euskaraespañol

Elikagaien eta medikamentuen arteko interakzioen gida praktikoa

  • News

First publication date: 27/07/2020

Image
Alfredo Fernández, María del Puy Portillo eta Saioa Gómez. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Gida praktiko honen helburua da elikagaien eta gehien kontsumitzen diren medikamentuen arteko interakzioak deskribatzea. Interakzio horien zergatiak azaldu eta osasungintzako profesionalentzat zein herritarrentzat oro ohar baliagarriak diren jarraibide praktikoak eskaintzea da asmoa, balizko ondorioak saihestu edo arintzeko asmoz.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko argitalpen zerbitzuak “Elikagaien eta medikamentuen arteko interakzioen gida praktikoa” argitaratu du. Egileak izan dira Saioa Gómez Zorita, Noemí Arias Rueda, Alfredo Fernández Quintela eta María del Puy Portillo Baquedano (UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziako Saileko ikerketa taldea, Madrilgo Karlos III.a Osasun Institutuko CIBERobn ikerketa zentroa, BIOARABA Osasun Ikerketa Institutua), Leticia Gómez de Segura (Asturiasko Printzerriko Osasun Zerbitzua) eta José Contreras Gilbert (Sevillako Quiron Luisa Infanta Ospitaleko Endokrinologia eta Nutrizioko Zerbitzua).

Elikagaien eta medikamentuen arteko interakzioak oso ohikoak dira. Horrek elikagaiak zein farmakoak xurgatzeko orduan du eragina batik bat. Kaleratutako gidak Osasun Ministerioaren arabera gehien kontsumitzen diren medikamentuekin izaten diren interakzioak deskribatzen ditu, eta bai osasungintzako profesionalei bai herritarrei oro har bideratutako jarraibide praktikoak eskaintzen ditu, balizko ondorioak saihestu edo arintzeko asmoz.

Medikamentuak ahotik hartzen ditugunean elikagaiekin batera, batzuen eta besteen artean interakzioak eman daitezke, eta, ondorioz, elikagaiek medikamentuen efektuak alda ditzakete, eta, medikamentuek, mantenugaien erabilera.

Elikagaiek aldatzen badituzte medikamentuen efektuak, ondorioak farmakologikoak izaten dira eta epe laburrean azal daitezke. Aldiz, medikamentuek aldatzen badute mantenugaien erabilera, ondorioak nutrizionalak dira eta denbora gehiago behar izaten da ondorio horiek azalera daitezen; horregatik, ohikoagoak izaten dira tratamendu luze edo kronikoetan.

Elikagaiek medikamentuetan dituzten efektuei dagokienez, askotariko arrazoiak izaten dira interakzioen jatorrian. Batzuetan, digestio-hodian elikagaia eta medikamentua elkartzeak eragiten du interakzioa. Beste batzuetan, arrazoia medikamentuarekin batera hartu dugun janariaren mantenugaien proportzioan dago (adibidez, koipe proportzioa handiagoa edo txikiagoa izatea). Azkenik, elikagaiak duen osagai jakin batek, naturala zein erantsia (elikagai-gehigarriak), eragindako interakzio espezifiko eta zehatz bat izan daiteke. Interakzioen eraginez, posible da aldaketak izatea medikamentua digestio-hodian xurgatzerakoan, organismoan banatzerakoan, metabolismoan (medikamentuek kanporatuak izan aurretik jasaten duten eraldaketa) edo kanporatzerakoan.

Horrek guztiak medikamentuaren odoleko kontzentrazioetan eragin zuzena du; ondorioz, kontzentrazioa areagotuz gero posible da eragin toxikoak agertzea, eta, alderantziz, kontzentrazioa murriztuz gero, posible da tratamenduak eraginkortasuna galtzea. Era berean, odolera iristeko edo efektua egiteko medikamentuak behar duen denbora bera ere aldatu egin daiteke. Medikamentuaren posologia (dosia eta zenbatean behin hartu behar den) aldatu beharra dagoenean edo izandako efektuak arintzeko neurri medikoren bat hartu behar denean, interakzioa klinikoki garrantzitsua dela ulertzen da. Hain zuzen ere, horrelako interakzioen eraginez gomendatzen da medikamentu jakin batzuk otorduekin batera hartzea eta beste batzuk otorduetatik kanpo. Horregatik, medikamentu bat baraurik hartu behar dela esaten denean, beharrezkoa da gutxienez jan baino ordubete lehenago edo jan eta bi ordura egitea.

Medikamentuek elikagaietan dituzten efektuei dagokienez, interakzioa farmako eta mantenugai jakin baten arteko interakzio zehatz eta espezifikoa izan daiteke, edo farmakoak hartzen duen pertsonaren organismoaren funtzioren batean eragiten duen aldaketaren ondorioa. Farmakoak jateko gogoan eragina izan dezake, baina baita elikagaien digestioan, xurgatzean, metabolismoan eta kanporatzean ere. Kasu batzuetan elikagaien eta medikamentuen arteko interakzioek ondorio positiboak izaten badituzte ere, kasurik gehien-gehienetan ondorioak kaltegarriak dira.

Horregatik, garrantzitsua da bai osasungintzako profesionalek bai pazientek eurek medikamentuen eta elikagaien arteko interakzioak ezagutzea, oso baliagarria baita tratamendu farmakologikoen eraginkortasuna bermatu eta toxikotasuna ahalik eta gehien murrizteko.

Gainera, elikagaien eta medikamentuen arteko interakzio gehienak saihestu egin daitezke. Horretarako, komenigarria da oso osasungintzako profesionalek medikamentuaren ezaugarri farmakoterapeutikoak jasotzen dituen fitxa teknikoa irakurtzea, eta, pazienteek, berriz, medikamentuaren prospektua arretaz irakurtzea, bertan interakzioen gaineko informazio garrantzitsua jasotzen baita. Era berean, prospektuan medikamentua hartzeko moduaren gaineko gomendioak jasoko ditu pazienteak, zeinek une oro bete behar dituen medikuaren jarraibideak.