euskaraespañol

Pablo García Varela

ETA eta heroinaren konspirazioaren teoria

Historia garaikidean doktore, eta Valentín de Foronda Gizarte Historiarako Institutuko kidea

  • Cathedra

First publication date: 15/03/2021

Pablo García Varela
Pablo García Varela. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.
Artikulu honen jatorrizko bertsioa The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

2017an, nire doktoretza tesia hasi nuen urtean, ETAk heroinaren narkotrafikoaren aurka egindako kanpaina gogorrari buruzko informazioa bilatuz gero, sarrera gehienek ez zituzten atentatuetako biktimak hizpide, baizik eta Espainiako Estatuaren ustezko plan bat, euskal gazteak intoxikatzeko eta, hala, Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren (ENAM) oinarriak suntsitzeko. Konspirazioaren teoria hura izugarri zabaldu eta errotu zen, inolako zorroztasun historiko edo akademikorik gabe, eta jarraitzaile ugari lortu ditu EAEn zein EAEtik kanpo.

Hain zuzen ere, heroinaren krisiaren historia sozialik ez dagoenez, urteen poderioz joan den mendeko 80ko hamarkadaren ikuspegi deformatua finkatu da, zeina oso urrun dagoen datu eta estatistikek osatutako errealitatetik.

Adibide bat: 1985ean Osasun Ministerioak eskala handian egindako lehen ikerketak kalkulatu zuen Espainiako heroinazaleak 80.000 eta 125.000 artean zirela. Ohiko kontsumitzaileei dagokienez, 1987ko memorian, Drogei buruzko Plan Nazionalaren Ordezkaritzak kalkulatu zuen 230.000 pertsona inguru zeudela drogaren mende. Horrek esan nahi du garai hartan heroinazaleen ehunekoa Espainiako populazio osoaren % 0,5etik beherakoa zela, eta ohiko kontsumitzaileak % 1 baino gutxiago zirela.

Baina ehuneko txiki horrek inpaktu sozial handia izan zuen, hain justu ere, Espainiako trantsizio garaiko herritarren segurtasun krisi larria elikatu baitzuen, eta krisi horretan estatuak, eraldaketa prozesu bete-betean zegoela, ez zuen asmatu osasun eta gizarte arazo jakin batzuei aurre egiten.

Auzia are gehiago zailtzeko, 80ko hamarkadaren erdialdean hiesa agertzeak are gehiago mitifikatu zuen fenomenoa, 90eko hamarkadaren hasieran heriotza kopurua altua baitzen (adibidez, 1990ean, 736 heriotza izan ziren heroinarekin lotuak). Une horretan iritsi zen punturik latzena, hiri handietan gazteen artean lehen heriotza kausa bihurtu baitzen, azterlan batzuen arabera. Hala ere, heroinak gehiegizko protagonismoa izan zuen, eta beste adikzio batzuen inguruko ikuspegia distortsionatu zuen; alkoholarena, esaterako. Osasun Ministerioaren arabera, alkoholak urtean 12.000 heriotza baino gehiago eragiten zituen.

ETA eta heroinaren konspirazioa

Arrazoi hori dela medio, Catarata argitaletxearekin berriki argitaratu dudan ‘ETA y la conspiración de la heroína’ liburuan sakon aztertu dut heroinaren krisiak EAEn izan zuen inpaktua, eta EAEn Espainiako beste leku batzuetan baino kontsumo intzidentzia handiagoa izan zuela ulertzen laguntzeko kausak eta faktoreak azaldu ditut. Faktore horien artean daude, besteak beste, gizartea kuadrilletan antolatzea, alkoholaren kontsumoa handia izatea eta estatuko segurtasun indarrek gaitasunik ez izatea droga mendekotasunaren arloan esku hartzeko, beren burua babesteko beharra baitzuten.

Baina heroinaren krisia ulertzeko edozein azalpen arrazoitu zalantzan jarri zen ETAk 1980an narkotrafikoaren aurka lehen atentatua egin zuenean. Abenduaren 27an ETAk ofizialki deklaratu zuen “drogaren mafiaren” aurkako gerra, Donostiako El Huerto puba leherrarazi zuenean. Hurrengo astean, Egin egunkariak komunikatu luze bat plazaratu zuen, ustez droga saltzen zen gune horren aurkako ekintza aldarrikatzeko:

“Euskal gazteria galbideratu eta desorientatu egiten da borroka iraultzaileak dakarren askapen pertsonal eta kolektiboko benetako helburutik. Gure ahalegina produktu horiek banatu eta kontsumitzeko establezimenduen inguruko ohartarazpen erasoetan jarriko dugu, baita drogaren mundu ustel eta alienatzaile horretako kide nabarmenak fisikoki ezabatzeko erasoetan ere. (“La voladura del pub El Huerto de San Sebastián, inicio de este tipo de acciones”. Egin, 1980-05-03).

