euskaraespañol

Gizakiak Europako kostaldeko eskualdeetan duen inpaktua aztertzeko espedizio zientifiko bat hartuko du Bilbok

Publiko osoari zuzendutako zabalkuntza jarduerak martxan dira: ostegunean, urriak 5, ate irekiak Plentziako Itsas Estazioan eta Laborategi Mugikor Aurreratuan

  • News

First publication date: 03/10/2023

Image

Abian da espedizio zientifiko handi bat, Europako kostaldeetako biodibertsitatea eta ekosistemak ulertzeko. Bi urtez, informazioa biltzen jardungo du TREC izeneko espedizioak (Traversing European Coastlines, Europako kostaldeak zeharkatzen), organismoen interakzio molekularra ikertzeko, bai organismoek elkarren artean dutena, bai ingurumenarekin dutena.

Biologia Molekularreko Europako Laborategiak (EMBL) gidatzen du TREC espedizioa, Tara Ocean Fundazioaren, Tara Ocean Partzuergoaren eta Itsas Baliabide Biologikoen Europako Zentroaren (EMBRC) laguntzarekin, eta, horretaz gainera, zenbait herrialdetako ikerketa-institutuak ere inplikatzen ditu, hala nola Euskal Herriko Unibertsitateko Plentziako Itsas Estazioa, Bilboko estuariotik beheranzko uretan kokatua.

TREC espedizioa lehorrean zein itsasoan egiten da, eta Europako 22 herrialdetako 120 gunetan baino gehiagotan geldituko da, hala nola Bilbon eta Espainiako beste toki batzuetan. Geldialdi bakoitzean, Biologia Molekularreko Europako Laborategiaren laborategi mugikorrek lehorrean hartuko dituzte laginak, eta Tara Ocean Fundazioaren Tara goleta frantsesak, berriz, itsasoan. Zientzialariek lurra, sedimentuak, aerosola, ur-laginak eta organismo txiki bizidunak biltzen eta aztertuko dituzte. Hala, lehorreko eta itsasoko bioaniztasunaren errolda sortuko dute, eta ingurumen-baldintzak ere erregistratuko dituzte, hala nola tenperatura, pH-a eta gazitasuna. Horretaz gainera, antibiotikoen, pestiziden eta beste zenbait kutsatzaileren presentzia ere erregistratuko dute.

Gorliz-Plentzia-Bilbok eta Bizkaiko golkoko itsasertzeko beste zenbait gunek TREC espedizioa hartu dute, Espainian eginiko lehen geldialdian. Irailaren 29an ekin dio lanari (ostirala), eta, urriaren 18ra arte, askotariko dibulgazio-jarduerak izango dira publiko guztiarentzat. Urriaren 11n izango da ekitaldi nagusia, Bilboko portuan.

Publiko orokorrarentzako jarduerak

Herritarrek bertatik bertara deskubrituko dute zer-nolako indarra duen biologia molekularrak gizakiaren eta planetaren osasunaren erronkei aurre egiteko. Era berean, gure ozeanoen garrantziaz jabetzeko, “TREC in the City” erakusketa estreinatu zen irailaren 29an, Europako Ikertzaileen Gauerako antolaturiko ekitaldien barruan. Ondoren, hiriko hainbat tokitan izango da ikusgai.

TREC espedizioko kideek, gainera, hainbat tailer zientifiko eskainiko dituzte, hala nola “Nexus island”, Biologia Molekularreko Europako Laborategiak antolaturik, baita planktonari eta plastikoei buruzko lan-tailerrak ere, Tara Ocean Fundazioak eskainita. Parte-hartzaileak zientzian barneratuko dira, lurraren eta itsasoaren, gizakiaren eta planetaren arteko loturak ulertzeko.

Era berean, bisitak ere antolatu dira Tara goletara, Biologia Molekularreko Europako Laborategiaren eta Baliabide Biologikoen Europako Zentroaren laborategi mugikorretara eta Plentziako Itsas Estaziora, eta, horretaz gainera, “Science on tour” izeneko konferentzia interaktibo bat ere izango da, publiko orokorra eta espedizioko zientzialariak aurrez aurre ipintzeko.

