Asset Publisher

Plan Estrategiko berriaren zirriborroa aurkeztuko du errektoreak hiru campusetan

First publication date: 15/01/2026

Entzute birako une batean

1.200 kide baino gehiagok parte hartu dute errektoretza taldeak unibertsitateko komunitatearekin egindako entzute-biran. “Jasotakoa itzultzeko” aurkezpenak egingo dira Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Leioan. 

Datozen hiru urteetako Plan Estrategikoa komunitate osoaren artean osatzeko hartutako konpromisoa bete du Joxerramon Bengoetxea errektoreak. Unibertsitateko zentro guztiak igaro ditu irailetik hona eta 1.200 kide baino gehiagorekin iradokizunak, premiak eta ikuspegi estrategikoa bertatik bertara trukatzeko aukera izan du.  

Sarean zabaldutako mezu baten bidez, esker ona adierazi die 43 saioetara bertaratutako persona guztiei “EHUren etorkizunaren inguruan adierazitako interes eta konpromisoarengatik, eta egindako ekarpenengatik”. Iragarri du, era berean, “jasotakoa itzultzeko”, Plan Estrategikoaren zirriborroaren aurkezpenak egingo direla otsailean hiru campusetan: 

Aurkezpenak 

  • Otsailaren 2an 12:00etan Bilboko Ingenieritza Eskolan. II Eraikinean (Areto Nagusia P0M2) 
  • Otsailaren 6an 10:00etan Gasteizen, Arabako Campuseko Pabiloian 
  • Otsailaren 9an 09:30ean Leioan, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Paraninfoa 
  • Otsailaren 13an 10:00etan Donostia, Ignacio Mª Barriola Ikasgelategia

Hitzordu horietara bertaratu ezin direnei begira, saioak Teams bidez jarraitzeko aukera eskainiko dute, aldez aurretik, galdetegi hau betetzen dutenek. 

Hurrengo urratsak 

Otsailaren hasieran bertan jarriko da dokumentuaren behin-behineko bertsioa kontsulta publikoan; unibertsitateko komunitateko kide orok aukera izango du, horrela, bere ekarpenak helarazteko. Otsailaren 5eko Gobernu Kontseiluan edukia partekatuko da, eta, azkenik, martxoaren 16ko Klaustroan onartuko da, klaustrokideek hala erabakitzen badute.