euskaraespañol

UPV/EHUko zientzia parkeak munduko kriomikroskopio elektronikorik aurreratuena du

Biologiaren mundua eskala atomikoan deszifratzeko aukera emango du; gaixotasun neurodegeneratiboetarako eta hainbat minbizi-motarako farmako eta tratamendu berriak garatzeko bide ematen du honek, baita txerto berriak garatzeko ere

  • News

First publication date: 15/12/2021

Eva Ferreirak, Jokin Bildarratzek, Cristina Uriartek eta Iñigo Urkulluk Iban Ubarretxena Biofisika Institutuko zuzendariak kriomikroskopioari buruz emandako azalpenak entzun dituzte.
Eva Ferreirak, Jokin Bildarratzek, Cristina Uriartek eta Iñigo Urkulluk Iban Ubarretxena Biofisika Institutuko zuzendariak kriomikroskopioari buruz emandako azalpenak entzun dituzte.

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua eta Eva Ferreira errektorea, besteak beste, UPV/EHUko Zientzia Parkean dagoen Biofisika Institutuan izan dira gaur goizean, zentroak duen kriomikroskopio elektroniko berria ezagutzeko. Titan Krios G4 izeneko kriomikroskopioa hori Biologiaren mundua eskala atomikoan deszifratzeko aukera ematen duen lupa da.

Ekipamendu berri hori erosita (5,5 milioi euroko inbertsioa), Euskadi Europako erreferentzietako bat bihurtu da biologia estrukturalaren arloan.

Azken belaunaldiko kriomikroskopia elektronikoa (crioME) inpaktu handia ari da izaten gaur egun Biozientzietan eta Bioteknologian, eta benetako iraultza eragiten ari da Biologia estrukturalean, mundu zabalean. Teknologia horri esker, proteinen, birusen, zelulen eta ehunen egitura ikus daiteke aurrekaririk gabeko bereizmen batean, eta horrek aukera ematen du gaixotasun neurodegeneratiboen eta hainbat minbizi-motaren aurkako estrategia terapeutiko berriak garatzeko, edo epidemiei eta pandemiei aurre egiteko txertoak eta tratamenduak lortzeko, SARS-CoV-2ak eragindakoa barne.

Era berean, Titan Krios G4 azken belaunaldiko kriomikroskopioa gaixotasun neurodegeneratiboen (Alzheimerra eta Parkinsona), hainbat minbizi-motaren eta nahasmendu metabolikoen (kolesterolemia eta diabetesa) oinarri estrukturalak deszifratzeko erabiliko da. Ondorioz, baita gaixotasun horien aurkako farmakoak eta terapia berriak garatzeko ere.

Ekipamendu berria Euskadiko gainerako ikertzaileentzat ere egongo da eskuragarri, arlo honetan lan egiten duten ikerketa-taldeentzat eta beste zentro batzuetako kide direnentzat: BERC (Basque Excellence Research Centre), CIC (Ikerketa Kooperatiboko Zentroak), baita unibertsitateentzat, Osasun Ikerketako Zentroentzat, Teknologia eta Berrikuntza Zentroentzat eta sektoreko enpresentzat ere. Teknologia berri hau barneratzeak eragina izango du ZTBES sarearen eraldaketan, eta Euskadiren garapen teknologikoa bultzatuko du Biozientzietan eta Biomedikuntzan, RIS3 Euskadi 2030 estrategiaren barruan.

UPV/EHUren Leioako Zientzia Parkean dagoen Biofisika Institutua ikerketa-zentroak irailaren amaieran jaso zuen kriomikroskopio elektronikoa. Une honetan azken instalazio-fasean dago (batez beste 3 eta 5 hilabete artean iraun ohi du) eta hilabete honen amaieran bertan prest eta martxan egotea aurreikusten da.