Jarduera-programa

Programa eskuragarri dago sarean, helbide honetan: https://www.ehu.eus/PIE/trec-expedition/.

Ekitaldi nagusiak

  • 2023ko urriaren 5a - Gorliz-Plentzia, Ateak Zabalik
    Ateak zabaltzeko jardunaldia arratsalde partean. Ikastetxeek Biologia Molekularreko Europako Laborategiaren laborategi mugikor aurreratua eta UPV/EHUren Plentziako Itsas Estazioa bisitatu ahal izango dituzte. Horretaz gainera, Nexus Island lan-tailerrak ere antolatu dira goiz partean eta bazkalondoan.
  • 2023ko urriaren 9tik 10era, “TREC in the City” erakusketa ibiltaria
    Standa bisitatzeko aukera, mikroskopia aztertzeko eta giza begietarako ikusezinak diren gauzak ikusteko. Kokalekuak: UPV/EHUren Leioako Campusean, urriaren 9an, eta Donostiakoan urriaren 10ean.
  • Urriaren 12tik 17ra, Tara goleta bisitatzeko saioak eta Tarak antolaturiko tailerrak
    Herritarrek Tara goleta bisitatzeko aukera izango dute, eta tailer bereziak antolatuko dira bisitari zein ikasleentzat, ozeanoetako bizitza ikusezina ezagutzeko.
    - Bisitetan izena emateko: https://my.weezevent.com/tara-in-bilbao
  • Urriak 17: Hitzaldia: Espedizio zientifiko baten atzealdean
    - Izena emateko esteka: https://my.weezevent.com/conferencia-entre-bastidores-de-una-expedicion-cientifica

Espedizio zientifikoa

Gure itsasoek eta itsasertzek bizi-aniztasun oso aberatsa dute, eta eginkizun kritikoa dute ekosistema zabalagoen egonkortasuna eta jasangarritasuna bermatzeko. Alabaina, berotze globalak, giza jarduerak, kutsadurak eta, oro har, gure planetan gertatzen ari diren aldaketek ekosistemak suntsitzea, aniztasuna galtzea eta antibiotikoekiko erresistentzia areagotzea ekarri dute. TREC espedizioak kostaldeko ekosistemak ulertzen eta erronka globalei aurre egiten lagundu nahi du, eta, horretarako, datu eta ezagutza berriak batuko ditu, bai eta komunitate zientifikoaren eskura ipini ere.

TREC espedizioak 150 ikerketa-talde baino gehiago elkartuko ditu, Europako 29 herrialdetako 70 erakundetakoak. Laginak biltzeko, lehorreko, ibai-estuarioetako eta itsaso zabaleko askotariko bizitza-eskalak hartuko ditu kontuan, hala nola birusak eta bakterioak, algak, landareak eta animaliak.

Proiektu paneuroparra izanik, modu estandarizatuan hartzen dira laginak. Horri esker, zientzialariek Europa osoan alderatu eta ikertu ditzakete datuak, lehen posible ez zen moduan.

Jarduera zientifiko nagusien artean aurreikusten da espedizioak, Bilbon egingo duen geldialdian, laginak hartzea (lurzoruak, sedimentuak, ura, aerosola, espezie jakin batzuk eta ingurumen-datuak), eta, horretarako, Biologia Molekularreko Europako Laborategiaren laborategi mugikorra eta Tara goleta baliatuko ditu. Laborategi mugikorretako ekipoei eta teknologiei esker, zientzialariek laginketa-tokitik gertu gauzatu dezakete ikerketa molekularra. Laginak tokian-tokian bildu eta berehala gordetzen dira, eta, horri esker, murriztu egiten dira mugitzean gerta daitezkeen eraldaketak edo degradazioak.

