euskaraespañol

Zientzia eta Teknologia Fakultateak Kimikako XXX Euskal Olinpiada 2017 antolatuko du

When and where

10/03/2017 10/03/2017, 16:00 - 12:43

Location

Zientzia eta Teknologia Fakultatea
Sarriena. -48940- Leioa-Erandio (Bizkaia)

Image

Description

Ostiralean, 2017ko martxoaren 10ean,  16:00etan UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean (Barrio Sarriena s/n, Leioa) izango da Kimikako XXX Euskal Olinpiada 2017 lehiaketaren fase autonomikoa. Batxilergoko 37 ikasle gerturatuko dira proba egitera, 11 ikastetxetatik etorriak.  Pascual Román irakaslea da Euskal Autonomia Erkidegoko koordinatzailea, eta Espainiako Kimikako Errege Akademiaren Lurralde Ordezkaritzak eta Euskal Herriko Kimikarien Elkargo Ofiziala dira, berriz, antolatzaileak.

Ikasleek bi proba teoriko gainditu beharko dituzte ikasgela barruan, guztira hogeita hamahiru galdera eta bi buruketa. Notarik altuena lortzen duten ikasleak fase nazionalera joango dira. Bigarren fase hori Madrilen egingo da (Madrilgo Konplutense Unibertsitatean) apirilean, seguruenik hilaren 29 eta 30ean. Notarik altuenak lortzen dituztenek Kimikako Nazioarteko 49. Olinpiadan eta Iberoamerikako XXII Kimika Olinpiadan parte hartzeko aukera izango dute. Lehena Nakhon Pathom-en (Tailandian) egingo da 2017ko uztailaren 6tik 15era bitartean eta bigarrena Liman, Perun, Universidad Católica de Perú (PUCP) unibertsitatean 2017ko urriaren 8tik 15era.

Aintzatespen akademikoa jasotzeaz gain, Kimikako Euskal Olinpiadaren hiru irabazleek hainbat sari eta diploma jasoko dituzte, bai erakunde lokalek, bai Zientzia eta Teknologia Fakultateak emango dizkietenak.

Deialdi honetara ikasle gehien aurkeztu dituzten ikastetxeen artean Julio Caro Baroja BHI, Askartza Claret ikastetxea eta Erromo Aratza BHI nabarmentzen dira. Lehen ikastetxetik 10 ikaslek hartuko dute parte, eta beste bietako bakoitzetik 6k.
Lurraldeka, Bizkaiko ordezkaritza gailentzen da. Pascual Romanen hitzetan, Zientzia eta Teknologia Fakultatearen helburua da Kimikako Euskal Olinpiaden datozen edizioetan parte-hartzea handitzea.

Olinpiada hau gure autonomia erkidegoko batxilergoko ikasleei zuzendurik dago, eta honako hauek dira bere helburuak: ikasleek arlo zientifiko honekiko duten interesa  eta inplikazioa piztea, kimikak egungo munduan duen garrantzia azpimarratzea eta baita diziplina zientifiko horren garapena eta dibulgazioa sustatzea ere. Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleen ustez «egungo eta etorkizuneko erronka zientifikoei ezin izango zaie aurre egin  kimikan formakuntza jaso gabe, ez eta formazio zientifikorik gabe ere, beraz, biak ezinbestekoak dira ikasle-belaunaldi berrientzat».