Asset Publisher

Tesiak euskaraz egiteagatik «Euskarazko Doktoregoa» jasoko dute doktore berriek

Tesia zein ahozko defentsa euskaraz izan beharko da eta bateragarria izango da gainerako aipamenekin

First publication date: 15/01/2026

Doktoreak EHUko Areto Nagusiko eskaileretan

Doktorego Ikasketa Ofizialen Kudeaketarako Araudia aldatzeko proposamena onartu zuen Gobernu Kontseiluak 2025eko abenduaren 11n eta indarrean sartuko da HEAAn argitaratzen den egunetik aurrera. Aldaketak tesia egin nahi duten doktoregaiei eragiten die.  

Doktorego-tesia espezializazio-maila altueneko lan akademikoa da eta horri gehitzen zaio tesia euskaraz egiten duten doktoregaiek  euskararen garapenari  egiten dioten ekarpen handia. Izan ere, lan hori euskaraz egiteko, doktoregaiek euskarazko terminologia eta fraseologia erabili behar dituzte, baita sortu ere, oso maiz. Gainera, tesia euskaraz egiten duten doktoregaiek beren hizkuntza-gaitasunak ere garatzen dituzte tesia euskaraz egitearekin batera. Horrela, irakaskuntzaren, ikerketaren eta dibulgazioaren hizkuntza-kalitatea hobetzen laguntzen dute, doktoreak baitira unibertsitatean ikerketa eta irakaskuntza aurrera eramateko ardura dutenak.  

Ahalegin eta ekarpen hori aitortzeko, «Euskarazko Doktoregoa» aipamena ezartzea adostu da eta horrela jaso da arautegi berrian. Hori bai, zenbait baldintza bete behar dituzte doktore tituluaren atzealdean aipamen hori agertzea nahi duten doktoregaiek. Batetik, matrikula egiten dutenean, “Tesia euskaraz egiteko asmoa adierazteko dokumentua” aurkeztu beharko dute. Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako Errektoreordetzak tesia euskaraz egiten ari diren doktoregaien datu-basea sortu eta kudeatuko du, eta prozesuaren jarraipena egingo du. Prozesuan laguntzeko, doktoregaiei zuzendutako berariazko hizkuntza-prestakuntza eskainiko du, baita hizkuntza-zalantzak kontsultatzeko EHULKU sarea ere. EHULKU sarea sortu da aditu euskaldunek testu akademikoak idazten dituztenean sortzen zaizkien zalantzak kontsultatu ahal izateko eta, horrela, hizkuntzalarien eta beste diziplinetako adituen arteko lankidetzari esker euskara akademikoa garatzen eta egonkortzen joateko. Doktorego Eskolak arduradun bi ditu berariaz esleituta horretarako. 

% 100 euskaraz 

Aipamena lortu nahi duten doktoregaiek tesiaren % 100 euskaraz idatzi behar dute , eta ahozko defentsa ere osorik egin behar dute euskaraz. Nolanahi ere, «Euskarazko Doktoregoa» aipamena bateragarria da modalitate guztietako tesiekin eta aipamenekin: nazioartekoa, tutoretzakidekoa, industriakoa, kanpoko erakundeekin lankidetzan egindakoa. «Euskarazko Doktoregoa» aipamena ez ezik «Nazioarteko Doktoregoa» aipamena ere lortu nahi duten ikasleek Doktorego Ikasketa Ofizialen Kudeaketarako Araudia zehazten diren baldintzak bete beharko dituzte eta, beraz, tesiaren zati bat euskaraz ez ezik zientziarako erabiltzen den beste hizkuntza batean ere idatzi beharko dute, eta ahozko defentsaren zati bat ere egin beharko dute hizkuntza horretan.  

Tesia gordailuan uzten dutenean, «Euskarazko Doktoregoa» aipamena eskatu ahal izango dute eta, baldintzak betez gero, aldeko txostena egingo du Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako Errektoreordetzak. «Euskarazko Doktoregoa» aipamena lortzen duten doktoregaiei ofizioz tramitatuko zaie euskararen C2 maila egiaztatzetik salbuetsita egoteko akreditazioa. 

Arautegi berria ezingo zaie aplikatu tesia jadanik defendatu dutenei, baina aurreko urteetan tesia matrikulatu duten doktoregai guztiei eskainiko zaie tesia euskaraz egiteko asmoa adierazteko dokumentua betetzea eta, horrela, «Euskarazko Doktoregoa» aipamena lortu ahal izatea. 

Euskaraz egiten diren tesien kopuruak gora egin du azken urteetan: 2022 urtean 57 tesi aurkeztu ziren euskaraz, 2023. urtean 58, eta 2024. urtean 92. Horien artean nazioarteko aipamena ere lortu dutenek ere gora egin dute, hurrenez hurren, 30, 34 eta 57 izan baitira.