euskaraespañol

María Jesus Vega, ACNURen Espainiako bozeramailea: “Ikara eragin behar digu geure mugetara begiratzeak"

Iñigo Urkullu lehendakariak amaiera eman dio gaur Batzarrari. Hori Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 70. urteurrena ospatzeko aurten abian jarri den «Eskerrak giza eskubideei» erakunde arteko kanpainaren barruan kokatzen da

  • News

First publication date: 14/11/2018

Image

Iñigo Urkullu lehendakariak amaiera eman dio gaur Giza Eskubideen Biltzarrari. “Giza Eskubideen 70garren urtemuga honetan omenaldirik onena da bere garrantzia goraipatzea. Nazio Batuen Adierazpenak denboran iraun du eta erakutsi du dituen betiereko balioak unibertsalak direla”, esan du.

ACNURen Espainiako eledun María Jesús Vega kezkatuta agertu da, «Europan babes-eremua murriztu egin delako, lege-aldaketak gero eta zorrotzagoak direlako gerratik eta jazarpenetik ihesi datozen pertsonekin, eta besteekiko beldurra, mesfidantza eta gorrotoa sustatzen duen kontakizun politikoa gero eta ugariagoa delako».

Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedrak antolatutako Giza Eskubideen Biltzarraren hirugarren eta azken jardunaldian hartu du parte Vegak. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 70.urteurrena ospatzeko aurten abian jarri den «Eskerrak giza eskubideei» erakunde arteko kanpainaren barruan kokatzen da biltzarra.

Bostgarren urtez jarraian, aurten berriro gainditu da derrigorrez lekualdatu behar izan duten pertsona-kopuruaren errekorra: 68,5 milioi lagun baino gehiago. Errefuxiatu horien % 85ek egoera ahulean edo garatzeko bidean dauden herrialdeetan aurkitu du babeslekua gaur egun.

Vegaren iritzian, «Europan zeinek errefuxiatu gutxien hartuko eztabaidatzen duten bitartean, 2018aren amaieran onartuko den Errefuxiatuei buruzko Munduko Hitzarmena gertaera historikoa izango da, eta Estatuei era ekitatiboagoan eta efizientzia handiagoz erantzuteko aukera berria emango die».

Gaurko jardunaldian hartu du parte, halaber, Margarita Martínezek, Madrilgo Universidad Complutenseko zuzenbide penaleko katedradunak eta Iusmigrante proiektuko ikertzaile nagusiak. «Hegoaldeko mugan» (Ceutan eta Melillan) giza eskubideak zer egoeratan dauden aztertu du hitzaldian, eta «berotan» egindako itzulketei erreparatu die bereziki. «Giza eskubideak nabarmen mugatzen dituzten arauen babesean eta, askotan, legez kanpo ere jarduten dute estatuek»

Martínezek defendatu duenez, «nazio-eremuan era irregularrean sartzen diren pertsonak itzultzeko prozedura bat» behar da, «gaur egun ez baitute ahoa zabaltzeko eskubiderik ere». Era berean, gogorarazi du administrazioa kontrolatzeko aukera dela zuzenbide-estatuaren funtsezko oinarrietako bat. Hain zuzen jardun hori Europako Hitzarmenaren aurkakoa dela argudiatuta, 2017an Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia kondenatu zuela ekarri du gogora. Madrilgo Universidad Complutenseko zigor zuzenbideko katedraduna ezkor agertu da giza eskubideen etorkizuna dela eta: «mugan gertatzen diren heriotza horiek ez dira gertaera solteak; izan ere, immigrazioa kudeatzeko eredu jakin baten ondorioak dira, eta egun batean horregatik barka eskatzea egokituko zaigu», amaitu du.

Arratsaldean, Esteban Beltranek, Amnesty International Espainiako Zuzendariak eta Jeroen Schokkenbroek-ek, Europako Kontseiluluko Diskriminazioaren aurkako zuzendariak hitz egin dute.