euskaraespañol

Henrike Knörr sariak banatu dira, euskararen erabilerari buruzko ikerketa sustatzeko

  • Kronika

First publication date: 28/12/2022

Image
Henrike Knörr sarien banaketa | Photo: Arabako Foru Aldundia

Mikel Gartziarenak eta Anne Egañak Foru Aldundiaren babesa jasoko dute Arabako hezkuntza eleaniztunean euskarak duen egoera eta erronkak eta Gasteizko guraso euskaldunen familiarteko hizkuntza politikak ikertzeko, hurrenez hurren

Arabako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak banatu dituzte 2022ko Henrike Knörr sariak, Araban euskararen erabilera aztertzea helburu duten ikerlanak bultzatzeko. Bigarren edizio honetan, Mikel Gartziarena eta Anne Egaña izan dira sarituak, eta foru-babesa izango dute euskarak Arabako hezkuntza eleaniztunean duen egoera eta erronkak aztertzera, Mikelen kasuan, eta Gasteizko guraso euskaldunen familia-inguruneko hizkuntza-politikak aztertzera, Anneren kasuan.

Foru erakundeak hainbat urte daramatza euskal hiztunak eta euskal hiztunen sareak aktibatzen eta Lurraldean euskaraz bizitzeko aukerak bermatzeko baldintzak sortzen laguntzen duten politikak ezartzen. Helburu hori lortzeko, funtsezkoa da prozesuari berari buruzko ikerketa bultzatzea, eta horregatik foru erakundeak UPV/EHUrekin elkarlanean aritzea erabaki du urtero deialdi bat argitaratzeko, euskararen erabilerari buruzko ikerketa-lan monografikoak, gradu-amaierako lanen proiektuak eta master-amaierakoak sustatzeko.

Bigarren deialdi honetan master amaierako proiektuak lehenetsi dira, baina baita ikerkuntzako edo gradu amaierako proiektu monografikoak ere, ondorengo tesiak bultzatzeko helburuarekin, betiere ikerkuntza-gai nagusia euskararen erabilera bada, edozein jakintza-eremutatik aztertuta. Nolanahi ere, unibertsitateko irakasle doktore batek proiektua bermatu behar izango du.

Henrike Knörr sariek, unibertsitateko ikasleek egiten dituzten ikerlanak ezagutarazteaz gain, Euskal Herriko Unibertsitateko Gasteizko Letren Fakultateko katedradun eta euskaltzain ohia omendu nahi dute.

Aintzatespen hauek 2.000 euroko zenbatekoa dute bakoitzak.

Irabazleak

Anne Egaña Asensio Euskal hizkuntzalaritza eta Filologia masterreko ikaslea da, eta bere proiektua (‘Gasteizko guraso euskal hiztunen familiako hizkuntza politikak: Ikerketa baterako proposamena’) Ibon Manterola Garatek zuzendu du.

Bestalde, Mikel Gartziarena San Policarpok, Eleaniztasuna eta Hezkuntzan doktoreak, ‘Etorkizuneko Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleen hizkuntza-usteak eta -jarrerak: euskararen egoera eta erronkak Arabako hezkuntza-testuinguru eleaniztunean’ izeneko proiektua aurkeztu zuen.