euskaraespañol

Josu Sanz Alonso eta Daniel Zuazagoitia Rey-Baltar

Honela sustatzen dute patio ‘berdeek’ jakin-min zientifikoa

Matematika, Zientzia Esperimental eta Sozialen Didaktika Saileko ikertzaileak

  • Cathedra

First publication date: 08/02/2023

Image

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Ikastetxeen kanpoko eremua, patioa, ez da jolaserako edo atsedenerako lekua bakarrik. Batzuetan, dikotomia faltsua sortzen da ikasgelako eremuaren, ikasteko eta irakasteko leku gisa, eta kanpoko eremuaren artean, jolasteko eta gozatzeko leku gisa. Gutxieneko material eta elementu naturalak dituzten patioen bidez, irakasleek edukiak landu eta praktika zientifikoak garatu ditzakete txikienekin.

Gero eta haur eskola gehiago ari dira eraldatzen beren patioak, horiek naturalago egiteko. Egituratu gabeko materialen eta elementu naturalen (ura, harea, lurra edo landareak, adibidez) presentzia handiagoak zientziaren esplorazio informala eta espontaneoa sustatzeko aukera gehiago ematen du, hormaz eta zementuzko lurzoruz osaturiko patio tradizionalen aldean.

Jolasa eta ikaskuntza zientifiko goiztiarra

Patioko garaiari garrantzi pedagogiko txikia ematen bazaio ere, haren kalitateak eragina izan dezake haurren garapenean eta ongizatean. Horregatik, hain zuzen ere, elementu naturalak barne hartzen dituen diseinuak haurren interesa eta jakin-min zientifikoa bultza ditzake, jolasaren bidez.

Esplorazio jolasak garapen kognitiboa sustatzen du, arreta, erronka, plazera eta emozioa eragiteaz gain. Objektuei buruzko informazioa lortzeko, manipulazioa sustatzen du, eta arrazoitze zientifikoko trebetasunak bereganatzen laguntzen du, haurrek kausa eta efektuaren arteko loturak topatzen dituztenean edo materialen balizko erabilerak ikertzen dituztenean.

Gainera, jolasa eta ikaskuntza aldi berean gertatzen dira haurrek ikerketa prozesu batean parte hartzen dutenean, hau da, erronka edo ikerketa txikietan parte hartzen dutenean. Irakasleek lotura hori erraztu dezakete, jolasa curriculum esperientziekin konektatuz, eta haurrei beren aurkikuntza guztiak behatzen, sailkatzen, aurreikusten, esperimentatzen eta adierazten laguntzeko galderak sustatuz.

Ikasgelaz kanpoko eremua, zenbat eta ‘berdeago’, hobe

Zoritxarrez, haurrek ikastetxeetan gero eta denbora gutxiago igarotzen dute natura esploratzen. Kasu askotan, berdeguneekin duten kontaktuan eragin handia dute beldurrek eta helduen kontrol premiak, baita ikasgelatik kanpo gune egokiak ez izateak ere.

Ikastetxeetako patio askok ez dute elementu naturalik izaten, edo horien presentzia oso bakana da, interes hezitzailerik gabea. Hala ere, gero eta ikastetxe gehiago ari dira txertatzen egituratu gabeko materialak eta elementu naturalak patio tradizionalean, pixkanaka eta modu kontzientean; horrez gain, erabateko eraldaketak egiten ari dira patioa naturalizatzeko, gehienetan txikienena.

Eremu horiek ikaskuntza zientifikorako ingurune egokia izan daitezke; izan ere, naturan bertan bezala, eremu horietan ere oso handiak izan daitezke aldagarritasuna (soinuak, formak, testurak) eta egonkortasuna (patroietan, sistemetan).

Elementu naturalak

Giro naturala giro aberatsa da. Bertan, ikaskuntza estimulatzen eta sustatzen da, ikastetxeetako ohiko patioetan ez bezala. Asmo hezitzaileko patio naturalizatu edo aire zabaleko patio batek honako elementu hauek izan beharko lituzke, besteak beste:

  1. Ura haurren eskura, errekak, iturriak edo putzuak, adibidez.
  2. Arrokak, harea eta askotariko lurzoru eta zoladurak.
  3. Topografia batzuetan irregularra, eta sokak, tunelak, hodiak eta pasabideak dituzten altuerak.
  4. Zuhaitz eta landare aniztasuna.
  5. Jolas eraikitzaile eta sinbolikorako elementuak, hondeatzeko tresnak, gauzak batetik bestera eramateko ontziak eta biltegiratzeko beste material batzuk.
  6. Patioan zeharrek bideak eta zidorrak, eta ezkutaleku gisa erabil daitezkeen txokoak, eta, noski, sozializazio eta atseden gune komunak, beste gauza askoren artean.

Haurraren begiradak duen garrantzia

Ezaugarri horiek dituen eremu bat estetikoki edo funtzionalki egokia izan daiteke helduentzat, baina haurrentzat erakargarria eta erabilgarria izatea da garrantzitsuena, hau da, eremua erabat erabili ahal izan dezatela.

Izan ere, haurrak beste gako batetik hurbiltzen dira eremu eta materialetara: eremuari zer nolako erabilera eman diezaioketen kontuan hartuta, hau da, eremuak zer egitera “animatzen” eta zer ahalbidetzen dien kontuan hartuta. Haur bakoitzak eremuen eta materialen ezaugarri funtzionalak interpretatzen ditu, eta bere jolasera eta ikaskuntzara egokitzen eta pertsonalizatzen ditu: “Zer du leku honek jolasteko? Zer egin dezaket?”.

Beraz, zuhaitz bat zuhaitz bat bada ere, eta makil bat, makil bat, haurrek elementu horietako bakoitzari funtzionaltasun askotarikoak eman diezazkiokete. Horrela, bada, zenbat eta irisgarriagoa, heterogeneoagoa eta aldakorragoa izan eremu bat, orduan eta aukera gehiago emango dizkigute hura osatzen duten elementuek.

Gure patioan ditugun zuhaitz motek, adibidez, haurrek bertan egin dezaketen horretan eragin dezakete; izan ere, zuhaitz batzuk ez dira behar bezain altuak edo seguruak adingabeak bertara igo ahal izateko. Bestalde, topologia uniformeko eremuetan, txikienak ezingo dira lurrera bota, ezta objektuak maldetatik behera bota ere.

Alderdi horiek guztiak behar bezala zaindu eta aztertu behar dira horrelako eremuak diseinatzen direnean, edo gure patio tradizionaletan esku hartze txikiak edo aldaketak egin nahi direnean.

The Conversation