euskaraespañol

Pablo Hernández eta Raúl López ikasleak, doitasun ingeniaritzako Europako finalera

Talentuei zuzendutako Euspen Challenge 2014 nazioarteko lehiaketaren Estatuko faseko garailea eta finalista dira

First publication date: 19/05/2014

Image

UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Makina Erreminta Gelako Pablo Hernández eta Raúl Lopéz ikasleek, doitasun-ingeniaritzako talentuei zuzendutako Euspen Challenge 2014 nazioarteko lehiaketaren Estatuko faseko garaile eta finalista bihurtu dira, hurrenez hurren. Norgehiagoka hau, Euspen Doitasun-Ingeniaritza eta Nanoteknologiaren Europako Elkarteak sustatu du. Elkarte honetako kidea dugu Tekniker zentro teknologikoa, Eskolako Ingeniaritza Mekanikoa Sailarekin lankidetzan Estatuko fasea antolatzeaz arduratu dena.

Norgehiagokako finala IK4-Tekniker zentro teknologikoko UPV/EHU Gelan egin da. Bi finalistek, Pablo Hernandezek eta Raul Lopezek, doitasun nanometrikoko posizionatzaile baten funtzionamenduari buruzko 10 minutuko ahozko aurkezpena egin zuten, eta horren ondoren, epaimahaiak egindako galdera teknikoei erantzun behar izan zieten. Bi ikasle hauek, uztailaren 1etik 3ra bitartean Alemanian jokatuko den nazioarteko finalerako aukeratu dituzte. Ekimenaren helburua, etorkizunean europar esparruko Doitasun-Ingeniaritzaren sektorea zuzenduko duten talentu gazteak aurkitzea da.

Halaber, Euspen Challenge delakoaren Estatuko fasean nagusitu den Pablo Hernandez irakasleak, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Makina Erreminta Gelako ikastaroa amaitu ostean, La Caixa Fundazioaren beka bat eskuratuko du 2014an, Zurich-eko Teknologia Institutu Federalean Master bat egiteko aukera izan dezan. Zentro ospetsu honetan jardundako irakasleen artean, 21 Nobel saridun daude, Albert Einstein tarteko dela.

Raul Lopez finalistari dagokionez, Makina Erreminta Gelan egin duen egurren mekanizazioaren inguruko lanak merezitako lekua lortu du Britainia Handiko Ingeniari Mekanikoen Institutuaren aldizkariak plazaratutako fabrikazio teknologiei buruzko lan zientifiko batean.

Ingeniaritzako adar honek prezisiozko fabrikazio prozesuak ikertzen ditu, sistemak, gailuak eta metrologia teknikak, eta azken belaunaldiko materialen diseinuak, nano eta mikro prezisio ingeniaritza alorrean. Nanoteknologia, atomoen eta molekulen eskalan materialen manipulazio eta aplikazio arloan lan egiten duen teknologiari deritzo eta abangoardiako konponbideak eskaintzeaz gain, modu eraginkorragoan lortzen ditu eta aplikazio eremu zabala jasotzen du bere baitan, automozioa, aeronautika, biomedikuntza, elektronika edo energia berriztagarriak adibidez.

Europako Doitasun eta Nanoteknologia Ingeniaritza Elkarteak (EUSPEN), mundu osotik barreiatutako 30 herrialdetako enpresariak, ikerlariak eta erakundeak artikulatu eta kontaktuan jartzen dituen sare eraginkorra eta nazioarteko erakunde bat da. 1999an Britainia Handian sortuta, bere helburua enpresa eta ikerketa institutuen artean kolaborazioa sustatzea da, prezisio ingeniaritza eta nanoteknologia arloan, garapen teknologiko ezberdinak bultzatzeko.

Aurreko edizioetako sariak
Azpimarratu beharra dago, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Makina-erreminta Gelako bi ikasle izan zirela irabazleak, Euspen Challenge 2012an, Eindhovenen (Herbehereak) iazko uztailean ospatutako finalean beste hainbat mailatan eta herrialde ezberdinetako hiru ikaslez osatutako zortzi talderen artean.

Gogora ekarri, 2010eko lehen edizioan, Eskolako hiru ikaslek espainiar atala irabazi izana eta hauetako batek, orduan Makina-erreminta Gelako ikaslea eta orain UPV/EHUko irakaslea, Europako irabazleen arteko bat izan zela.

Argazkia: Ezkerretik eskuinera: Francisco Javier Campa, UPV/EHUko irakaslea; Pablo Hernández; Raúl López; eta Aitor Olarra, IK4-Teknikerreko ingeniaria.