Talde armatua eta haren ingurua tartean sartu zenez, auzia politizatu egin zen, eta objektibotasuna erabat galdu zen. Komunikabideak, alderdi politikoak eta zenbait mediku espezialista joko horretan sartu ziren, espekulazioak arrazoiaren lekua hartu zuen eta eremu horretan ezker abertzalea ezin hobeto mugitu zen.

1980tik 1994ra talde armatuak guztira 43 pertsona hil zituen drogaren “aitzakia” baliatuta, eta taldeak komunikatuetan mantra bera errepikatzen zuen: biktima isil‑mandataria eta droga trafikatzailea zen, eta estatuko segurtasun indarrentzat lan egiten zuen.

Ideia hori lehenagotik ere presente egon zen kanpainako lehen atentatuetako batean:

“Hemendik aurrera gure esku ditugun baliabide guztiekin oldartuko gara Hego Euskal Herrian droga gogorreko trafikatzaile eta banatzaile guztien kontra, Poliziarekin kolaborazio estuan ari badira, haientzat euskal herriaren askatasun pertsonal eta kolektiboa salerosketa objektu bat baino ez delako plano soziopolitiko batean, Espainiako Estatuak Euskadiren kontra duen estrategia genozidaren barruan”. (“El propietario del bar Copos de San Sebastián, acusado por ETA (m) de traficar con heroína”. Egin, 1980-11-01).

Hildako askok ez zuten inolako loturarik heroinarekin; esaterako, Agapito Sánchez Angulok; Portugaleteko ile apaintzaile gazte bat zen, eta 1985eko urtarrilean erail zuten, koinata ohiak inolako frogarik gabe zabaldutako zurrumurru baten ondorioz. Hala ere, ETAk ez zuen hura salatzeko zalantzarik izan komunikatu labur eta gogor batean:

“Agapito Portugaleteko heroina trafikatzaile nabarmenetako bat zen, eta euskal kausaren etsaiek Portugalete aukeratu zuten drogaren bitartez bertako erritmoa hausteko”. (“ETA revindicó el atentado contra Agapito Sánchez”. Egin, 1985-01-22).

Biktimak

Narkotrafikoaren etiketa iraunkorra izan zen biktimentzat eta haien familientzat; izan ere, ETAren akusazioen aurrean indargabe, frogarik gabeko akusazioetatik defendatzen saiatu ziren, gehienak inolako arrakastarik gabe. Ahaztuak eta hobiratuak, “zerbait egingo zuen” horren susmopean; beste biktima asko bezalaxe, desmemoriara zokoratuak izan ziren.

Hain zuzen ere, gertaera horren inguruan mintzatu zen bere garaian Gregorio Ordoñez. Kanpaina hartako atentatu baten harira, alegia, 1990ean Donostian Miguel Paredes eta Elena Moreno senar-emazteak hil zituzten atentatuaren harira, honako hau azaldu zuen hedabideen aurrean:

“Hildakoen artean ere lehen eta bigarren kategoriako herritarrak daude; ETAk eraildakoak musika banda du, Barne ministrotik hasita azken zinegotziraino elkarri bultzaka ibiltzen dira argazkian ateratzeko; hildakoak Miguel eta Elena bezalako bikote ezezagun bat denean, ez da politikari garrantzitsurik ikusten inondik”. (“El funeral por el matrimonio asesinado en San Sebastián se ofició en estricta intimidad”. El Diario Vasco, 1990-04-10).

ETA eta drogak

Kontraesanez betetako atentatu kanpaina bat izan zen, talde terroristak narkotrafikoarekin zituen inplikazioengatik, talde terroristak etengabe izan baitzuen harreman zuzena nazioarteko mafia sare horrekin dirua zuritzeko, armak lortzeko eta komandoak hornitzeko.

Hona duela gutxiko bi adibide. 2000. urteko hamarkadan, Laurence Le Vert epaile frantsesaren eta Augsburgeko (Alemania) fiskaltzaren ikerketa batzuek argitu zuten euskal talde terroristak dirua garbitu zuela tabakoaren trafikotik lortutako eta Suitzako bankuetan zuritutako funtsekin.

Bidenabar, Espainian ere, Kapital Zuritzea eta Arau Hauste Monetarioa Eragozteko Batzordeko Zerbitzu Exekutiboak (SEPBLAC) zenbait ikerketa egin zituen ETAren finantzaketari eta dirua zuritzeko mekanismoei buruz. Soilik 2004tik 2006ra, bi urte horiek barne, SEPBLACek ETAri lotutako 296 operazio egin zituen.

