euskaraespañol

Amaia Izaolaren ‘Miradas entrecruzadas' liburuak etorkinei buruz zer-nolako iritzia daukagun aztertzen du

«Etorkinenganako begiradaren eta jarreraren bitartez eraikitzen dugu desberdintasuna»

  • Report

First publication date: 10/03/2017

Image
Amaia Izaola elkarrizketan. Argazkia: UPV/EHU

UPV/EHUko soziologo eta ikertzaile Amaia Izaolak, bere doktorego tesia jasotzen duen ‘Miradas entrecruzadas: la construcción social de la Otredad' liburuan, aztergai du nolako iritzia daukagun etorkinei buruz eta nola kategorizatzen ditugun hurbilen eta urrunen zaizkigun pertsonak.

Pertsonok inguruan dugun guztia kategorizatu ohi dugu, eta, noski, baita beste pertsona batzuk ere. ‘Miradas entrecruzadas:' liburuak, hain zuzen ere, etorkinak nola kategorizatzen ditugun azaltzen du. Amaia Izaola ikertzaileak etorkinen ibilbidean eta bizimoduan sakondu nahi izan du doktorego tesian, eta ikertu du nola ezartzen diren harreman sozial jakin batzuk immigranteen eta tokiko herritarren artean. "Gure ingurukoekin harremanak izaten ditugunean, kategoria sozial jakin batzuk sortzen ditugu, eta, horrela, pertsona batzuengandik gertuago edo urrunago egongo gara, haien jatorria zein den", azaldu du Izaolak.

Ikerketarako, oinarri hartu ditu Madrilgo Complutense Unibertsitateko nazioarteko migrazioak aztertzeko taldearen zuzendari María Ángeles Cea D'Anconaren datuak eta Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak bertako herritarren eta etorkinen perspektibari buruz emandakoak. "Hortik dator begirada gurutzatuen izenburua", esan du ikertzaileak.

Tokiko herritarrek gertuagokotzat jotzen dituzte jatorri latinoamerikarra duten pertsonak eta urrunagokotzat, berriz, errumaniarrak eta marokoarrak

Azterlanaren bidez, zehaztu du zein nazionalitate jotzen diren gertuagokotzat eta zein urrunagokotzat, baita zein faktorek baldintzatzen duten gertutasunaren eta urruntasunaren eskala hori ere. Alde horretatik, Izaolak egiaztatu du tokiko herritarrek gertuagokotzat jotzen dituztela jatorri latinoamerikarra duten pertsonak (boliviarrak eta kolonbiarrak, kasu honetan) eta urrunagokotzat, berriz, errumaniarrak eta marokoarrak. Ikusmolde hori bera dute, neurri batean, etorkinek ere.

Izaolaren hitzetan, "besteak gertukotzat edo urrunekotzat ditugun zehazteko faktoreetako bat, bitxia badirudi ere, kultura da, eta ez erlijioa. Jatorri latinoamerikarreko pertsonekin gertuagokoak zaizkigu hizkuntza eta kultura, eta ezaugarri jakin batzuk, historia eta abar partekatzen ditugu. Kasu honetan, parekotasun kulturalaren edo hizkuntzaren faktorea lotura oso sendoa da". Era berean, Izaolak nabarmendu du fisikoki antzekoak izateak ere elkartu egiten gaituela, nahiz eta batzuetan "itxurak asko eraldatzen digun begirada".

Jatorri txinatarreko kolektiboen kasua bestelakoa da: "A priori desberdinak dira eta euren nukleoak osatzen dituzte, baina uste da ez dutela arazorik sortzen lan merkatuari dagokionez; izan ere, oro har sare propioak izaten dituzte, komunitate itxietan bizi dira, euren kulturari eusten diote, ez dute gune publikorik okupatzen, eta harreman sozialetan ere ez dute arazorik ematen. Elementu horiek guztiak direla eta, tarteko posizio batean kokatzen ditugu", adierazi du Izaolak.

Landa lana

Ikerlana egiteko, UPV/EHUko soziologoak 32 elkarrizketa egin zizkien etorkinen profil jakin batzuei: Boliviako eta Kolonbiako kolektibo latinoamerikarrei, senegaldarrei, marokoarrei, txinatarrei eta errumaniarrei. Izaolak jakin nahi izan du zergatik etortzen diren gure gizartera, baina soilik faktore ekonomikoetan zentratu gabe: "Arrazoi horregatik ere etortzen dira, baina badaude familia berriz biltzearekin lotutako beste arrazoi batzuk ere". Bizimoduak ere garrantzia du: "Hemen, bizitzeko eta seme-alabak hezteko ingurune ‘atseginagoa' topatzen dute, nolabait esatearren".

Ikertzaileak bazter utzi nahi izan zituen bazterkeria egoeran zeuden immigranteak; 25 urtetik gorakoak izan behar zuten, eta EAEn denbora jakin bat bizitzen egon, hizkuntza arazorik eta iritsi berrien arazorik izan ez zezaten. Horrez gain, egoera ekonomiko nahiko egonkorra izan behar zuten, hau da, ez zuten gizarte laguntzen mende egon behar, eta familia eduki behar zuten hemen edo jatorriko herrialdean. "Zer ibilbide egin zuten ikusi nahi nuen, nolako harreman sozialak zituzten… Faktore ekonomikoa erabakitzailea izango ez zen alderdiak aztertu nahi nituen".

«Sentsibilitate handia dago lan honetan»

Izaola buru-belarri aritu da lan horretan; gainera, azkenerako aldi berean egin ditu "bi tesi paralelo: tesi zientifikoa alde batetik, eta tesi humanoa bestetik. Sentsibilitate handia dago lan honetan", dio.

Orain, azterlana eguneratu nahi du urte bukaerari begira, ikertzaileek lan horretako datuak erabili ahal izan ditzaten beste ikerlan batzuk egiteko. Halaber, "aztertu ditudan pertsona horietako batzuen istorioa bildu nahiko nuke, eta haietaz zer izan den ikusi". Beste ikuspegian sakontzeko erronka gelditzen zaio gainditzeko: "Itzulia geratzen zait, tokiko herritarrak, eta ez dira tiraderan geldituko", esan du, bukatzeko.