltzen ibili direnak dagoeneko euren pentsamoldea erabat “lobotomizatuta” dute, ez dute irakaskuntza beste modu batera ulertzen; gehiago oraindik, testulibururik gabeko irakaskuntzarik ezinezkoa da beraientzat. Gazte askorentzat, berriz, testuliburuak dira euren lehenengo heldulekua. Hasiberri batek behar duen babesa abentura “berritzailetan” murgiltzeko faltan botatzen dute eta eurek ere, erosotasunera jotzen dute; azken finean, horixe da “politicamente correcto” bezala interpretatzen dena euren inguru profesionalean.

    Ikastolen Elkarteko kide garenok ikasmaterialgintzaren inguruan bizi izan dugun presioa ez da nolanahikoa izan. Ikastolan sartu nintzenetik bizi izan dut presio hori, batez ere, lehenego urteetan. “Libertad de catedra” delakoa ba ote nuen batzuetan zalantzan jarri izan nuen. Gure ikasmaterialen atzean “didaktikaren esparruko profesional handien lana zegoela”, “nor nintzen ni pedagogoek proposatutako praktikak zalantzan jartzeko”, “gure proiektuak errekonozimendu nabarmena dauka hezkuntzaren esparruan”.. eta horrelakoak entzun nituen orduan. Duela urte gutxi batzuk, IKASYS proiektuak konpetentzien garapenarekin zuen harremna azaltzeko, ikastoletako IKT dinamizatzaileok izan genuen aurkezpen bilera batean ere horrelakoak entzun nituen; gure pedagogia eta didaktikaren inguruko ezagutza maila kaxkarra aurpegiratu nahi izan ziguten. Gaur, integrazioaren pedagogian oinarritutako material berriak argitaratzea erabaki dute; inork galdetu al digu gure testuinguru sozioekonomikoa nolakoa den izanda, gure famili eta ikasleen errealitatea nolakoa den ikusita, gure ikastolaren tamaina edo historian zehar jarraitu duen ildo pedagogikoaren arabera, hori ote den gure beharretara hobekien egokitzen den eredua? Nola uztartzen dira gure priektu pedagogikoa eta integrazioaren pedagogia? Norbaitik galdetu digu hori egin nahi dugun edo egiteko mdouan gauden?

    Horrek guztiak ikaragarrizko menpekotasuna sortu du irakasleengan. Material prefabrikatuak gelan aplikatzeko soilik balio dugula sinestera eraman gaitu. Berdin dio nongo irakaslea zaren, Oiongoa edo Ordiziakoa, guztiok erabiliko ditugu Hizkuntzako material berdinak eta modu berdinean gainera. IKT jarduerak aipatu dituzu. Zazpi urte dira gure ikastolan Googleen aplikazioak erabiltzen ari garenetik. behin baino gehiagotan antolatu ditugu Drive edo Sites erabiltzeko ikastaroak. Gehienentzat ez dute gehiegirako balio izan. Baina aurten EKI dela eta, eure burua behartuta ikusi dute tresna horiek erabiltzera. Urte batzuk gabiltza aniztasunaren trataeraren inguruan gauza berriak egin nahian, ikaskuntza kooperatiboko hainbat teknika probatzen… horiek guztiak gure praktikatik kanpo geratuko dira erabiliko dugun ikasmaterialak ez dituelako aintzat hartzen. Hemendik hamarkada bost urtera, ikasmaterialetan horrelakorik uztartzea erabakitzen bada Ikastolen Elkarteko pedagogoen aldetik, orduan kezkatuko dira irakasleak kontu horien inguruan. Gure eginkizuna zeharo desbirtuatu dute ikasmaterialek eta ikasmaterial horiek saltzeko beharra dutenek trasnmititu dizkiguten mezuek.

    Ikastolen Elkarteko EKI proiektua ez duzu beltzez idatzi, beste argitaletxeenak bezala, baina nik multzo berean jarriko nuke. IkasElkarren (Ikastolen Elkartea ez dela, aipatu izan didate behin baino gehiagotan 😉 helburuak erakunde erlijiosoen helburu berdinak dira; euren botere esparrua eta egitura hierarkiko eta zurruna mantentzeko finantziazioa lortzea. Ikusi besterik ez dago nortzuekin partekatzen duen IkasElkarrek liburu digitalak saltzeko ingurune birtuala: http://www.virtusbooks.com/

