euskaraespañol

IkasLagun programaren ikasturte amaierako ekitaldia

Zuhaitz bat landatu zen Gipuzkoako babes sistemaren bidez artatutako neskatoen, mutikoen eta nerabeen arteko hezkuntza aukeren berdintasunaren adierazgarri gisa

  • Kronika

First publication date: 13/06/2022

Image
IkasLagun programaren ikasturte amaierako ekitaldian zuhaitz bat landuko zuten | Photo: Nagore Iraola. UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campusean izan zen IkasLagun programaren 2021/2022 ikasturte amaierako ekitaldia. Era berean, programa hori Erronkak-Retos ekimenaren barruan dago, SM Fundazioak finantzatua.

IkasLagun programaren xedea da, azken finean, egoitza harreraren babes neurriaren menpe dauden neskatoen, mutikoen eta nerabeen arteko hezkuntza aukeren berdintasunean laguntzea. Horretarako, 2018/2019 ikasturtetik, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko ikasleak astero joaten dira babeserako egoitza-baliabide horietara, bertan artatutako haurrei errefortzu akademikoa ematera. Gaur egun, UPV/EHUko 70 ikaslek eta 64 haurrek parte hartzen dute. UPV/EHUren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta SM Fundazioaren laguntza instituzionala eta ekonomikoa dauka.

Gipuzkoako Foru Aldundiak babes sisteman artatutako haurrek unibertsitatea ezagutu zuten ekitaldi horretan UPV/EHUko haien IkasLagunen eskutik. Orain arte, babeserako baliabidea topagunea zen, eta ikasturtearen amaiera honetan, Gipuzkoako Campuseko ikastegiak ezagutu ahal izan dituzte, eta aukera izan dute euren burua beharbada hemendik urte batzuetara bertan ikusteko. 

Porrotxek, Marimototxek eta bi IkasLagunek, Amets lorezainak eta Lua biolinistak, Joana Miguelena eta Joxe Garmendiarekin batera (biak UPV/EHUko arduradunak), ongietorria eman zieten eta Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko korridoreetan zehar gidatu zituzten.

Ikastegia bisitatu ostean, diplomak jaso zituzten egindako ahaleginagatik, izandako konstantziagatik, eta, garrantzitsuena, egunero hobetzera bultzatzen dituen programaren protagonistak izategatik.

Ekitaldian zehar, Beñat Amenabar Fakultateko dekanoak eskerrak eman zizkien IkasLagunei eta haurrei egindako lanagatik, eta etorkizunean unibertsitateko komunitateko kide izatera animatu zituen. Halaber, jardunaldian UPV/EHUko Garaian ikertaldeko eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren (zehazki, Egoitza Harrerako Atalekoak) ordezkariak izan genituen.

Diploma banaketaren ostean, taldea Unamuno plazara joan zen. Bertan, IkasLaguneko kide batek, Eneritzek, aurresku bat dantzatu zuen, eta, bitartean, zenbait haurrek gereziondoa landatu zuten ekitaldiaren eta honako mezu honen oroigarri gisa: “ez zaie mugarik ezarri behar gure aukera akademikoei”.