null

Maria Puy Portillo Baquedano eta Saioa Gómez Zorita

Transmiti daiteke COVID-19a elikagaien bidez?

Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Nutrizioa eta Obesitatea taldeko ikertzaileak

  • Cathedra

First publication date: 18/11/2020

Saioa-Gomez eta María Puy Portillo
Saioa-Gomez eta María Puy Portillo. Argazkia: Nuria Gonzalez. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

COVID-19a eragin duen koronabirusaren jatorria ez da argia. Ziur asko, animalia batek (saguzar batek, agian) gordailu gisa jardun, eta bigarren mailako ostalari gisa jardun zuten beste animalia batzuk (adibidez, pangolinak, txerriak eta karraskariak) infektatu zituen. Animalia horiek gutxienez pertsona batekin egon ziren kontaktuan –beharbada animalia horietako bat kontsumitu zuen–, eta infektatu egin zuten. Gaixotasuna animalia batetik pertsona batengana igarotzen bada, gaixotasun zoonotikoa deritzo.

Lehen infekzioa horrela gertatu bazen ere, gaur egun ez dago ebidentzia nahikorik biztanleak kutsatuta dauden elikagaiak kontsumitzeagatik kutsatzeko arriskuaren inguruan kezkatzeko. Gure gizartean ez behintzat. Koronabirusek ostalari bat behar dute (animalia edo gizakia) hazteko, eta ez dira elikagaietan garatzen. Hain zuzen ere, Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzak (ESEA) adierazi du gaur egun ez dagoela frogarik elikagaiek COVID-19ari dagokionez osasun publikorako arriskurik eragiten duela esateko. Orain arte ez da elikagaien kontsumoaren bidez COVID-19a transmititu den kasurik jakinarazi.

Bestalde, SARS-CoV-2aren antzeko beste koronabirus batzuen agerraldien esperientziak erakusten digu ez zela elikagaien kontsumoaren bidezko transmisiorik egon.

Hala ere, arriskurik eza existitzen ez denez, honako hau hartu beharko litzateke kontuan:

  1. Animalia exotikorik eta basatirik ez jatea; besteak beste, saguzarrak, zibetak eta pangolinak.
  2. Infekzio fokuak egon diren instalazioetatik datozen ugaztunen edo hegaztien haragia kontsumitzerakoan, neurriak muturreraino eramatea.
  3. Elikagaiak edo elikagai horien ontziak infektatutako pertsona baten arnas tanten bidez ez kutsatzea (hitz egitean, eztul egitean, usin egitean…).
  4. Elikagaien kontaminazio gurutzatua ekiditea. Adibidez, elikagai horien ontziak edo animalia hilekin edo kozinatu gabeekin erabilitako tresnak ongi ez garbitzeagatik.

Aholku praktikoak

Elikagaien segurtasunari dagokionez, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) prebentziorako gomendioak argitaratu ditu. Gomendio horien artean daude, halaber, elikagaiak prestatu eta manipulatzean higiene jardunbide egokiak izateari buruzko aholkuak.

  1. Eskuak maiz garbitzea, ahal dela ur eta xaboiarekin, eta, halakorik ezean, soluzio hidroalkoholikoarekin.
  2. Aurpegia edo ilea ukitu eta, ondoren, eskuak garbitu gabe, elikagaiak ez manipulatzea.
  3. Elikagaiak manipulatzen dituzten langileek maskara erabili behar dute.
  4. Fruta eta barazkiak ur askorekin garbitzea, elikagaiak igurtzita, edo 5 minutuz uretan sartzea, koilaratxo bat lixibarekin (4,5 ml 3 litro ur bakoitzeko), eta gero iturriko urarekin garbitzea.
  5. Elikagaiak behar bezala prestatzea (gordinik ez egotea); izan ere, beste teknika batzuek, hala nola hozteak edo izozteak, ez dute birusa desagerrarazten, eta, gainera, bere biziraupena luzatzen dute (birusak luzaroago eusten dio izoztuta giro tenperaturan baino). Elikagaiak kozinatzea nahikoa litzateke birusak hiltzeko. Bero bidezko tratamendua, gutxienez 30 minutuz eta 60 gradutan, eraginkorra da SARSaren kasuan.

The Conversation