euskaraespañol

50 urte Sarrikon hasi zirela

  • Photocampus

First publication date: 14/03/2024

Image

NON: Ekonomia eta Enpresa Fakultatea (Sarriko) NOIZ: 2024ko martxoaren 14a. NORK: Fernando Casabella. UPV/EHUko Komunikazio Bulegoa.

Gaur goizean, 1974an ikasketak hasi zituzten Sarrikoko berrogeita hamar bat ikasle ohi Ekonomia eta Enpresa Fakultatean batu dira berriro, 50 urte geroago, hain zuzen ere.

Oso promozio berezia da; izan ere, urte hartan, 1974an, ekitaldira hurbildu direnek gogoratu dutenez, ikasturtea urtarrilean hasi zen, Julio Rodriguez Francoren orduko Hezkuntza ministroak Estatuan egutegi akademiko latinoamerikarra ezartzea erabaki baitzuen, hau da, urtarriletik irailera. Esperimentu hura ez zen ikasturte amaierara iritsi, ministroa kargutik kendu baitzuten handik gutxira, eta gauzak "normaltasunera itzuli ziren".

"Hainbeste urteren ondoren, ikasgelei eskainitako espazioetan ibiltzea; txoko  ezberdinek izandako aldaketak behatzeak; Fakultatearen hazkundea, ia bikoiztu egin dena, ikusteak oroitzapenak eta emozioak piztu dizkigu. Elkarrekin bizi izan ditugun une hauek ahaztezinak izango dira guretzat", jakinarazi du Juan Carlos Miguel de Bustos UPV/EHUko irakasle eta 1974ko Sarrikoko ikasleak.

“Irakasleak, kargu akademikoak eta bedelak oroitzean anekdotak, atsekabeak eta pozak azaleratzen dira gure gogoan, egun urrun haiek ia atzo bezala berpizten baitira. Oraindik ez zegoen Euskal Herriko Unibertsitaterik, eta ia denok eramaten genituen Eduardo Chillidaren zientziaren zuhaitza zuten pegatinak, gaur egun hain berezia den irudia unibertsitatearentzat", gogorarazi du Koldo Uncetak, promozio hartako beste ikasle bat eta unibertsitateko katedradun erretiratua orain.

Jon Barrutia Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanoak harrera egin ostean, fakultatea bisitatu dute, Larrako Dorrea eta "txaleta" ahaztu gabe. Jardunaldiari amaiera emateko, bazkaria egingo dute Areetako jatetxe batean.