euskaraespañol

Animalia eta landare gutxi dituzten espezieak ghettoetan antolatzen dira bizirik irauteko

UPV/EHUk ingurune lehiakorretako biodibertsitateari buruzko nazioarteko ikerketa batean parte hartu du, Nature Ecology & Evolution aldizkarian argitaratua

  • Research

First publication date: 17/12/2019

Image
Aztertutako komunitate ekologikoen artean, koralak daude (Bruno Glätsch).

Hirien antolaketaren antzera, animalia- eta landare-komunitateak ghettoetan edo auzo etnikoetan antolatzen dira. Horietan, espezie urrienak elkartu egiten dira, haien iraupena lehiakorrenen aurrean sustatzeko. Ekologiako patroi bikain hori da ingurune lehiakorretako biodibertsitateari buruzko nazioarteko ikerketa baten ondorio nagusia; ikerketa hori mundu osoko hirurehun komunitate ekologikotan baino gehiagotan egin da.

UPV/EHUko adituek parte hartzen duten nazioarteko ikerketa-talde batek egiaztatu du espezie arraroak –gutxi ugaritzat jotzen direnak– % 90ean elkarte modukoak eratzen dituztela aztertutako animalia- eta landare-komunitateetan.

“Animalia- eta landare-komunitateak hirietan, ghettoetan edo auzo etnikoetan egiten dugun moduan antolatzen dira”, zehaztu dute ikertzaileek. Antolaketa hori espezie arraroen iraupenaren baitan egon liteke, espezie ugarienen lehia-presioa saihets baitezakete, bai haien artean lankidetzan aritzen direlako, bai “mikrohabitat zehatzak edo biak batera” nahiago dituztelako.

Nature Ecology & Evolución aldizkarian argitaratutako ikerketen emaitzek lehiakortasun-giroetan biodibertsitatea mantentzeko azalpen orokorra ematen dute, eta, hala, lehiakortasun-bazterketaren printzipioari buelta bat ematen zaio. Izan ere, printzipio horren arabera, lehiatzeko gaitasun apalenak dituzten espezieak baztertuak behar lukete izan lehiakide eraginkorrenen aurrean.

“Eredu horrek azaltzen du baliabide berberen alde lehiatzen diren espezieak elkarrekin bizitzeko gai direla”, diote biologoek.

Azterketa horretan parte hartu duten Espainiako erakundeak hauek dira: Natur Zientzien Museo Nazionala, Alcalako Unibertsitatea, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea, Juan Carlos Erregea Unibertsitatea, Doñana-CSICeko Estazio Biologikoa, Madrilgo Unibertsitate Autonomoa, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea.

Giza gaixotasunetan izan ditzakeen aplikazioak

Azterketa egiteko, goroldio, belar, zuhaitz, intsektu, araknido eta koralen hirurehun komunitate ekologiko baino gehiago aztertu dituzte, mundu osoan banatuak.

Ikertzaileek azaldu dutenez, ghettoak edo taldeak atzemateko sareen teoria erabili dute, eta sareen mekanismoak aztertzeko, berriz, zenbakizko simulazioak aplikatu dituzte. Simulazio horien emaitzen arabera, oso ugariak ez diren espezieen arteko elkarketa beharrezkoa da mundu mailan behatutako koexistentzia-ereduak azaltzeko.

Aurkikuntza horiek ondorio sakonak izan ditzakete komunitate ekologikoen prestakuntza ulertzeko. Aplikazio horien artean, adituek honako hauek nabarmentzen dituzte: kontserbazioaren plangintza edo hesteetako mikrobiomarekin zerikusia duten giza gaixotasunen azterketa, “espezieak batera izatea funtsezkoa baita”.

“Hala ere, oraindik ez dira ezagutzen espezie arraroen elkarketak ahalbidetzen dituzten elkarrekintza eta mekanismo espezifikoak, eta horrek, halaber, beste ikerketa-lerro bat sustatu beharko luke bizitzaren zientzietako hainbat arlotan”, onartu dute.

Bibliographic reference