Irailaren 13az geroztik dago EMBLren laborategi mugikor aurreratua Plentziako Itsas Estazioan. Gurpil gaineko laborategi sofistikatu bat da, eta abangoardiako teknologia azterketa-eremura eramaten du; hala, ikertzaileek laginak bildu orduko lortzen dute laginon prestaketa aurreratuari heltzea, metadatuak eskuratzea eta analisia egitea.

Biologia Molekularreko Europako Laborategiak erakunde, emaile eta babesle askoren laguntza eskuzabala jasotzen du, bereziki Manfred Lautenschläger Fundazioarena, Eppendorf SE eta Carl Zeiss Microscopy konpainiena eta EMBLren Lagunena, haiek guztiek egiten baitute TREC espedizioa posible.

 


 

Antolatzaileei buruz:

Biologia Molekularreko Europako Laborategia

Biologia Molekularreko Europako Laborategiak (EMBL) Europako biologia-zientziak ditu aztergai. Lidergoa eta koordinazioa eskaintzen du Europa osoko biologia-zientziak ikertzeko, eta lehen mailako oinarrizko ikerketek elkarlaneko eta diziplinarteko soluzioak bilatzen dituzte gizartearen erronka handienetarako. Prestakuntza ematen die ikasleei eta zientzialariei, teknologia eta metodo berrien garapena bultzatzen du biologia-zientzietan, eta azken belaunaldiko ikerketa-azpiegiturak eskaintzen ditu, zerbitzu esperimental eta datu-zerbitzu askotarako.

Biologia Molekularreko Europako Laborategia gobernuz kanpoko erakunde bat da, 28 estatu kide, kide elkartu bat eta balizko kide bat dituena. Sei kokaleku ditu guztira —Bartzelona, Grenoble, Hanburgo, Heidelberg, Hinxton (Cambridgetik hurbil) eta Erroma—, eta bizitza testuinguru naturalean hobeto ulertzeko lan egiten du, molekuletatik ekosistemetaraino.

Tara Ocean Fundazioa

Tara Ocean Fundazioa Frantzian ozeanoari eskainitako lehenbiziko interes publikoko fundazioa da. Haren bi eginkizun nagusiak dira, batetik, ozeanoak esploratzea, hobeto ulertu ahal izateko, eta, bestetik, ozeanoekin loturiko jakintza zientifikoak partekatzea, herritarren eta kolektiboen kontzientzia pizteko. 20 urtez, fundazioak ozeanoekin loturiko goi-mailako zientzia garatu du bikaintasuneko nazioarteko ikerketa-laborategiekin lankidetzan, guztia ere klima- eta ingurumen-arriskuekin lotutako asaldurak eta kutsaduraren inpaktuak aztertzeko, ulertzeko eta aurreikusteko. Ozeanoak kontserbatzeko eta guztion ardura izan daitezen lortzeko, Tara Ocean Fundazioak herritarrak kontzientziatu eta belaunaldi gazteak hezi nahi ditu ozeano-zientziaren inguruan. Ozeanoak aztertzean eta babestean, gure planetaren sistema globalaz arduratzen gara.

Itsas Baliabide Biologikoen Europako Zentroa (EMBRC)

