euskaraespañol

Euskal Herriko ordezkariek emaitza bikaina lortu dute Espainiako 54. Matematika Olinpiadaren azken fasean

Erik Terresek zilarrezko domina eraman du, eta Roberto Villarejok, berriz, brontzezkoa

  • News

First publication date: 22/03/2018

Image
Azken fasean lehiatu diren Euskal Herriko ordezkariak zorrotz aukeratu ziren autonomia erkidegoko ikastetxe guztien artetik

Martxoaren 15etik 17ra, Espainiako 54. Matematika Olinpiadaren azken fasea jokatu da Jaenen. Matematika Olinpiada urtero egiten da Espainiako Matematikako Errege Elkartearen babesarekin, eta helburu du bigarren hezkuntzako ikasleen artean matematikako ikasketak zabaltzea eta problema matematikoen ebazpenaren gaineko interesa areagotzea, betiere kirol eta zientzia giroan. Espainiako unibertsitate barruti guztietan aldi berean jokatu diren fase autonomikoetan hautatu dira amaierako lehiaketara joan diren 76 parte hartzaileak.

Azken fasean lehiatu diren Euskal Herriko ordezkariak zorrotz aukeratu ziren autonomia erkidegoko ikastetxe guztien artetik. Hauek izan ziren lehen fasea gainditu eta azken faserako sailkatu ziren ikasleak: Erik Terres Escudero, Bilboko Eskolapioak ikastetxekoa; Jon Pineda Lezamiz, Leioako Askartza Claret eskolakoa; eta Roberto Villarejo Fernández, Bilboko Nuestra Señora del Carmen ikastetxekoa.

“Gure ordezkariek oso emaitza onak lortu dituzte: Erik Terresek zilarrezko domina irabazi du, eta Roberto Villarejok brontzezkoa. Era berean, uste dugu etorkizun oparoa izango duela gure hirugarren ordezkariak, Jon Pinedak, izugarrizko esperientzia lortu duelako eta oso gaztea delako, DBHko laugarren mailan baitabil”, azaldu du UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematikako irakasle Pedro Alegríak.

Euskal taldeko kide guztiek Matematika tailerra egin dute. Orain dela zenbait urtetatik ematen da tailerra, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika Ataleko irakasle batzuen ekimenez.

“Zorionak eman nahi dizkiegu Matematika Olinpiadako euskal ordezkariei, egin duten ahalegin eta lan handiagatik, eta espero dugu arrakasta hauek baliagarriak izango direla gure gainerako ikasleak motibatzeko eta gure erkidegoko hainbat hezkuntza alorrek sustatzen dituzten jardueretan parte hartzera animatzeko”, esan du Alegríak, pozik.