euskaraespañol

Hiri-inguruneak herritarren elikadurari nola eragiten dion aztertu dute Bilboko hiru auzotan

Bilboko hiri-ingurunea hobetzeko ekintzak proposatu dituzte partaidetza bidezko UPV/EHUko ikerketa batean

  • Research

First publication date: 21/02/2020

Image
Leyre Gravina. Argazkia: Jon González. UPV/EHU.

UPV/EHUko Erizaintza eta Osasun Sustapeneko ikerketa-taldearen ikerketa batean, elikadura-inguruneari buruz herritarrek duten pertzepzioaren konparazio kualitatiboa egin dute Bilboko maila sozioekonomiko desberdineko hiru auzotan. Fotosolasaren metodologia erabili dute horretarako. Ikerketa inpaktu handiko Appetite aldizkarian argitaratu dute. Hiru auzoetako bizilagunek hartu dute parte proiektuan, eta aztertu eta azaldu dute nola eragin diezaiokeen beren auzoak beren elikadurari.

Lehendik egindako ikerketek frogatutzat eman dute osasungarriak ez diren elikadura-inguruneek badutela eragina herritarren elikadura-joeretan. Baina orain arte ez ziren aztertu ingurune horien alde sozioekonomikoak eta haiek dietan duten eragina. UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko doktore Leyre Gravinak adierazi duenez, “testuinguru sozioekonomiko desberdineko hiru auzotako —Deustu (maila sozioekonomiko altua), Uribarri (ertaina) eta San Frantzisko (baxua)— elikadura-ingurunearen pertzepzio kualitatiboa alderatu dugu lehen aldiz, fotosolasaren metodologia erabiliz (ingelesez, photovoice). Hala, Bilboko espektro osoa aztertu dugu, azaldu ahal izateko nola eragiten dieten auzoek herritarrei, bereziki elikadurari dagokionez”.

Fotosolasaren azterketan, parte-hartzaileek (aipatutako auzoetako 23 bizilagun, guztira) “beren ingurunea, beren auzoa, aztertu dute berek ateratako argazkiak erabiliz eta taldeka eztabaidatuz —azaldu du Gravinak, zeina baita UPV/EHUko Erizaintza eta Osasun Sustapeneko ikerketa-taldeko ikertzaile nagusia—. Azkenean, ikerketa-taldeak sei gai hauetan bildu zituen eztabaidagai guztiak, eta hauen bidez definitu edo deskribatu dugu Bilboko elikadura-ingurunea: elikadurarekin lotutako portaera ez osasungarriak, kultura-dibertsitatea, saltokien eraldaketa, giza harremanak, prekarietatea eta elikadura osasungarria”.

Liburu bat, ekintza politikoen proposamenak eta proiektu berri bat

Nahiz eta hiru auzoetan nabarmendu duten kalitate handiko elikagaiak eta produktu freskoak eskura daitezkeela, modu ez osasungarrian elikatzeko arrazoiez jardun zuten parte-hartzaileek; izan ere, agerian jarri zuten neurriz kanpo kontsumitzen direla alkohola (maila altuko auzoan), elikagai azukredunak (maila altu eta ertainekoan) eta janari lasterrak (maila ertain eta baxuko auzoetan). Hala, “ikusi genuen desberdinak zirela bai ingurunea bai auzo bakoitzaren beharrak —dio ikertzaileak—; baina antzekotasunak ere hauteman genituen hiruretan: nazioarteko elikagaien dibertsitate eta eskuragarritasun handia dago guztietan; gure kulturan, ospakizun handietan, ongi ikusia dago alkohol eta edari azukredun asko edatea; herritarrek eta agintariek inplikazio eskasa dute auzoak hobetzeko, eta, azkenik, saltoki txikiek eta merkatu publikoek elikadura osasungarria sustatzen dute, kalitate oneko elikagaiak, hurbileko harremana eta produktu freskoak eskaintzeaz gainera”.

Auzoen artean aurkitutako aldeek agerian jarri dute herritarren elikadura-joeren faktore erabakigarriak direla elikagaien eskuragarritasuna, elikagai-denden dibertsitatea eta faktore sozial eta kulturalak. “Gure emaitzek eman duten informazioaren arabera, hobeto ulertuko dugu nola eragiten dioten hiri-inguruneek herritarren elikadurari berdintasun-ikuspegi batetik”, dio. Gravinak nabarmendu nahi izan du herritarren partaidetzako proiektu honen balio nagusia dela “ikerketaren emaitzak ekintza politikoko proposamen bihurtu ahal izatea, aztertutako eremua hobetu ahal izateko, eta aukera izatea hobetzeko beharrak eta proposamenak komunitateko gainerako kideei (baita arduradun politikoei ere) agerian jartzeko. Horrenbestez, herritarrek beren ingurunea hobetzeko sortu dituzten politika eraginkorragoak bultzatzen dira; izan ere, inguruneak eragina izango du osasunean”.

Ikerketa-taldeak hobekuntza-ekintza horiek udal-agintariei helarazi dizkie, politika gomendagarrien txosten baten bidez. Bestalde, Fotovoz Bilbao proiektua argazki-liburuan jaso dute ikerketa, eta webgune honetatik deskarga daiteke: Nire Osasun Auzoan. Halaber, Gravinak jakinarazi du Fotovoz 2 proiektua jarri dutela martxan: “MugiBiL deitu diogu, eta hiru auzoak aztertuko ditugu jarduera fisikoaren ikuspegitik. Ziur gaude hainbat gairi buruz jardungo garela, hala nola hirigintzaz, garraioaz, mugikortasunaz, auzoetako irisgarritasunaz, zahartzeaz, generoen arteko aldeez, garbitasunaz, faktore mugatzaile sozialez eta abarrez. Ikerketa berri honek ikuspegi osoagoa emango digu, jakiteko nola eragin dezaketen elikadurak eta jarduera fisikoak —zeinak faktore garrantzitsuak baitira— herritarren obesitatean, eta osasunean, azken batean”, esanez amaitu du.

Bibliographic reference