euskaraespañol

Elena Larrauri: «Askatasun-gabetzeak gutxieneko garrantzia izan beharko luke sistema penalean»

  • Interview

First publication date: 18/05/2023

Euskal Herriko Unibertsitateak ostiralean, maiatzak 19, Honoris Causa doktore izendatzea dela medio, Elena Larrauri legelari eta kriminologoa elkarrizketatu du Campusak, haren pentsamendua eta lana hurbilagotik ezagutzeko. 

Elena Larrauri Zuzenbide Penal eta Kriminologiako katedraduna da Pompeu Fabra Unibertsitatean. Fulbright-La Caixa beka jaso zuen, Santa Barbarako Unibertsitatean (Kalifornia) 'Fullbright Scholar' gisa aritzeko, eta Alexander von Humboldt beka, Frankfurteko Unibertsitatean ikerketa-egonaldi bat egiteko. Oxfordeko Unibertsitateko All Souls Collegen ‘Visiting Fellow’ eta Europako Kriminologia Elkarteko lehendakaria ere izan da. 

Haren ikerketa-ildoak aurrekari penalak, zigorren sistema eta genero-azterketa dira, justizia penalaren sisteman. Horren erakusgarri dira haren lan ugariak (besteak beste, ‘Kriminologia Kritikoa eta Genero Indarkeria’. Arg. Trotta, 2018). Nabarmentzekoa da Elena Larraurik emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa eta tratamendua aztertzeko egindako lana, kriminologiatik eta justizia penaleko sistematik abiatuta, modu eraginkor eta bermatzailean, sexuagatiko egiturazko eta historiako desberdintasunak kontuan hartuta. Gaur egun, Kriminologiako eta Zigor Betearazpeneko Unibertsitate arteko Masterreko zuzendaria da. 

«Lege bat ezin da epaitu artikulu bakar baten bidez»

Elkarrizketan, Larrauri irakasleak Honoris Causa izendapen honen berriak sorrarazi zituen inpresioak deskribatu ditu: “Lehenik eta behin, sorpresa sentitzen duzu, ezusteko aintzatespena dela. Esker onez gainezka nago, baina aitortza onartzen dut, zeren eta horrela, nire pertsonaren bidez ideia batzuk ere saritzen direla pentsatzen dut”. 

Bere gogoetan, Elena Larraurik dio biktimologiak gero eta garrantzi handiagoa duela Kriminologiaren eta Zuzenbide Penalaren arloan: “Biktimez pentsatzea gustatzen zait, haiekiko sentsibilitatea dut, baina horrek baztertzen du biktimak politikoki edo hauteskundeetan erabiltzea. Jarrera horrek distantzia handia eragiten dit”.

Askatasun-gabetzeak zigor-sisteman zer toki izan behar duen galdetuta, zorrotz erantzuten du: “Ahalik eta txikiena. Espetxean, bazter utzitako gizataldeak daude: buru-osasuneko arazoak, droga-mendekotasuna, immigrazioa, analfabetismoa… Gogoeta egin beharra dago serio horretaz".

Eta, era berean, bere iritzia azaltzen du ‘soilik bai da baietz’ izeneko legeari buruz, azken hilabeteetan eztabaida handia sortu duen legeaz: “oso lege zabala da, integrala, batere sinplea, administrazio guztien lana batu eta biktimen eskubideak aintzat hartzen dituena. Lege bat ezin da epaitu artikulu bakar baten bidez, eta ni ez nago horrekin ados, baina hauteskunde-kontu bihurtu da. Hori gertatzen denean, zaila da diskurtso akademikoagoa, gogoetatsuagoa entzutea”.