euskaraespañol

AAren eta Hizkuntzaren Prozesamendu Naturalaren gaineko 40 aditu eta profesional baino gehiago bildu dira ILENIA proiektuan

  • Kronika

First publication date: 01/03/2024

Image
ILENIA proiektuko partzuergoa osatzen duten zentroen ordezkariak | Photo: UPV/EHU

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Gipuzkoako Campusean bildu dira orain dela gutxi ILENIA proiektuko partzuergoa osatzen duten zentroak. ILENIA honako hauen arteko proiektu komuna da: Hizkuntza Teknologiako Zentroa (HiTZ), UPV/EHUko Germán Rigau ikertzaileak koordinatuta; Barcelona Supercomputing Center - Superkonputazioko Zentro Nazionala (BSC-CNS), Marta Villegas ikertzaileak koordinatuta; CiTIUS eta ILG, Santiagoko Unibertsitateko (USC) Senén Barro buru dela; eta Alacanteko Adimen Digitaleko Zentroa (CENID), Alacanteko Unibertsitateko Manuel Palomar buru dela. Hizkuntza koofizialetan eta horien aldaeretan aplikazio eleaniztunak garatzea ahalbidetuko duten baliabide digitalak sortzea da proiektuaren helburua. 

Zentro horietako AAren eta Hizkuntzaren Prozesamendu Naturalaren gaineko 40 adituk eta profesionalek baino gehiagok parte hartu zuten HiTZek antolatutako ekitaldian. Bi egunetan zehar, ILENIAk koordinatutako proiektuen emaitzak aurkeztu zituzten. Baliabide eleaniztunak garatzen laguntzea da proiektu horien helburua; bereziki, gizartearen beharrei erantzuten dieten eta egungo teknologiarekin lerrokatuta dauden testu, ahots eta itzulpen automatikoko eredu eleaniztunak. Izan ere, egungo teknologian funtzio garrantzitsua dute eleaniztasunak eta hizkuntzen arteko transferentziak. Era berean, beste egitasmo eta proiektu batzuekiko sinergiak nabarmendu zituzten, eta hizkuntzaren industriako inpaktu handiko erabilera kasuak eta aplikazio berritzaileak identifikatu zituzten. 

Proiektuaren laugarren bilera honetan, ikerketa zentro bakoitzak azken urtean egindako aurrerapenen analisi zehatza egin zuten. Datuen atzematean eta prozesamenduan eta hizkuntza ereduetan lortutako lehen emaitzak nabarmendu zituzten (adibidez, Latxa eta Flor), baita itzulpen automatikorako eredu elebidunak eta ahotsa ezagutzeko eta sintesirako ereduak ere. Sakon eztabaidatu zuten orain arte ezarritako hizkuntza ereduen eraginkortasunaren gainean, eta xehetasunez landu zituzten 2024rako planak, hizkuntza koofizial guztiak barne hartuko dituzten lehen eredu eleaniztunak ezartzeko helburuz. Bilera ezinbestekoa izan zen hausnartzeko eta datorren lan etapa proiektatzeko. 

Hori guztia, sinergiak bultzatzeko eta gizartean duten inpaktua biderkatzeko, hala, industriei haien eraldaketa digitalean laguntzeko. Ekoizpen sarean, ekonomian eta gizartean adimen artifiziala garatzeko eta integratzeko prozesua gidatzearen bidez lortu nahi dute hori.