euskaraespañol

Astelehenean zabalduko da Zientzia Astea 2019ko jardueretan parte hartzeko izen-emate epea

Txokoez gain, 140 jarduera baino gehiago atondu dira aurten, tartean, tailerrak eta irteerak. Azken bi horietan izena ematea ezinbestekoa da

  • News

First publication date: 25/10/2019

Zientzia Astea 2019ko jardueretan parte hartzeko izen-emate epea
Zientzia Astea 2019ko jardueretan parte hartzeko izen-emate epea

Astelehenean, urriak 28, goizeko 9:00etan, irekiko da izen-emate epea, UPV/EHUren XIX. Zientzia Astea dela eta, Bilbon, Donostian, Barakaldon, eta Gasteizen antolatu diren tailer eta txangoetan parte hartu ahal izateko. Zientzia Astea ekitaldi ludiko eta pedagogikoa da, eta ekimen honen bidez, Euskal Herriko Unibertsitateak gizarteari zientzia hurbildu nahi dio, haren benetako xarma erakutsi eta gazte, heldu eta umeen jakin-mina piztuz. Azaroaren 6tik 10ra bitartean Bilbon eta Barakaldon egingo da XIX. Zientzia Astea, azaroaren 7tik 9ra Donostian eta azaroaren 7tik 10ra Vitoria-Gasteizen. Bilbon, Bizkaia Aretoan izango da; Barakaldon, Clara Campoamor Zentro Zibikoan; Donostian, Tabakaleran; eta, Vitoria-Gasteizen, Bibat Museoan.

Antolatutako 67 tailer eta 30 txangoen artean, gustu eta adin guztientzako ekimenak daude. Itsasoari, espazioari edota dinosauroei buruzko tailerrak, besteak beste. Bakteriak, estatistika, geologia, arkeologia edo janari-intolerantziak ezagutzeko aktibitateak antolatu dira. Esperimentuak egingo dira, papiroflexia ikasteko aukera izango dute partaideek baita ariketa fisikoa nola egitea hirugarren adinean ere erakutsiko da, esaterako.

Txangoen artean badaude, adibidez, itsasontziz ibilbideak, gure hirietan dauden sekretu geologikoak aurkitzeko ibilbideak, zientziako museotara, garraioetara edo upeltegitara bisitak.  Egitarau osoa Zientzia Astea webgunean dago ikusgai.  Aktibitate guztiak doakoak dira.

UPV/EHUren XIX. Zientzia Asteak beste hainbat aktibitate izango ditu: 67 tailer eta 30 txangoez gain, txokoak, erakusketak, zenbait hitzaldi, txikienentzako  zientzia-ikuskizunak ere egongo dira, baita Zientzia Club formula ere, umorea, musika eta zientzia osagaiak batzen dituzten bakarrizketak. Eta aurtengo nobedadea, “Jakinduriek mundue erreko dau” BetsoZientzia saioa.

Bakarrik tailerretan eta txangoetan parte hartzeko da ezinbestekoa izen-ematea. Bilboko, Donostiako eta Gasteizko izen-emateak zientzia-astea.eus webgunearen bitartez burutu beharko dira ezinbestez.

Bestalde, Barakaldoko erreserbak telefono edo email bidez egin beharko dira.  Erreserbak egiteko informazio guztia hemen dago: http://zientzia-astea.org/eu/zientzia-astea-barakaldo/