Droga kontsumoari dagokionez, ETAko zuzendaritzak heroina eta bestelako substantziak erabat errefusatu bazituen ere, horrek ez zuen eragotzi taldearen barruan toxikomaniei lotutako arazoak sortzea. Izan ere, taldeak, euskal gizartearen parte zen aldetik, arazo berei aurre egin behar izan zien, eta ez zuen ulertu talde barruan ere harreman konplexua zutela drogekin. Besteak beste, Txarito komandoaren arduradun nagusiaren kasua aipatu behar da, zeina 1987an heroinaren adikzioa tratatzeko errehabilitazio zentro batean sartu baitzen, El Patriarca izenekoa, Mondoñedo udalerrian (Galizia). Handik bi urtera atxilotu zuten, nazionalista bretoi baten etxean, Nantesetik gertu. 1990eko azaroaren 30ean Frantziako justiziak zazpi urteko espetxealdia ezarri zion, eta urte batzuk geroago hil zen, Frantzian bertan, Paris kanpoaldeko espetxe batean, GIBak jota.

Beste kasu sinboliko bat azken liderretako batena izan zen, Garikoitz Aspiazu Rubina Txeroki kidearena, alegia. 2008ko azaroaren 17an, Frantziako Polizia Judizialak ETAko arduradun nagusia atxilotu zuen Pirinioetako Cauterets herrian, Frantziako hego-mendebaldean. Pisuan aurkitutako material eta agirien artean Poliziak ehun gramo haxix inguru aurkitu zuen; norberaren kontsumorako harri txiki bat zen. Atxiloketa egunean bertan, orduko Barne ministro Alfredo Pérez Rubalcabak haxixa aurkitu izana berretsi zuen, eta horren inguruko balorazioa egin zuen:

“Historikoki ETAk, narkotrafikatzaileen kontra gogor egiteko, euskal gazteen purutasunaren inguruko argudioak erabili ditu, baina badirudi kasu honetan ez duela morala oso argi. Moraltasunari buruz ari gara, baina, nire ustez, moraltasunik ezari buruz hitz egin beharko genuke: narkotrafikatzaileei jazartzen zaizkien bitartean, badirudi porroak erretzen dituztela”. (Alfredo Pérez Rubalcaba Barne ministroak eskainitako prentsaurrekoaren pasarte bat, 2008-11-18).

Konspirazioa eta konspirazioaren jarraitzaileak

Horrenbestez, ETAk zenbait faktore baliatu zituen estatuari eraso egiteko eta euskal gazteriaren aurkako eskala handiko konspirazioaren aukera txertatzeko euskal gizartearen iruditeria kolektiboan.

Ezker abertzalearen pentsamendu politikoan integratu zen teoria hori, zeinak konspirazioen ohiko ezaugarri guztiak biltzen dituen: egiaztatu gabeko gertaerak; bertsio ofizialaren azalpen alternatiboa, izaera sentsazionalista nabarmenarekin, non ezer ez den ustekabez gertatzen, dena da konspiratzaileek antolatutako plan bat eta haiek kontrolatzen dituzte gizartea eta komunikabideak, plana isilpean gordetzeko.

Konspirazio sekretuak, besteak beste, Navajas txostenean agertutakoak bezalakoak; Luis Navajas fiskalak Intxaurrondoko kuartelean ustez zegoen kontrabando foku bati buruz idatzitako zenbait txostenek osatzen zuten Navajas txostena. Auzitegietan ez zen inoiz horrelakorik frogatu, baina mota guztietako burutazioak elikatzeko balio izan zuen ezker abertzalean eta Egin-eko ikerketa lantaldean, Pepe Rei buru zela.

Konspirazioren teoria hura desmuntatzeko beharrezkoa izan da gaiari buruz argitaratutako informazio guztia egiaztatzea, ahal izandako iturri guztiak biltzea, eta ikertzea. Hala, azkenean argitu da ez dagoela froga sendorik esateko estatuak euskal gazteria heroinarekin intoxikatu zuela.

Hortaz, nire aburuz, nire saiakera lagungarria izango da arku ideologiko osoko jende askok heroinaren fenomenoaren krisiaren konplexutasuna uler dezan, eta ikus dezan ez zela inolako konspiraziorik egon. Arazoa modu arrazionalean azaltzen duten kausak eta faktoreak daude; estatua ez zegoen prest neurri horretako fenomeno bati aurre egiteko eta ez ziren droga mendekotasuneko politika eraginkorrak garatzeko erabaki onenak hartu.

The Conversation