200dik gora plazako lan eskaintza publikoa egingo du EHUk irakasleen plantila egonkortzeko eta promozionatzeko
2025eko EPEan indarreko birjartze tasa aplikatuta 169 plaza sortzea ahalbidetu du gobernu kontseiluak eta gainera 2024an atera ziren promoziorako 56 plazak ere onartu ditu
First publication date: 15/01/2026
Irakasle eta ikertzaileen 2025eko Enplegu Eskaintza Publikoa (EPE) onartu zuen gobernu kontseiluak abenduan izandako bileran. Guztira 169 plaza izango dira txanda librean. Horietatik, 50 irakasle titularrak, 88 (+5) irakasle agregatuak (binkulatuak) eta beste 26 ikerlari doktore iraunkorrenak (I3 eta R3 ziurtagiria duten ikerlarientzat).
EPE horrek jarraipena ematen dio plantila egonkortzeko hasitako bideari, indarrean dauden erreposizio tasak ahalbidetzen duen egonkortzeko plaza guztiak ateraz. Oraingoan Unibertsitateko Titularren plazen kopurua igo egin da eta tokia egin zaie plaza binkulatuei. Horrekin guztiarekin lortu da murriztea akreditazioak dituzten behin behineko IRIen itxaron zerrenda. Hala ere, oraindik 300dik gora akreditatutako behin-behineko IRI daude zain bere lanpostuan egonkortasuna lortzeko. Hurrengo urteetan ere lehentasuna izango da behin-behineko IRIen egonkortze prozesua azkartzea, EPEtara legeak ahalbitzen dituen ahalik eta postu gehien ateraz.
Ildo berean, 2025eko lan eskaintza publikoan 2024ko promozioan eskatutako Unibertsitatea Katedradun eta Irakasle Oso plaza guztiak atera dira lehiaketara. Hala, 23 lirateke katedradun plazak eta 33, berriz, irakasle osoak. Promozioari bide ematea da errektoretza taldearen konpromisotako bat; izan ere, gaur egun, 182 pertsonakoa da promoziorako itxaron zerrenda; tartean, 2010az geroztik zain daudenak ere badira.
Bada, egoera konpontzen hastea onartu du EHUk aipatu kontseiluan eta bertan 2024ko 56 plaza onartzeaz gain, urrian onartutako araudi berria lagun (aurrerantzean ez dago mugarik sailen plaza eskarietan), 2026 eta 2027ko eskaintza publikoei begira promozioko plaza kopuru esanguratsuak ateratzeko asmo irmoa adierazi du ere; hau da, legez atera daitezkeen guztiak ateratzea. Horretarako Eusko Jaurlaritzaren babesa lortu da. Jada, 2026ko EPEari begira, 2025eko promozioko eskariak jaso dira. Eskari horiei guztiei bidea ematea da erronka, orain eta modu horretan lortuko da gaur egun dagoen itxaron zerrenda murriztea ahalik eta azkarren eta aurrerantzean, gehienez ere, bi urtekoa izatea itxaronaldia plaza izatera iristeko akreditazioa lortzeko.