euskaraespañol

Begoña Sanz Echevarría, Usue Ariz López de Castro, Fátima Ruiz-Litago, Ainhoa Fernández Atutxa, Gloria Gutiérrez de Terán Moreno, María Jesús Mulas Martín

Bularra ematea erabakitzen duten emakume batzuek lortu egiten dute, eta beste batzuek, ez

UPV/EHUko eta Osakidetzako ikertzaileak

  • Cathedra

First publication date: 24/01/2022

Image

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Txertaketarekin batera, amagandiko edoskitzea sustatzea da pertsonen osasunean eragin handiena duen prebentzio jardueretako bat. Amagandiko edoskitzea jaiotzetik elikatzeko modu naturala da, eta, gainera, osasun arloko desberdintasunak murrizteko modu eraginkorrenetako bat. Are gehiago, amagandiko edoskitze esklusiboa elikaduraren urrezko patroitzat hartzen da bizitzako lehen 6 hilabeteetan.

Hala ere, bularra ematea erabakitzen duten emakume guztiek ez dute lortzen beren helburua eta edoskitze luzeaz gozatzea. Amagandiko edoskitzearen “arrakasta” faktore askoren araberakoa da.

Edoskitze gehiago lehen hilabetean tabakorik eta anemiarik gabe

Esku hartu ahal izateko ezagutzea beharrezkoa dela kontuan hartuta, artikulu honen egileok gure inguruko emakumeen artean (Bilbo), jaiotzatik 12 hilabete bete arte, amagandiko edoskitzearen arrakastarekin lotzen ziren prebalentzia eta faktore fisiologiko eta soziokulturalak ikertzea planteatu genuen.

Horretarako, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eta Euskal Osasun Zerbitzuaren (Osakidetza) arteko baterako ikerketa proiektu bat jarri genuen abian. UPV/EHUko Gizakiekin lotutako Ikerketetarako Etika Batzordearen (GIEB) oniritzia eta azterketa egiteko Osakidetzaren onespena jaso ondoren, bularra emateko asmoa zuten eta haurdunaldiko 20. astean zeuden 401 emakume errekrutatu genituen.

Ordutik eta haurtxoek urtebete bete zuten arte, honako hauei buruzko datuak eta informazioa biltzen joan ginen:

  • Amaren osasun parametroak haurdunaldian, erditzean eta erdiberriaroan, baita jaioberriarenak ere.
  • Alderdi soziodemografikoei, kulturalei eta afektiboei buruzko informazioa.
  • Haurdunaldian, erditzean eta amagandiko edoskitzaroan osasun profesionalek egindako esku hartzearekin zerikusia zuten datuak.

Jaio eta hilabetera, sei hilabetera eta urtera amagandiko edoskitzearen prebalentzian aztertutako parametro guztiek duten rola aztertzean, epe labur, ertain eta luzeko aldeak aurkitu genituen.

Hala, erditzetik hilabetera ikusi zen bazirela faktore fisiologikoak eta bizi ohiturei lotutakoak bularra ematearekin modu negatiboan lotzen zirenak, zehazki, haurdunaldiko tabakismoa eta erditze ondoko anemia.

Espainian jaio ez izanak ere bularra ematea errazten zuen lehen hilabetean, baina ez epe luzean. Azkenik, lehen hilabeteko edoskitze tasetan pisu handia zuen emakumeak haurrari bularra emateko erabakia haurdun geratu baino lehen hartzeak, bere osasun zentroko emaginak emandako ama/aita izateko prestakuntza eskoletara joateak eta haurrarekin batera lo egiteak.

Ama/aita izateko prestakuntza eskolak, haurrarekin batera lo egitea eta prestakuntza akademikoari

Seigarren hilabetera, edoskitzea modu positiboan lotzen da bikotea haurdunaldian ama/aita izateko prestakuntza eskoletara joatearekin.

Ikusi dugu, halaber, erditzean analgesiarik erabili ez zuten emakumeek, 12 urte baino gehiagoko prestakuntza akademikoa zutenek, jendaurrean bularra ematen eroso sentitzen zirenek eta haurrarekin batera lo egiten zutenek ere proportzio handiagoan eskaintzen zutela amagandiko edoskitzea, bai seigarren hilabetera, bai urtera.

Kontuan izan behar da zenbait praktika, edoskitzaroan oso goiz erabiltzen badira ere, modu negatiboan lotzen direla amagandiko edoskitzea epe luzera ezartzearekin eta mantentzearekin. Esate baterako, bizitzako lehen astean tetinak eta txupeteak erabiltzea eta ospitalean dauden bitartean mediku agindurik gabe formula bidezko osagarriak ematea.

Lan honen ondorio gisa, esan dezakegu gure ingurunean edoskitze naturala sustatzeko esku hartzeak honakoetara bideratu beharko liratekeela:

  • Amaren ohitura osasungarriak bultzatzera, batez ere haurdunaldian tabakoa kontsumitzeari dagokionez.
  • Anemia monitorizatzera eta zuzentzera, bereziki haurdunaldiaren azken hiruhilekoan eta erditu ondoren.
  • Ospitale politikak berrikustera, formula bidezko osagarriari dagokionez.
  • Haurrarekin lo egin nahi duten amei laguntzera, eta, horretarako, praktika seguruak zein diren eta zein egoeratan saihestu behar den azaltzera.
  • Emakumeen bikotekideak ama izateko prestakuntza saioetara joateko motibatzera.
  • Amagandiko edoskitzea ikusaraztera eta hori politika publikoen eta legeriaren bidez babestera, amek eta gizarteak modu positiboan balora dezaten haurrak elikatzeko modu hori.