Bilboko Hezkuntza Fakultateak Estatuko magisteritza ikastegi batean dagoen lehen MakerLab inauguratu du

Laborategi hori erabilera anitzeko egitura da, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikaskuntza/irakaskuntza prozesua dinamizatzera zuzendua

  • News

First publication date: 23/04/2021

Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Eva Ferreira eta Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz bertan izan direla, gaur, BHFMakerLab (BHF, Bilboko Hezkuntza Fakultatea) inauguratu da. Argazkia: UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Eva Ferreira eta Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz bertan izan direla, gaur, Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio eremuan, BHFMakerLab (BHF, Bilboko Hezkuntza Fakultatea) inauguratu da. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako arloen irakaskuntza/ikaskuntza prozesua bultzatzeko eremua da, STEAM bezala ezagutzen diren diziplinei (Science, Technology, Ingeniering, Arts, Mathematics) arreta berezia jarriz. Agintariek, fakultateko dekano Asier Romerok lagunduta, BHFMakerLab bisitatu dute.

Jarraian, errektoreak azpiegitura berriaren balore pedagogikoa azpimarratu du: “MakerLab hau era honetako lehenetarikoa da Estatu osoan. Gure ikasleak prestatzea du helburu, aurrerantzean, beren zeregin profesionalean, haurren prestakuntza zientifiko-teknologikoa txiki-txikitatik sustatu dezaten. Horrek berez balio handia du, baina gainera neskak disziplina akademiko horietan gaur egun dagoen genero-arrakala hausten ere lagunduko du”. 

Beste alde batetik, Jokin Bildarratz sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzan arlo honetan garatutako estrategia: “Duela ia 3 urte, 2018ko ekainean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jendaurrean aurkeztu zuen ‘STEAM Euskadi Estrategia’. Gure inguruan ezaugarri horiek zituen lehen estrategia globala zen. STEAM edukiek, zientziak, matematikak, teknologiek eta arteek – artea, kontzeptu humanista gisa ulertuta-, garrantzi handia hartu dute azken urteotan. Gure gizartea ezagutza horietan oinarritzen da oso modu esanguratsuan, eta badirudi datozen urteetan ere norabide berari eutsiko zaiola. Beraz, oso garrantzitsua da ikasleak ezagutza horiekin elkarreraginean aritu ahal izatea, prestakuntzaren lehen urteetatik hasita”. 

‘Maker Hezkuntza’ terminoa sortu zen maker mugimendua hezkuntza munduan sartzean. Maker laborategia hainbat ikaskuntza-espazioz eta materialez osatuta dago, Haur eta Lehen Hezkuntzako etorkizuneko irakasleekin jarduerak egiteko eta ikaskuntza-sekuentziak planteatzeko aukera emango dutenak. Horretarako, ikaskuntza eraikitzeko, objektuak edo proiektuak sortzean oinarritutako ikuspegia erabiliko da. Ildo horretan, horrelako espazioek duten potentzialtasun didaktikoa, aztertu ahal izango dute, ikaskuntza garatzeko eta 2 urtetik 12 urtera bitarteko ikasleek gaitasunak eskuratzeko ikasleek. 

Maker Hezkuntzak STEAM diziplinei batera heltzeko beharra azpimarratzen du, bata bestearen ondoren pausu hauek emanez: ezarritako arazoa aztertu, modelizatu, hura konponduko duen objektu/sistema bat sortu (teknologikoki) eta emandako irtenbidea sendoa eta eraginkorra den egiaztatu. 

Planteamendu hori gauzatu ahal izateko, BHFMakerLab laborategiak material hauek dauzka: 

  • Hezkuntza-robotak: etapa goiztiarretara bideratutako robotak dira (2-7 urte), eta kasu gehienetan oinarrizko programazio-kontzeptuetara hurbilduko dira, manipulazioaren eta jolasaren bidez (Beeboots, Matalab, Aysol...). 
  • Objektuak eraikitzeko eta sortzeko materiala: eraikuntza kitak dira; ikasleek robot-objektu bat sortu behar dute, planteatutako erronka bati irtenbidea emateko. Kasu honetan, eguneroko bizitzarekin lotutako zereginak proposatzen dira, non roboten eraikuntzak eta programazioak irtenbidea eman dezaketen (7-12 urte).  
  • Hezkuntza-programazioko materiala: laborategiak behar praktiko bati erantzun diezaioketen objektuak sortzeko aukera ematen duen materiala du. Arduinoek, raspberry pi'sek, makey-makeyek eta abarrek osatzen dute funtsezko oinarria, eta horietatik abiatuta sortzen dira dagozkien materialak. 
  • Elektronikako eta zirkuituen eraikuntzako osagaiak edo teknologikoki aberastutako objektu txikiak: artelanak, musika-tresnak eta abar sortzeko erabiliko dira.  
  • 3D betaurrekoak, tabletak, 3D inprimagailuak, laser-ebakitzailea: helburua da 3D hezkuntza-softwarea erabiltzea eta ikasgelan duten potentzialtasuna aztertu, software-diseinuaren bidez objektuak sortu, etab. 

Gainera, BHFMakerLab laborategiak ad hoc sortutako horma-irudi bat du. Zehazki, neurri handietako pintura da, eta artearen historiari eta zientzia eta teknologiari egindako ekarpenei buruzko erreferentzia bisualak ditu. Artelan ireki eta garaikidea da, STEAM kontzeptuak bezala, etorkizunari begiratzen diona, genero-ikuspegitik ere, diziplina horiei eta diziplina horietan parte hartu duten emakumeei buruzko erreferentziak jasotzen baititu.