euskaraespañol

Julian Martinezek eta Magda Correa de Andreisek Kolonbiako bake prozesuaren egoerari buruzko hitzaldia eskaini dute

«Santosek gehiegizko konfiantza agertu zuen bake prozesua erreferendumean berrestera deitu zuenean»

  • Interview

First publication date: 09/02/2017

Image
Magda Correa de Andreis eta Julián Martínez bake prozesuari buruzko hitzaldian izan ziren

Julian Martinez Vallejok eta Magda Correa de Andreisek egoera zaila bizi dute beren herrialdean. Alvaro Uribe presidente ohiaren tesien aurka daude biak, hau da,  bake dokumentuaren kontra azaldu da presidente ohia, eta hori, Kolonbian, ausarta eta arriskutsua da. Julian ikerketa kazetaria da eta denbora asko darama Uriberen Gobernuak 2002 eta 2010 bitartean egin zituen krimenak, gehiegikeriak eta giza eskubideen urratzeak ikertzen. Magda, bere aldetik, Alfredo Correa de Andreisen arreba da, giza eskubideen aldeko bere lanagatik paramilitarrek 2004. urtean hil zuten unibertsitate irakaslea. "Ekintza horretan, paramilitarrek Kolonbiako armadaren indarren laguntza izan zuten, bai eta Uriberen Gobernu beraren zeharkako esku-hartzea ere". Uribek botere handia mantentzen du Kolonbian oraindik ere, bake prozesuari buruzko erreferendumaren ezezko emaitzak agerian utzi duen bezalaxe.

Biak Euskadin egon dira aste honetan eta Gernikako Udalak eta Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeak harrera egin diete.

Zer nolako itxaropenekin egin duzue bidaia Euskadira?
JM: Xedea da, gehienbat, bera bezala pentsatzen ez zutenen aurka -giza eskubideen aldeko aktibistak, atzerritarrak, epaileak eta politikoak- Uribek antolatu zuen espioitza eta iraintze operazioa ezagutaraztea. Kolonbian gertatu den horren egiaren aitortza bilatzen dugu; eta horrek bere eragina izan beharko luke. Horrez gain, Jorge Adolfo Freytter Romero elkarteak, bisita antolatu duenak, egiten duen lanaren garrantzia nabarmendu nahi dugu, bai eta Jorge Freytterren lana ere, zeinak herrialdea utzi behar izan zuen, paramilitarrek mehatxatua, bere aitaren hilketa eta gero. Azkenik, Magda Correa de Andreisen presentzia Euskadin garrantzitsua da ere, eskaini dezakeen lekukotza dela eta.

Izan ere, Magdak Habanako 2015eko elkarrizketetan parte hartu zuen eta bakerako dokumentuaren oinarriak zehazteko hizketakide gisa aukeratuak izan ziren biktimetako bat izan baitzen  
MC: Kritika handiak jaso nituen, jende askok ez zuen ulertzen elkarrizketa horien izango nuen partaidetza. Ni neu eszeptikoa nintzen ere Kubara joan aurretik; halere, oso baikor bueltatu nintzen Kolonbiara, bi aldeek adostasuna lortzeko nahi irmoa zutela ikuzi bainuen. Nire herrialdera bueltatu nintzenean Kuban bizitakoa hedatzeko erabakia hartu nuen, itxaropena transmititzeko xedearekin.

Bake prozesuak, halere, ezbehar handia pairatu zuen Santosen Gobernuak deitu zuen erreferendumean. Ezezkoaren garaipenak harridura handia sortu zuen atzerrian. Zein izan zen bake prozesuaren aurka egiteko arrazoia?
MC: Santosek gehiegizko konfiantza agertu zuen, ez zuen bake prozesua gizarteratu eta ezezkoaren lidergoa hartzea ahalbidetu zion Uriberi. Honek, kanpaina oso latza burutu zuen, hiritarrak limurtuz.

JM: Nire ustez, Santosek huts egin zuen bake prozesua erreferendumean babestera deitu zuenean.  Gehiegizko konfiantza agertu zuen. Ez zuen dokumentua behar bezala azaldu eta Uribek aipua kentzera eta desinformatzera bideratu zituen bere indar guztiak: enpresak desjabetuko zirela, pentsioak desagertuko zirela, Kolonbia Venezuela edo Kuba bilakatzeko arriskua zuela esan zuen. Kolonbiarren seme-alabak homosexualak bilakatuko zirela esatera iritsi zen ere. Hiritarrak izutu zituen, irakurketa-maila oso baxuak dituen herri batean. Bestalde, erreferendumean % 65eko abstentzioa izan zen, abstentziorik handiena baiezkoak irabazi zuen departamentuetan eman zelarik.

