euskaraespañol

Berezko irakaskuntza eredu bat sendotzea, euskal gizartean errotua eta nazioarte mailakoa, UPV/EHUren helburu

Gobernu Kontseiluak 2018/2021 Plan Estrategikoa onartu du, helburu izango duena ere talentua erakartzea ikerketara

  • News

First publication date: 12/07/2018

Berezko irakaskuntza eredu bat sendotzea, euskal gizartean errotua eta nazioarte mailakoa, UPV/EHUren helburu
Berezko irakaskuntza eredu bat sendotzea, euskal gizartean errotua eta nazioarte mailakoa, UPV/EHUren helburu. (Argazkia: Laura López. UPV/EHU)

UPV/EHUren Gobernu Kontseiluak babes handiz onartu du 2018/2021 Plan Estrategikoa. Plan berria unibertsitateko kideen partaidetza zabalaz landu da, eta Gizarte Kontseiluak ere egin du bere ekarpena. Plan estrategiko berriak unibertsitatearen jarduna zuzenduko du datozen lau urteotan.

Egungo egoera aztertu ondoren, ahulguneei, indarguneei, mehatxuei eta aukerei buruzko diagnosia eginda, oinarrizko bost ardatz proposatzen ditu planak: 1) Prestakuntza, 2) Ikerketa, 3) Gizartearekiko harremana, 4) Pertsonak eta 5) Gobernantza eta Baliabideak. Ardatz bakoitzak helburu batzuk ditu, garatu beharreko ekintzak, eta helburuak zer mailataraino betetzen diren jakiteko adierazleak.

“Prestakuntza” ardatzean, bikaintasuna da UPV/EHUren xedea, eta berea duen irakaskuntza eredu baten bidez (IKD) lortu nahi du hori; eredu eleanitza, indartuko dituena prestakuntza duala, on-line irakaskuntza eta zeharkako gaitasunetan oinarritutako prestakuntza; nazioartekotzea sustatuko duen prestakuntza, sustraiak ahaztu gabe, eta beste hizkuntza eta kultura batzuetara zabalik egongo dena: apustu bikoitza, beraz, euskarazko irakaskuntza bermatzeko eta beste hizkuntza batzuetan ematen dena –ingelesez nagusiki– indartzeko.   

“Ikerketa” ardatzak ekimen sorta zabala proposatzen du: ikerlari gazteei laguntzea; talentua sortzea, zaintzea eta erakartzea; aitortutako ikertaldeei eta talde sortu berriei laguntzea; ikerketa lana sustatzea unibertsitate sailetan; beste I+G+b agenteekiko harremana indartuko duten azpiegitura berriak sortzea; ikerketa babesteko eta kudeatzeko zerbitzuak; ikertaldeen arteko lankidetza sendotzea; nazioarteko sareak eta kontsortzioak sortzea; azkenik, nazioarteko doktorego programak eta Europako lankidetzak sustatzea.

“Gizartearekiko harremanak” ardatzari dagokionez, bi helburu garrantzitsuenetakoak dira ezagutza gizarte agente publiko nahiz pribatuei transferitzea, eta UPV/EHUren partaidetza indartzea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean. Gainera, dibulgazio zientifikoa ere sendotu nahi da, ikusgarritasun handiagoa eman UPV/EHUk euskal gizarteari egiten dion ekarpenari, garapen jasangarrian duen eginkizuna indartu eta erakundearen inklusio politikak indartu nahi dira.

“Pertsonak” ardatzak indar berezia egiten du balioen transmisioan. UPV/EHUn, bikaintasunak bikaintasun etikoa ere hartzen du bere baitan: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, gutxiengoak errespetatzea, balio demokratikoak sustatzea, humanismo filosofikoa, jokabide etikoa izaki bizidunekin eginiko ikerketan, eta pertsona guztien aukera berdintasuna unibertsitatera sartzeko. Horrekin batera, hobetu egin nahi da unibertsitateko langileen egoera, egonkortasun eta kualifikazio handiagoa emanez irakasle-ikertzaileei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei, indartu egin nahi da kolektibo guztien nazioarteko mugikortasuna, sustatu egin nahi dira bokazio zientifikoak –emakumeen artean bereziki–, eta bultzada eman nahi zaio ekintzailetzari.  

Azkenik, “Gobernantza eta Baliabideak” izeneko bosgarren ardatzean, helburua da Gardentasun atariaren garapenean eta administrazio elektronikoan sakontzea. Baliabideei dagokienez, berretsi egiten da egonkortasun eta nahikotasun printzipioetan oinarrituko den esparru baten eskaera, gobernuaren konpromiso sendo baten bitartez, eta horrekin batera unibertsitatearen beraren erantzunkidetasuna ere nabarmentzen da (2017an, ia 10 milioi euro lortu zituen ezagutza transferentziari esker).  

Nekane Balluerka errektorearen hitzetan, “egin dugun plana oso handinahia da alde batetik, baina errealista ere bada. Euskal gizarteari eta erakundeei beren unibertsitatearekin konprometitzea eskatzen badiegu ere, konpromiso pertsonal eta kolektibo bat ere exijitzen diegu unibertsitateari berari eta haren kideei, bikaintasun akademikoan eta gizarte erantzukizunean oinarrituta egongo dena”.

II. Inklusio Planaren ebaluazioa

2012an UPV/EHUren II. Inklusio Plana onartu zenean, indartu egin zen ezgaitasunak eta hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleen arreta, arreta unitateak sortu ziren hiru campusetan, eta bultzada eman zitzaion aukera berdintasunari, planeko ardatz eta jardun programen bitartez. Ezgaitasunak dituzten pertsonen arreta zerbitzura jo duten ikasleen kopurua haziz joan da Plana martxan jarri zenez geroztik; 2016-17 ikasturtean, ezgaitasunak edo hezkuntza behar bereziak zituzten 309 ikasleri lagundu zitzaien. Txelo Ruiz Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak nabarmendu duenez, “II. Inklusio Planeko helburuen balantzea positiboa da, eta zerbitzura hurbildu diren ikasleek adierazi dute guztiz gogobete dituela jaso duten arretak. Hori akuilu da lanean jarraitzeko”.

Une honetan, UPV/EHUren III. Inklusio Planaren diseinua lantzen ari da, inklusioa ulertzeko ikuspegi zabalago batetik, aintzat harturik premia bereziak dituzten kolektibo guztiak; ez bakarrik hezkuntza arloko premiak, baita beste era batekoak ere (ezgaitasuna, errefuxiatuak, gizarte, ekonomia eta kultura arloan aukera berdintasunik ez duten kolektiboak, etab.).