euskaraespañol

Indusketa arkeologiko berriak Cerro del Castillo aztarnategian

Muinoaren okupazioaren sekuentzia osoa erakutsi nahi dute, hor sortu baitzen Nafarroako Valtierra herria

  • News

First publication date: 14/07/2023

Tina zati bat, zeinean karaktere kufikoak dituen inskripzio bat agertzen baita.
Tina zati bat, zeinean karaktere kufikoak dituen inskripzio bat agertzen baita. | Photo: UPV/EHU.

Valtierrak (Nafarroa) Cerro del Castilloko aztarnategian hirugarren indusketa arkeologikoen kanpaina izango du. Kanpaina hori Valtierrako Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak 2022an sinatutako lankidetza hitzarmenaren esparruan garatuko da. Juan José Bienes Calvo eta Óscar Sola Torres arkeologoen eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Jesús Lorenzo Jiménezen zuzendaritzapean garatzen dira kanpainak.

Aztarnategiak muinoaren okupazioaren sekuentzia osoa erakusteko interesa du, Valtierraren gunea hor sortu baitzen. Orain arte egindako zundaketen bidez okupazioaren fase desberdinen berri dugu; gutxienez IX. mendekoak dira, islamiar garaikoak, Valtierra al-Andalusen zati izan eta Tuterako medinaren mende zegoenekoak. Fase horren ondoren, ziur asko 1118ko Aragoiren konkista eta gero, hiri trazatua berregituratu egin izango zen eta giza egonleku islamiko primitiboaren hondarren gainean giza egonleku berria egin izango zuten. XV. mende inguruan amaitu zen okupazioa, muinoa erabat utzi zenean, eta jendea lautadan finkatu zenean.

Orain arte indusketan zeramikazko material ugari aurkitu da, eta okupazioaren, uztearen eta amortizazioaren faseak datatu ahal izan dira horri esker. Bereziki interesgarria izan zen tina zati bat aurkitzea, inskripzio bat zuen esgrafiatuta karaktere kufikoetan eta horri esker toki horretako biztanle baten izena dakigu lehenengoz: Muhammad ibn Rasiq.

Indusketak izaera zientifikoaz gain didaktikoa ere badu, taldeko kide gehienak Euskal Herriko Unibertsitateko Historia eta Artearen Historia graduetako ikasleak dira, eta irakaslearen eta arkeologoen gainbegirapean aritzen dira. “Indusketa hau jaio zen etorkizuneko arkeologoak trebatzeko bokazioarekin, nahiz plano teorikoan nahiz praktikoan trebatu daitezen. Plano teorikoan, arkeologiako alor desberdinetako espezialistek emandako klaseekin (arkitekturaren arkeologia, arkeobotanika, etab.). Eta prestakuntza praktikoari dagokionez, landako lana egiten dute batetik, hau da, indusketa, irakurketa estratigrafikoa, erregistro arkeologikoa, topografia, fotogrametria, etab. eta bestetik, kabineteko lanak, hau da, zeramika garbitu, dagokion mendean kokatu eta sailkatu, marrazki arkeologiko digitala eta analogikoa, hiru dimentsioko ereduak egin, datu-basea, etab.”, azaldu du Lorenzo Jiménez irakasleak.