Nola bideratu da egoera?
JM: Hurrengo egunean, koma bat aldatu zuten hemen, s bat han, Kolonbiako gizarteari iseka eginaz. Halere, orduan ikusi ahal izan genuen Uriberen egiazko nahia zela bakerako justizia bereziarekin bukatzea, hori baita berak ikusten duen egiazko arazoa, aitorpena egiten duten gerrillariez gain militarrek izango baitzuten ere aipatuaz baliatzeko aukera, hau da, zigortutako Uriberen menpekoak beren zigorrak negoziatzen has zitezkeen. Kazetariak izututa daude ere, ez dira herrialdea terroristen eskutan utziko dela esaten duen bake akordioaren orrialdea zein den Uriberi zuzenean galdetzera ausartzen (Uribek berak erabili zuen argudioa kanpainan zehar).

«Alvaro Uriberen alderdia ez da alderdi politiko bat, droga-trafikatzaileak eta paramilitarrak ordezkatzen dituen mafia bat da»

Baiezko botoa laidoztatu egin da Kolonbian, erreferendumean baiezko botoa eman genuenoi Chavez-zaleak, gerrillariak deitzen digute, argudiorik gabe egiten dute zure aurka, amarru bat egiten dizute, lekukoak ordaintzera iritsi dira zure izena zikintzeko, amarru judizial bat egiten dizute. Zentro demokratikoa (Alvaro Uriberen alderdia) ez baita alderdi politiko bat, droga-trafikatzaileak eta paramilitarrak ordezkatzen dituen mafia bat da, gerrilla argudio gisa erabili zuen mafia bat; eta orain, desagertu egin denean, argudiorik gabe geratu dira.

Bakea, orduan, oso urrun dago oraindik Kolonbian
JM: Nire ustez, gauzak aldatzen ari dira Kolonbian, egunkariek hildakoak erregistratzera utzi diote. Kolonbian, egun, arreta fokua ustelkeria da , hori da nire herrialdearen gaixotasuna eta Alvaro Uribek epaitegietara joan beharko du bere Gobernuko funtzionario asko zergatik dauden hilketetan, droga-trafikoan, justiziaz kanpoko exekuzioetan, eroskerian, lapurretan, ustelkerian eta abarretan sartuta azaltzeko… Gobernuaren muntaia osoa azaleratzen hasia da. Gatazkako egiazko aurkako alderdia, Uribe, sartzen ez den bitartean oso zaila izango da bakea lortzea Kolonbian, Kolonbiako gatazka armatuaren erantzulea da. Bera da gatazkaren egiazko zioen ordezkari politikoa: lurren lapurretarekin harremana izan du, familiarik aberatsenei mesede egin die, paramilitarren aldeko legeak egin ditu…

Zer nolako arriskuak daude orduan prozesuak aurrera egin dezan Kolonbian?
MC: Hurrengo presidentea Alvaro Uribek jartzen badu, erbestera joan beharko dugu guk.

JM: Botere handia dauka. Alvaro Uribek sortzen duen izua Pablo Escobarrek 80ko hamarkadan sortu zuen horren berdina da. Boterera iristen bada berriz ere, bake akordioak bereak egin du.

Eta zeintzuk dira bermeak?
JM: Uribe epaileen aurrera eramateaz gain, egia ezagutu dadila. Herrialdeak egia aitortzen duen unetik, erabakiak hartzeko bere gaitasuna hobera egingo du. Arazoa da beren ardurak ezkutatu eta ukatzen dituztela. Correa de Andreis familiarentzat, erabilgarriagoa da Uribek krimenean izan zuen esku-hartzea jakitea, egile materialak kartzelan 30 urtez edukitzea baino.

Egoera horretan egonagatik, prozesuak arrakasta lortuko duen itxaropena al duzue?
MC: Nik bai, itxaropen hori daukat.

JM: Noski, horrexegatik gaude hemen eta horrexegatik hasi nuen liburuaren proiektua (‘Chuzadas: 8 años de espionaje y barbarie', Uriberen Gobernuari buruz); egin ez zituzten gauzengatik 8 urtez kriminalizatuta egon ziren biktima horiei ahotsa emateko proiektu handia bilakatu zen.

Egia behar dugu, jendeak kontzientzia har dezan; hori da falta zaiguna, egia ezagutzea, Kolonbia itxaropenaz beteriko herrialdea baita. Kolonbia herrialde hobeagoa izango da, baina bermeak behar ditugu eta berme hori egia da; eta kazetari naizen heinean, egia bilatzen jarraituko dut.