Gure txokoak: Datuak non dauden 

  • Photocampus

First publication date: 25/02/2021

Rodrigo Fuente eta Jose Manuel Terrón, IKT Gerenteordetzako Ekoizpen arloko teknikariak. Argazkia: Jorge Navarro. UPV/EHU.

Posta, webgunea, aplikazioak, matrikula eta 'hodeia', funtsean, egunean 24 orduz, asteko 7 egunetan eta urteko egun guztietan Datuak Prozesatzeko Zentro (DPZ) batean abian dauden ordenagailuak dira.   
 
UPV/EHUko DPZ nagusia Leioan dago, eta 370 m2 inguruko gela bat da, 52 rack dituena. 900 zerbitzari baino gehiago ditu, fisikoak eta birtualak barne, bai eta sareko eta telefoniako hainbat ekipamendu ere. RedIRISen nodo bat da eta hainbat telekomunikazio operadoreren sare komertzialetara konektatuta dago. Sor daitezkeen gertakizun eta mantentze arazoei aurre egin ahal izateko, 750 kW-ko unitate elektrogeno propioa eta adar elektriko bikoitza ditu eskura, dagokion Etengabeko Elikadura Sistemarekin, baita 270 kW inguruko hozteko gaitasuna duten bederatzi klimatizagailu ere. Hori guztia gaur egun 210 kW-ko potentzia elektrikoa duen etengabeko eskaria asetzeko; horietatik 130 kW informatika ekipamendu osoaren zuzeneko kontsumoari dagozkio, eta gainerakoa, hura hozteko kontsumoari.  
 
Ez du itxura deigarria kanpotik. Barrualdeak, ordea, atentzioa ematen du, zabala, garbia eta ordenatua baita, baina zaratatsua eta ilun samarra ere bai. Daukan onena da leku epel-epela dela neguan, eta freskoa udan.  
  
Rodrigo Fuente eta Jose Manuel Terrón, IKT Gerenteordetzako Ekoizpen arloko teknikariek, egunero lan egiten dute DPZ honetan eta txoko hau aukeratu dute horrelako lekuek gaur egun jokatzen duten paper garrantzitsua kontuan hartuta.
 

 

Nola iritsi: 43°19'47.9"N 2°57'45.1"W