euskaraespañol

Berdeguneek izan dezakete zerikusirik haurren garapen kognitiboan

Psikologia Klinikoa eta Osasunaren Psikologia eta Ikerketa Metodologia Saileko ikertzaileek Haurtzaroa eta Ingurumena (INMA) proiektuan parte hartzen dute

  • Research

First publication date: 08/04/2024

Image
Mikel Subizak aztertu du bizitokiaren inguruko gune berdek eta urdinek haurren garapen kognitiboan duten eragina

UPV/EHUko zenbait ikertzailek 1.500 haur baino gehiagorekin egindako ikerketa batek ez du ebidentzia garbirik azaldu inguru berdeagoetan edo urdinagoetan bizitzearen eta lan-oroimenaren errendimendu handiagoa izatearen artean. Azterlanak agerian jarri du ikertzen jarraitu beharra dagoela, eta orain lanean dihardute ikerketa horixe bera Europako beste hainbat lekutan egiteko, LifeCycle proiektuaren esparruan (Horizon 2020).

Beti lotu izan da osasun hobea izatea inguru berde edo urdinetan —parkez, lorategiz, urmaelez, erriberaz eta abarrez inguratuta— bizi izatearekin, halakoetan kutsadura-maila txikiagoa espero baita. Hain zuzen, bizitokian gune berde eta urdinak eskuragarri izatea askotariko emaitzekin lotu izan da haurren osasunaren arloan, neurogarapenarena barne. Ikerketa batzuek erakutsi dute gune berdeago eta/edo urdinagoetan bizi diren haurrek puntuazio handiagoak lortzen dituztela ataza kognitiboetan; beste batzuek, ordea, ezin izan dute hori baieztatu.  

Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Klinikoa eta Osasunaren Psikologia eta Ikerketa Metodologia Saileko Mikel Subiza ikertzaileak galdera horri heldu nahi izan dio, horrelako espazioek osasunean eta garapen kognitiboan duten eragina ikertuz. Horretarako, Haurrak eta Ingurumena (INMA) ikerketako datuak erabili ditu. Azterlan horretan, “2000ko hamarkadan haurdun zeuden emakumeen kohorte bat bildu zen, haien datuak jaso ziren eta urteetan zehar jarraipena egin zitzaien, haien osasunaren eta seme-alabenaren bilakaera aztertzeko, hainbat eremutan”, aipatu du. Ikerketak estatuko hainbat lekutako sei eta hamabi urte arteko 1.500 haurren datuak erabili ditu. 

Aztergai izan dituzte “bizitokiaren inguruko gune berde eta urdinek haurren garapen kognitiboan (hau da, haien arreta-, oroimen- eta adimen-gaitasunean eta abarretan) dituzten eraginak, ikusteko ea puntuazio hobea lortzen duten inguru berdeagoetan bizi diren haurrek. Zehazki, haurren lan-oroimena aztertu dugu: oroimenaren eta arretaren eragin-truketik sortzen den funtzio exekutibo bat, informazioa denbora-tarte laburretan mantentzeko eta manipulatzeko aukera ematen diguna”, azaldu du Subizak. 

Naturgune handien eskuragarritasunak ez zuen lan-oroimenaren errendimendua iragarri 

Ikerketak ez zuen apenas frogarik topatu abiapuntuko hipotesia babesteko, hau da, “bizigune berdeago eta urdinagoetan bizitzeak lan-oroimeneko probetan hobeto aritzen laguntzen duela”. Subizak adierazi duenez, nazioarteko zenbait ikerketak ondorioztatzen du auzorik berdeenetan bizi diren gazteek emaitza hobeak lortzen dituztela adimen- edo oroimen-probetan, eta beste lan batzuek, aldiz, ez dute halakorik erakusten. “Gure ikerketan —gaineratu du Subizak— bizitokiaren berdetasunaren neurri batzuk lotuta daude lan-oroimenarekin, baina beste batzuk ez”.  

“Ikerketa-arlo honetako ebidentzia ahula bada ere, eta adostasun zientifikoa lortzeko oraindik lan egin beharra dagoen arren, gure emaitzek ekarpena egiten diote literatura espezifikoari, eta etorkizuneko azterlanak justifikatzen dituzte —esan du—. Berdeguneak izateak izan dezake zerikusirik haurren lan-oroimenarekin, baina ikertzen jarraitu beharra dago”. Ikertzaileak erantsi duenez, “badago ebidentzia iradokitzen duena berdeguneek, naturak, lagundu egiten digutela estres-maila txikitzen, gure arreta fokuratzen, eta neke mentaletik suspertzeko bidea ere ematen digutela, besteak beste. Garapen kognitiboari dagokionez, baina, ezin dugu oraindik ospakizunetan hasi, azterlan gutxi dagoelako eta ebidentzia oraindik ere mistoa delako”. 

Gaur egun, Subizak Europako LifeCycle (Horizon 2020) proiektuan dihardu lanean, eta proiektu horrek Europako hainbat kohorte-azterlanen ikerketa-datuak biltzen ditu. INMAren antzeko diseinua duen azterlan-sare bat da. “Lanean ari gara INMAko datuekin egin dugun analisi hori gutxi gorabehera 15.000 haurren datuekin erreplikatzeko, ikusi ahal izateko beste leku horietan antzeko zerbait topatzen dugun ala ez”, argitu du. “Uste dugu hirietan gune berde eta urdinek lagundu egin dezaketela haurren osasuna eta garapena hobetzen, baina lan handia egin beharra dago oraindik ere zehazteko zein prozesu psikologikotan eta osasun-prozesutan duten eragina eta zeintzuetan ez”, esan du Subizak, amaitzeko. 

Bibliographic reference