Breadcrumb

Asset Publisher

178.000 euro fakultate eta eskoletan ongizatea eta elkarbizitza sustatuko duten espazio berriak sortzeko

Laguntza deialdi bateratua aterako dute hiru campusek
Gazte talde bat atsedenaldian

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetako errektoreordeek laguntza deialdi bateratua jarriko dute martxan fakultate eta eskoletan ongizatea eta elkarbizitza sustatuko duten espazio berriak sortzeko. 178.000 euroko zuzkidura izango duen ekimen honek Denon artean gobernu-programan jasotako konpromisoetako bati erantzuten dio. Programa horren helburua da unibertsitateko bizitza hobetzea, espazio atseginagoak, irisgarriagoak eta komunitatearen beharretara egokituak sortuz. 

Deialdiari esker, graduko titulazioak ematen dituzten ikastegiek ikasteko, atseden hartzeko, elkarlanean aritzeko eta unibertsitate-komunitateko kideen arteko harremanak sustatzeko espazioak sortu edo egokitzeko proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte. Helburua da fakultate eta eskola bakoitzak bere beharretara egokitutako espazioak garatzea eta ikasgeletatik harago unibertsitateko bizitza indartzea. 

Laguntzek altzariak erostea, altzariak egiteko materialak erostea eta espazioak egokitzeko, hobetzeko eta ekipatzeko bestelako jarduketak finantzatuko dituzte. Ikastegi bakoitzak 4.000 eta 12.000 euro arteko laguntza jaso ahal izango du, bere tamainaren eta ezaugarrien arabera, ikastegi bakoitzaren beharrei egokitutako finantzaketa bermatzeko. 

Deialdia orain argitaratuko da, fakultate eta eskolek espazio horiek sortu edo egokitzeko proiektuak aurkez ditzaten. Proiektuak hautatu ondoren, jarduketak 2026ko udazkenean gauzatuko dira, unibertsitate-komunitatearen ongizatea, elkarbizitza eta komunitatea eraikitzea sustatuko duten espazio berriak sortzeko.