euskaraespañol

José M. Asua irakasleari LELOIR saria eman diote

  • Kronika

First publication date: 19/04/2023

Image
José M. Asua irakasleak LELOIR saria jasotzen | Photo: POLYMAT

José M. Asua Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateko Ingeniaritza Kimikoko katedradun eta POLYMAT Fundazioa Basque Center for Macromolecular Design and Engineering bikaintasuneko ikerketa-zentroko zuzendari zientifikoari LELOIR saria eman diote nekazaritzako zientzien, ingeniaritzaren eta materialen alorrean Argentinako gaitasun zientifikoak eta teknologikoak areagotzen laguntzeagatik. Argentinako gobernuak atzerriko zientzialariei ematen dien sari nagusia da. Ikertzailearen hitzetan “sari hau Argentinako ikertzaile handiekin elkarlanean egindako lanaren aitortza da, haien ekarpena funtsezkoa izan baita POLYMATen garapen eta kokapenean”.

José M. Asua Kimikan lizentziatua da Bilboko Unibertsitatean eta doktorea Zaragozakoan, doktorego ondokoa Liejakoan (Belgika) egin zuen. Urte sabatikoak egin zituen Lehigh-eko Unibertsitatean (USA) ‘Fulbright Scholar’ gisa eta Waterloo-koan (Kanada) irakasle bisitari gisa. Lovainako Unibertsitate Katolikoko (Belgika) eta Dortmundeko Unibertsitateko (Alemania) irakasle bisitaria ere izan da.

Industrian garrantzia duten polimerizazio prozesuetako funtsezko ikerketa egiten du. Horren xedea da polimeroen ekoizpen estrategia eskalagarriak garatzea, nanoegitura kontrolatuarekin. Estrategia horiek material sorta zabala ekoizteko erabili dira; itsasgarri garden eta eroaleetan aplikatzen da material hori, baita estaldura autokonpongarri eta fotokatalizatzaileetan eta oinarri biologikoa duten estaldura eta itsasgarrietan ere. Unibertsitatea-industria harremanak indartzea izan da bere lanean etengabe egin duen gauzetako bat.

Asua irakasleak 400 artikulu zientifiko baino gehiago idatzi ditu, 80 osoko hitzaldi eta gonbidatu eman ditu eta 60 doktorego tesi baino gehiago zuzendu ditu. Chemical Engineering Journal, Macromolecular Materials and Engineering, Macromolecular Reaction Engineering eta ACS Macro Letters aldizkarietako batzorde editorialeko kide izan da. Berrikuntza teknologikoaren Rhone-Poulenc saria lortu zuen 1992an, ikerketa arloko Euskadi saria 2005ean, Sevillako Unibertsitatearen eta García-Cabrerizo Fundazioaren “Profesor Martínez Moreno” kimika aplikatuko asmakuntza eta ikerketa saria 2015ean eta RSEQ-ren Bikaintasun Ikertzailearen saria 2017an. 2021az geroztik Frantziako Ikerketa Zientifikoko Zentro Nazionaleko Kontseilu Zientifikoko (CNRS) kidea da.