euskaraespañol

Dircom Plus proiektua: komunikazioko profesionalak sortzen lehen mailatik

Komunikazio Zuzendarien Elkartea, unibertsitatearekin batera, lanean ari da ikasle berriak laneko errealitatera gerturatzeko ekimen batean.

  • Report

First publication date: 27/05/2021

Sariak banatzeko ekitaldian parte hartu zuen ikasle taldeak (COVID dela eta, gainerakoek bideokonferentzia bidez parte hartu behar izan zuten). Argazkia: Mitxi
Sariak banatzeko ekitaldian parte hartu zuen ikasle taldeak, Miren Gabantxo, David Tazueco eta Cristina López Romerarekin (COVID dela eta, gainerakoek bideokonferentzia bidez parte hartu behar izan zuten). Argazkia: Mitxi

Dircom [+] proiektuak agerian uzten du ohiko praktikak ikasleentzako erronka paregabe bihurtu daitezkeela. Ekimenaren sustatzaile Miren Gabantxo-Uriagerekak, ikasleek eta kolaboratzaileek kontatu digute proiektu honek lehen mailako ikasleak komunikazio zuzendaritzaren laneko errealitatera gerturatu dituela, espero baino askoz zirraragarriagoa izan den lehiaketa baten bidez.

“Ez ginen jabetzen proiektu honetan parte hartzean genuen zorteaz. Unibertsitatera heldu berriak gara eta benetako profesionalekin batera lan egiteko aukera izan dugu, zeinak profesional gisa tratatu gaituzten; orain arte ez naute sekula horrela tratatu”. Lucía Diéguez kazetaritzako lehen mailako ikaslea eta Dircom [+] proiektuaren irabazleetako bat da. Ekimen hori Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean antolatu da, “Komunikazioa eta Publizitatea: Konbentzitzeko Estrategiak” irakasgaiaren irakasle Miren Gabantxo-Uriagerekaren eskutik, DIRCOM Norte Komunikazio Zuzendarien Elkartearekin eta DT Creativos enpresako David Tazuecorekin lankidetzan.

“Solasaldi informal batean sortu zen ideia”, azaldu du Gabantxo-Uriagereka irakasleak; “Dircom Norte elkarteko kideei galdetu nien zer egin nezakeen ikasleei komunikazio zuzendarien lana zertan datzan azaltzeko; izan ere, paradoxikoki, komunikazioko langileoi zaila egiten zaigu gure lana zertan datzan azaltzea”.

Horrela, praktikak lehiaketa bihurtu zituzten: ikasleek zortzi asteko epea izango zuten aipatutako elkarteko kideak elkarrizketatuz bi minutuko bideo-erreportaje bat egiteko. Bideoetan jaso beharko zuten elkarrizketatuen lana zertan datzan eta zeintzuk diren beren funtzio nagusiak. Aldi berean, beste lantalde batzuek beste bideo bat egin beharko zuten, non making off deritzona jasotzen zen. “Talde bakoitzeko elkarrizketaren errealizazio-prozesuaren garapen osoa azaldu behar genuen”, adierazi du Gaizka Lasok, Making Off kategoriako talde irabazleko kideak, “produkzioa, elkarrizketatuari hitzordua adosteko egin beharreko telefono deiak, elkarrizketak, muntaia…”.

Laurogei ikasleko taldeak, “zerotik abiatuta, dena egin behar izan zuen”, azaldu du DT Comunicación enpresako sormen zuzendari David Tazuecok, zeina tutore lanetan ibili ohi den Komunikazioko graduetako azken mailetako ikasleek bere enpresan egiten dituzten praktiketan, baita ekimen honen funtsezko kolaboratzailea ere.

Lehen zeregina Dircom Nortek prestatutako elkarte horretako profesionalen zerrendatik elkarrizketatuko zuten pertsona aukeratzea izan zen. “Telefonoz deitu, negoziatu eta elkarrizketa grabatzeko hitzordua eskuratu behar zuten”, azaldu du Tazuecok.

“Elkarrizketa lortzeko hainbat traba jarri genizkien, eta primeran moldatu ziren”, jakinarazi du Dircom Norteko idazkari eta Arteche taldeko Komunikazio Korporatiboko arduradun Cristina López Romerak; harentzat, “ekimen hau oso esperientzia aberasgarria izan da, guztiok ikasi dugu zerbait”.

“Dena zen berria: ez genekien nola lortu hitzordu bat eta oraindik ez dugu izan mota honetako bideo bat nola sortu irakatsi digun irakaslerik”, adierazi du Miriam Guadillak, zeina Ikus-entzunezko Komunikazioko ikaslea eta Erreportaje kategoriako lehiaketaren irabazleetako bat den. “Asko ikertu behar izan genuen lana egiteko, bideoari zein estilo eman erabaki…”. “Hori da”, berretsi du Kazetaritzako ikasle Ekaitz Intxaustegik, “dokumentazioa gure lanaren ezinbesteko atala izan da”.

“Bideo-erreportajeak egiteko, taldeek fakultateko materialarekin egin zuten lan: kamerak…”, azaldu du Miren Gabantxo-Uriagerekak. “Laneko errealitatetik hain gertu dauden mota horretako praktikek –gehitu du irakasleak– ikasleei laguntzen diete enpresek nola funtzionatzen duten ezagutzen, eta ikasleek ez dute graduaren azken mailetara itxaron behar horretarako. Nolabait, beste pauso bat da Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak azken mailetan eskaintzen duen prestakuntza dualaren norabidean, zeinari esker, ikasleek graduan aurrera egin dezaketen beren esparruko enpresa batean lan eginez, irakasleek prestakuntza prozesu horren jarraipen akademikoa egiten duten bitartean”.

Esperientzia honetan parte hartu duten ikasleek beren poza adierazi dute; “gustatuko litzaidake irakasgai guztiak horrelakoak izatea”, adierazi du Ekaitzek. Miriam ere bat dator: “horrelako aukera gehiago nahi ditugu, guregan konfiantza izan dezaten”. Lidiak, bere aldetik, hau uste du: “soilik horrela jakin dezakegu aukeratutako bidea gustuko dugun; modu honetako praktikekin mundu erreala nolakoa den ezagutzen dugu”. Gaizkak adierazi du hobe izango litzatekeela bere klaseko ikasle guztiek parte hartu izan balute halako praktiketan: “nire taldetik, soilik parte hartu ahal izan dugu irakasle honekin ikasi dugunok; pena da gainontzeko ikasleek aukera hori eduki ez izana”.

Dircom Norteko arduradun López Romerak adierazi duenez, “batzuetan ahaztu egiten zaigu oraingo gazteak gure lankideak izango direla, gure etorkizuneko talentua, alegia”.

Orain, talde irabazleek sariaz gozatuko dute: goiz bat igaroko dute proiektuarekin lagundu zien Dircom-arekin, lehen pertsonan bizitzeko nolakoa den horien lana. Bitartean, Gabantxo-Uriagerekak, David Tazuecok eta Cristina López Romerak Dircom [+] proiektuaren bigarren edizioarentzako ideia berriak lantzeari ekingo diote; izan ere, lehiaketa horretan, zalantzarik gabe, lehiakide guztiek dute irabazi izanaren sentsazioa.