    Amaitzeko, duela zazpi urte Euskal Herriak Bere Eskolako kidea den Aiora Filarmendik Berrian argitaratu zuen txapela kentzeko moduko artikulu hau: http://paperekoa.berria.info/iritzia/2006-05-16/004/004/ikastetxeetako_liburutegiak_indartu.htm Sekulako perlak topatuko dituzu paragrafo bakoitzean. Ezin guztiak hemen analizatu eta baloratzea, baina batekin geratzen banaiz, honekin da:

    “Euskal Herrian, hezkuntza euskaldun eta askatzailea praktikan gauzatzeko helburuaz, esperientzia pedagogiko aberatsak garatu dira, baina kapital pedagogiko hori kinka larrian dago. Denboraren eta, gehienbat, inertziaren poderioz, aipatu esperientzia horiek guztiak zimelduz joan dira, euskal pedagogi jarduera pobretzen joan da, hezkuntza prozesu osoa testuliburu bakar bat lantzera murriztuz.” Nik ezagutu nuen ikastola ikargarri aberatsa izan zela ikusten ari naiz, noiz eta duela 30-40 urte, oraindik euskarazko testulibururik existitzen ez zenean, euskarazko materialgintza hastapen fasean zegoenean (Saioka famoso haiek). Ikasle bezala bizi izan nuena (http://ikteroak.com/ikastolen-jatorria-eta-freineten-eskola/) ikaragarri aberatsa bezala sentitzen dut orain eta konturatu naiz orduko praktika pedagogiko aurrerakoi eta askatzaile askok ikastoletatik desagertu egin direla. Eta pena sentitzen dut, izan ere, gaur egun orduan nire irakasleak izan ziren asko lankide bezala ditut. Baina orduko enfoke berritzaile hura, askatasun hura galdu dute dagoeneko: testuliburuen hatzaparretara erori direla ikusten dut.

  • Kaixo Jolaus:

    Zoritxarrez, guztiz ados nago zure ikuspegiarekin. Nik ere hainbat forotan azpimarratu dut nik jasotako irakaskuntza (punta-puntakoa izan gabe ere), nire semea jasotzen ari dena baino hobea, askatzaileagoa eta sakonagoa izan dela. Eta ez nabil zaharren nostalgiaz, ebidentzia asko ditut hori azpimarratzeko.

    IkasElkar ez dut zerrenda “beltzean” jarri erreferentziako artikuluan ez zegoelako eta enpresak badituelako bestelako ezaugarriak. Horrez gain, egin diren ikas-materialen ikerketetan “ez hain txarren” zerrendan agertzen dira. Baina, ea, zein burutan kabitzen da Euskal Herri osoan aste berean landu behar dela Egiptori buruzko proiektu bera? Berdin dio non ari zaren lanean, zein ikasle edo familia mota dituzun, edo zer gertatzen ari den zure inguruan. Tokatzen dena tokatzen da, eta kitto. Hain da zentzugabea…

    Irakasleen gaitasunaren inguruan diozunarekin ere guztiz bat nator. Erabakitze-mailan dabiltzanekin behin eta berriz eztabaidatu dut irakasle ez-aktiboa saritzen dela testuliburuen eta kurtsokako formazio ereduen bitartez. Alferrik da. Normalean ez du inork bizitza konplikatu nahi eta errazenera jotzen da, baina sarreran diodan bezala, errazenak irakasleen ahalmena galarazten du, baita ikasleen pentsamendu kritikorako gaitasuna, autonomia, ikasten ikasteko gaitasuna… “Empowerment” famatuaren kontrakoak dira testuliburuak. Dena oso garbia, oso aseptikoa eta oso txukuna… bizitza ez da horrelakoa!

    Eta azken kontua da testuliburuak nork diseinatzen dituen, askotan unibertsitateko adituok hartzen baitugu parte horretan, eta asko badakigu ere (teoriak, ikerketak eta abar), oso urrun gaude ikastetxeko eta ikasgelako eguneroko bizitzatik. Unibertsitateko irakasle-ikertzaileok apalagoak izan beharko genuke eta alderantzizko prozesua egin: lagundu dokumentatzen eta ikertzen ikasgelan sortzen diren ekimenei.

    Eskerrik asko berriz ere, segiko dugu testuliburuen aurkako borrokan!

  • […] Ainhoa Ezeizak artikulu honetan […]

  • […] talde erlijiosoak! 2013an hauxe idatzi nuen blog honetan bertan  argitaletxeen jabeen inguruan: Testuliburuak, ikaskuntza eta negozioa. Jo estekan eta ikusiko […]

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>