euskaraespañol

Ander Gutiérrez-Solana Journoud

Aljeriaren eta Espainiaren arteko gatazkan, Aljeriak bere alde du nazioarteko zuzenbidea

Nazioarteko Zuzenbide Publikoko irakasle agregatua

  • Cathedra

First publication date: 27/06/2022

Image

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Azken asteotan, desadostasun berriak ikusi ditugu Mendebaldeko Sahararen auzian. Guerguerat mugako herrian Marokoren eta Fronte Polisarioaren artean gertatutako gorabeheren ondorioz (2020ko azaroan) nazioarteko agertokira itzuli zenetik, Saharako lurraldearen inguruko gatazkak indarra eta ikusgarritasuna lortu du hedabideetan. Ordutik, ekintza eta erreakzio politikoetan oinarritu dira gertaerak, baita esparru juridiko aplikagarriaren inguruko eztabaidetan ere.

Gatazka hori 47 urtez baino gehiagoz luzatu da, eta aurreko artikulu batean dagoeneko aipatu genituen nazioarteko zuzenbideak gatazkari ematen dion erantzunaren eta ekintza politikoen arteko desberdintasunak.

Kronologikoki, Marokok akordio militarrak ez betetzearen ondorioz su etena hautsi zenetik, lau gertaerak finkatu dute zenbait eragileren posizionamendua:

  1. Donald Trumpen adierazpena, lurraldearen gaineko subiranotasuna aitortzen zuena.
  2. Espainian Brahim Galiri eman zitzaion arreta medikoa, COVID-19a zela eta.
  3. Marokoren erreakzio diplomatikoa eta migratzailea.
  4. Espainiako Gobernuaren jarreraren bidaia politikoa, gatazkaren irtenbide posibleei dagokienez.

Nazioarteko zuzenbidearen ez-betetzeak

Jarrera aldaketak ez dio eragiten Mendebaldeko Saharak lurralde ez-autonomo gisa duen izaerari, ez eta alderdien estatusari ere. Hala ere, argi dago Espainiako Gobernua aldendu egiten dela bai nazioarteko zuzenbidetik bai lurraldeko potentzia administratzaile gisa dituen erantzukizun juridikoetatik. Eta, hain zuzen, horixe gogorarazi zion Nazioarteko Zuzenbide Publikoko eta Nazioarteko Harremanetako Irakasleen Espainiako Elkarteak (AEPDIRI) Albares ministroari.

Elkartearen arabera, aldaketa horren ondorioz, ez da betetzen Sahararen kasuari aplika dakiokeen nazioarteko zuzenbidea, arrazoi hauengatik:

  • Ez da kontuan hartu saharar herriaren erabakitzeko eskubidea, Nazio Batuen hainbat ebazpenetan aipatzen bada ere.
  • Ez da bete autodeterminazioko erreferenduma egitea bermatzen duen betebeharra.
  • Alde batera utzi dira Marokok Saharako lurraldeetan egiten dituen giza eskubideen urraketak (nazioarteko erakunde askok dokumentatu eta salatu dituzte).

Aljeriaren erreakzioa

Ondorioak zuzenbidearen ikuspegitik argitu ondoren, komeni da Aljeriaren erreakzioa aztertzea: jakitera eman duenez, eten egin ditu Laguntasuneko, Auzoarte Jatorreko eta Lankidetzako Ituna eta Espainiarekin zuen merkataritza harremana.

Hori, baina, ez da izan Aljeriak Espainiaren jarrera aldaketari dagokionez izan duen lehen erreakzioa; aldiz, lehen hartutako erabakiei gehitzen zaien neurri bat da, eta horien artean sartzen dira, besteak beste, Aljeriak Madrilen duen enbaxadorea kontsultara deitzea eta Espainiarekin aireko loturak etetea.

Ekintza horiek nazioarteko egoera juridikoan nola kokatzen diren ulertu ahal izateko, zehatz-mehatz aztertuko dugu azken neurri hori, zalaparta mediatiko, politiko eta juridiko handia sortu baitu.

Non dago erabakitzeko eskubidea?

Espainiako Gobernuak aitortu egin du Marokok Mendebaldeko Sahararen gain duen subiranotasuna, eta horrek esan nahi du bi aldiz urratzen duela nazioarteko zuzenbidea. Alde batetik, aginduzko arau orokor bat urratzen du. Estatu guztiek errespetatu behar dute, nahitaez, kolonia baten mende dauden herrien erabakitzeko eskubidea; kasu honetan, saharar herriarena.

Bestetik, aurreko koloniako potentzia administratzaile gisa duen betebeharra urratzen du: bermatzea bere kolonia izandako lurraldeak erabakitzeko eskubidea duela. Nazioarteko Justizia Auzitegiak ez ezik, NBEko Batzar Nagusiak ere berretsi du betebehar hori.

Nazioarteko ordenamendu juridikoak aintzat hartzen ditu hutsegite horiek, batez aginduzko arauetatik eratorritako betebeharrak betetzen ez direnean, eta aurreikusiak ditu ondorioak. Hortaz, Espainiak nazioarteko ordenamendu juridikoaren egiturazko zati den arau bat larriki urratzen badu, ezin du espero ez duela erreakziorik izango.

Izan ere, Estatuen legez kontrako egitateei aplikatzen zaizkien nazioarteko erantzukizunari buruzko nazioarteko arauek ondorio astun eta azkarrak aurreikusten dituzte aginduzko arau batetik eratorritako betebehar bat larriki urratzen duten herrialdeentzat.

