euskaraespañol

ESAko astronauta Paolo Nespolik ‘Historias desde el espacio’ hitzaldia emango du

  • Event

When and where

29/10/2018, 19:30 - 00:00

Location

Mitxelena entzunaretoa - Bizkaia Aretoa
Avenida Abandoibarra 3. -48009- Bilbao (Bizkaia)

Image

Description

Europako Espazio Agentziako (ESA, ingelesez) astronauta Paolo Nespolik “Historias desde el espacio: la visión de un astronauta” hitzaldia emango du. Hitzaldia UPV/EHUko Zientzia Planetarien Taldeak eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako EspaZio Gelak antolatu dute, eta Space for Inspiration ekimenari hasiera emango dio. Space for Inspiration Europako Espazio Agentziak antolatutako nazioarteko konferentzia bat da, espazioko esplorazioan interesa duten guztientzat, eta Euskalduna Jauregian izango da urriaren 29tik 31ra. Inaugurazio ekitaldian honako hauek hartuko dute parte: Jose Luis Martin UPV/EHUko Ikerketaren arloko errektoreordea eta Agustín Sánchez Lavega, Bilboko Ingeniaritza Eskolako katedraduna, Zientzia Planetarien Taldeko zuzendaria eta 2016ko Ikerketaren arloko Euskadi Sariaren irabazlea; azken horrek aurkeztuko digu Nespoli.

Paolo Nespoli

Paolo Nespolik (Milan, 1957) 61 urte ditu, eta Europako Espazio Agentziako (ESA) astronautarik nagusiena da. Ingeniaritza aeroespazialean graduduna da eta, gerora, Aeronautika eta Astronautika Masterra egin zuen New Yorkeko Unibertsitate Politeknikoan. 1998an hasi zen lanean ESAn.

Hiru misio egin ditu Nazioarteko Espazio Estaziora (Internacional Space Station, ISS), zenbait helburu zientifiko eta teknologiko betetzeko eta, aldi berean, hezkuntzaren arloko jarduerak eta zientziaren dibulgaziokoak gauzatzeko asmoz. Lehen misioa, Esperia izenekoa, 2007an izan zen, eta 15 egun iraun zuen; hain zuzen, ISSra bidaiatu zuen NASAren Discovery izeneko espazio transbordadorean. Bigarren misioa, Magisstra izenekoa, luzeena izan zen berak egindakoen artean, 6 hilabete iraun baitzuen. 2010eko abenduan hasi zen, eta Errusiako Espazio Agentziaren Soyuz TMA-20 ontzian bidaiatu zuen ISSra. Misio horretan, helburu zientifikoez gain, Nespoli “First Orbit” dokumentaleko fotografiaren zatirik handienaz arduratu zen, zuzendari gisa. Dokumental horretan, ISSk Yuri Gagarin astronauta errusiarrak Vostok 1 ontzian eginiko lehen hegaldi espazialaren ibilbideari jarraitu zion, astronautak bizitako esperientziaren berri emateko asmoz. Hirugarren misioa, VITA izenekoa, iaz izan zen, 2017ko uztailean, eta 138 egun iraun zuen. ISSra joan zen Soyuz MS-05 ontzian, eta egonaldi horretan 60 esperimentu baino gehiago egin zituen espazioko bizitzarako behar diren teknologiak aztertzeko. Horrez gain, 25 herrialde baino gehiagotako haurrei zuzendutako zientziaren arloko hezkuntza programa bat gauzatu zuen, “Misión-X: Entrenando como un astronauta” izenekoa.

Horri guztiari buruz eta beste zenbait konturi buruz hitz egingo du Paolo Nespolik Bizkaia Aretoan emango duen hitzaldian: “Historias desde el Espacio: la visión de un astronauta”.

Hitzaldia ingelesez izango da eta aldibereko itzulpena egingo da. Sarrera doakoa da, leku kopurua bete arte.