euskaraespañol

Alumna de la E.U. de Ingeniería de Vitoria-Gasteiz de la UPV/EHUGasteizko UPV/EHUko Ingeniaritzako UEko ikasleak

Sandra Ucedak Karrera Amaierako Proiektuetarako Coello Saria irabazi du

First publication date: 27/11/2014

Sandra Uceda

Kartografiaren eta Geomatikaren arloko Karrera Amaierako Proiektuetarako Francisco Coello Nazioarteko XV. Sariaren epaimahaiak, azaroaren 13an osatutakoak, Gradu eta Ingeniaritza Teknikoko modalitatean Karrera Amaierako Proiekturako Saria Sandra Uceda Queirósi ematea erabaki zuen. Saritua Gasteizko Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza UEko ikaslea da eta 'Planoen irakurketa eta interpretazioa errazteko errealitate areagotua erabiltzea' izenburuko proiektuari esker irabazi du saria.

Epaimahaiburua Francisco Javier Ariza izan zen, Jaéngo Unibertsitatekoa, eta honako bokalek ere osatu zuten epaimahaia: Ana Belén Anquetak, Valentziako Unibertsitate Politeknikokoak, Andrés Díaz, Madrileko Unibertsitate Politeknikokoak, eta José Antonio Nietok, Andaluziako Estatistika eta Kartografia Institutukoak. Idazkaria, berriz, María Isabel Ramos izan zen, Jaéngo Unibertsitatekoa. Epaimahaiak Francisco Coello Sarien aurtengo ediziora aurkeztu diren proiektuen maila altua eta aniztasuna aitortu zuen bere epaitzaren aktan.

Sandra Ucedaren proiektu sarituan, errealitate areagotuaren teknologia geomatikaren eta arkeologiaren esparruan ezartzeko aukera proposatu da eta irudikapen- eta hedapen-faseak azpimarratu dira. Horrela, "xede nagusia ingurune areagotu bat lortzea da, non objektu birtual bat (3D irudikapen digitala) eta ingurune ukigarri edo erreal bat (planoa paperean) aldi berean existitzen direla ematen baitu -azaldu du ikasleak-. Horretarako, saiakera batzuk egin dira plano- eta eredu-mota anitzez. Hasierako emaitza horietatik abiatuta, doako programez aplikazio batzuk sortu dira, hainbat gailu (iPad eta Smartphone) eta plataformatan (iOS eta Android) exekuta daitezkeenak".

Horrez gain, bi elementuak harremanetan jartzeko jarraitu beharreko prozesua azaldu eta ulertutakoan, aztertzen da nola horiek batuz plano konplexuen irakurketa eta interpretazioa erakargarriago, intuitiboago eta erabilgarriago bihurtzen diren eta, ondorioz, plano horien erabiltzailearen esperientzia areagotzen den. Amaitzeko, proiektuak etorkizunera begiratzen du eta mapa inprimatuak eta hiru dimentsioko irudikapenak errealitate areagotuaren bidez fusionatzearen ondorioz egon litezkeen aplikazioak iragartzen ditu.

Lehiaketa hori Jaéngo Unibertsitateko Unibertsitate Hedapeneko, Kiroletako eta Erakunde Proiekzioko Errektoreordetzak eta Jaéngo Goi Eskola Politeknikoak iragarri dute, Francisco Coello de Portugal y Quesadaren omenez, horrek kartografia modernoa Espainian sartu baitzuen eta kartografo oparoa izan baitzen. Zenbait modalitate dauzka (Kartografiaren eta Geomatikaren esparruko Proiektuetarako, Karrera Amaierako Lanetarako eta Doktorego Tesietarako Francisco de Coello Nazioarteko Saria), eta horietako bakoitzari 1.500 euroko sari bat esleitzen zaio, baita erakunde laguntzaileen materiala ere: bibliografia, base kartografiko digitalak eta tresneria.