Nazioarteko komunitateko estatu guztiek betebeharra betetzen ez den unetik bertatik erreakzionatu behar dute, jokabide hori eragin duen Estatua betebeharra betetzera behartzeko. Horrela, Espainiak saharar herriaren erabakitzeko eskubidea nabarmen eta larriki urratzen duenez, eta Marokoko erregimenaren inbasio militarraren ondorioak onartzen direnez, estatu guztiek legezkotasunera itzultzea exijitu behar diote Espainiari.

Eskakizun horri jaramonik egin ezean –halaxe egin du Espainiako Gobernuak–, presio neurriak ezar ditzakete eta ezarri behar dituzte, jokabide hori geldiarazteko. Ezarri “behar” dituztela diogu, estatuak nazioarteko ordenaren funtsezko printzipioak babestera behartuta daudelako; pasibotasuna ez da aukera bat.

Aljeriak bere alde du nazioarteko zuzenbidea

Neurri horiei kontraneurriak deritze (aldez aurreko legez kontrako jokabideei ematen zaien erantzuna delako), edo, arruntago esanda, errepresaliak, eta barne hartzen dute dagozkion betebeharrak betetzen ez dituen Estatuarekin aldez aurreko akordioak eteteko aukera. Eta Aljeriako Gobernuak eskubide eta betebehar hori baliatu du, nazioarteko zuzenbidea zorrotz betez. Espainia larriki urratzen ari da nazioarteko zuzenbidea, eta Aljeriak erreakzionatu beharra dauka.

Espainiak ez die jaramonik egin Aljeriak legezkotasunera itzultzeko egin dizkion eskakizunei, eta, beraz, Laguntasuneko, Auzoarte Jatorreko eta Lankidetzako Ituna etetea kontraneurri zilegi bezain beharrezkoa da, eta espero zitekeen. Kontraneurriek, zuzenbidearekin bat etortzeko, itzulgarriak eta proportzionalak izan behar dute, eta indarra erabiltzeko aukera baztertu behar dute.

Aljeriako Gobernuaren erabakia ezin hobeto egokitzen da irizpide horietara: aurreko egoerara itzultzeko, Espainiako Gobernuak saharar herriaren erabakitzeko eskubidea aitortu behar du, besterik gabe. Kontraneurria itun bat etetean datza; beraz, atzera itzultzen erraza da.

Proportzionala ere bada, ez baitio nazioarteko ordenari eragiten. Espainiaren erabakiak ez bezala, sahararren giza eskubideak babesten ditu, eta ez die eragiten Espainiako herritarren eskubideei.

Neurriak, kontraneurriak eta ondorioak

Lurraldeak indarrez hartzeko debekuak Errusiarentzat bezain baliozkoa izan behar du Marokorentzat. Eta beti dakar nazioarteko zuzenbidearen elementu nagusi bat defendatu beharra. Merkataritza lankidetzarako aldebiko itun bat etetea, jakina, ez da Espainiak (edo Marokok edo Errusiak) izan duen jokabidearen larritasunaren parekoa.

Espainiak bazekien –edo jakin behar zuen– Marokoko erregimenaren jokoan arituz gero nazioarteko egiturazko arau bat urratuko zuela. Jakin behar zuen, halaber, Aljeria, Espainiaren bazkide garrantzitsua bada ere (Aljeriari esker, Espainiak ez du jasan Europako gainerako herrialdeak gasari dagokionez pairatzen ari diren krisia), Mendebaldeko Sahararen bazkide ere badela, eta, beraz, gogor erantzungo zuela.

Espainiak eta EBk Aljeriako Gobernuari egindako eskaerak eta mehatxuak nazioarteko legezkotasunetik kanpo daude, ez baita Magrebeko herrialdearen alde bakarreko ekintza bat, Espainiak nazioarteko zuzenbideari egindako eraso larriari eman beharreko erantzuna baizik.

Espainiak eta EBk ezin dute Aljeriaren aurkako ondoriorik aktibatu, Aljeriak ez duelako nazioarteko araurik urratu. Magrebeko estatuak presio neurriak ezar ditzake –eta ezarri behar ditu–, aurreko akordioak haustea badakarte ere, harik eta Espainiak Marokoren aldeko posizioari uko egiten dion arte. Horixe da kontraneurrien berezitasuna: arau txikiagoak ez betetzeko aukera ematen dute, aginduzkoak betetzea lortzeko.

Aukera edo betebeharra

Marokoko erregimena oso boteretsua da politikaren aldetik, AEBek, Frantziak eta Espainiak babesten dutelako, baina haren jardunak ez du oinarri juridikorik. Gatazka horretan, nazioarteko zuzenbidea urratzearen alde jarri dira EB eta Espainia; Aljeria, aldiz, hura betetzearen alde.

Espainiak lehenbailehen itzuli behar du nazioarteko esparru juridikora. Eta EBk nazioarteko zuzenbidea babestu behar du. Etikaren aldetik, ez du zentzurik Errusia Ukrainan egiten ari den inbasioa onartezina dela esatea Maroko Mendebaldeko Saharan egiten ari dena babesten duen bitartean.

Gatazka hori ezin da izan “Bermudako hiruki” bat, alegia, ezin da nazioarteko legezkotasuna desagerrarazi. Espainiak eta EBk pisu diplomatikoa galdu dute, bai koherentzia faltagatik, bai nazioarteko zuzenbidearekiko errespetu faltagatik baita aldebiko politika izateagatik ere.