Itsas Baliabide Biologikoen Europako Zentroa (EMBRC-ERIC) ikerketa-azpiegitura bat da, itsas biodibertsitatearen ezagutzan aurrera egitea helburu duena. Zientzialariak, industriak, arduradun politikoak eta nazioarteko erakundeak mobilizatzen ditu zientzia irekiaren alorrean. Europa osoko bederatzi herrialdetako 70 itsas gune baino gehiago biltzen ditu, bai eta azken belaunaldiko ikerketa instalazioak eta esperientzia ere, itsas biologiaren eta ekologiaren alorrean, ekonomia jasangarri urdina sustatzeko eta gaur egungo erronka sozialei aurre egiteko. Itsas Biodibertsitate Omikoa Behatzeko Europako Sarea (EMO BON) izeneko biodibertsitate-behatokiaren bidez, EMBRCek datu genomikoak sortzen ditu, ozeanoen behaketa-sistema globalari ez ezik, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Ozeano Zientziaren Hamarkadari ere laguntzeko. Hezkuntza aktiboki sustatuz, Itsas Baliabide Biologikoen Europako Zentroak itsas zientzietan trebatzeko aukera sustatzen die hurrengo belaunaldiei. Ingurumen-erronka globalen aurrean, Itsas Baliabide Biologikoen Europako Zentroak ekarpena egiten die itsas biodibertsitatea ulertzeko Europako ahaleginei, eta, horrekin batera, zientzian oinarritutako erabakiak hartzeko prozesu globalean laguntzen du. Europako Batzordeak Europako Ikerketa Azpiegituratzat (ERIC) aitortu zuen 2018an. Jarraitu gaitzazu: embrc.eu, Twitter, LinkedIn eta YouTube.

Plentziako Itsas Estazioa

Plentziako Itsas Estazioa, Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentaleko Ikerketa Zentroa (PiE-UPV/EHU), Euskal Herriko Unibertsitatearen itsas estazioa da. Eraikin ikoniko batean dago, Bizkaiko golkoa aurrez aurre duela. Eraikinak 100 urte ditu zehazki, eta tuberkulosiaren eta hezurretako gaixotasunen aurka borrokatzeko jaio zen. 2012an zaharberritu zuten, eta, harrezkero, ikerketa, itsas zientzien alorreko hezkuntza (graduondoko ikasketak eta doktoregoak) eta dibulgazio-lanak sustatzen dira han. Era berean, aholkularitza teknikoa eskaintzen die industriari eta administrazioari bere jakintza-alorrean, hau da, ozeanoaren, ekosistemaren eta giza osasunaren arteko interakzioaren gainean. Plentziako Itsas Estazioak itsas biologiaren arloko ikerketa aurreratuko zerbitzuak eskaintzen ditu, eta Itsas Baliabide Biologikoen Europako Zentroaren (EMBRC) kide sortzaileetako bat da.

Plentziako Itsas Estazioaren ikerketa-xedea da ozeanoen osasuna eta giza aberastasuna babestea eta ingurumen-zientzia, -teknologia eta -sentsibilizazioa sustatzea. Plentziako Itsas Estazioak, txikia izanik ere, helburu handinahia du, eta ongi zehaztua baina malgua da. Ad hoc diseinaturik dago definituriko helburuak lortzeko, baina modularki jokatzen du. Dinamikoa da, baina luzaroan irautea du xede. Bikaintasuna lortzeko beharrezko kontrol zorrotzak ditu, baina herritarrei irekitako leiho zabalekin. Euskal erroari eutsiz, mundu zabalari begira.

Itsasmuseum

Itsasmuseum Bilbaok, hasieran Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa zenak, 20 urte bete ditu orain. Bizkaiko itsas ondarea eta kultura babestea du helburu, Bilboko itsasadarretik Bizkaiko Badiara. Itsasmuseum-ek kultura baten historia kontatzen du: gure nortasuna osatu duen itsas kultura, eta modu ireki baina idiosinkrasikoan egiten du. Bilbo, Bizkaia eta bertako jendea beti itsasotik gertu bizi izan dira, itsasoan lan egin dute eta itsasoarekin harreman estua izan dute. Itsasoarekiko lotura estu horrek nortasun propioa eta tradizio bereziak sortu ditu, gure erakusketen eta ekitaldi-programaren esparru guztietan daudenak. Bizkaiko kosta osoan zehar arrantza- eta kabotaje-portuak daude. Bilbo bera izan zen portua, baita hiri gisa sortu aurretik ere. Itsas ibilbideak, ontzigintza eta itsasoari lotutako industria bizitza modu bat izan dira mendeetan zehar. Baina, gaur egun, itsasoa aisia-, kirol- eta dibertsio-iturri ere bada arraunketaren, belaren, surfaren eta abarren bidez.