euskaraespañol

Xabier Ezeizabarrena

Ingurumen osasuntsurako sarbidea, giza eskubidea NBEren arabera

Administrazio Zuzenbideko irakaslea

  • Cathedra

First publication date: 23/08/2022

Image

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

2022ko uztailaren 28an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak lehenengo aldiz onartu zuen ingurumen osasuntsu, egoki edo ekologiko baterako sarbidea giza eskubide gisa. Erabaki historikoa da, urrats esanguratsua baita prozesu luze eta konplexu batean.

Nazio Batuen erabakia funtsezkoa suertatzen da, oro har ohituta baikara nazio mailako eskubideaz aritzen. Hala ere, ingurumen sistemak globalak izaten dira, tokian tokiko sistema politikoek ezarritako mugez gaindi.

Aitortu gabeko giza eskubidea

Demetrio Loperena Rota legelaria izan zen lehenengoa, 1997an, ingurumen egokia izateko eskubidea giza eskubidetzat hartzen.

Eskubide hori bizitzeko eskubideaz dihardu ingurumenaren aurkako erasoek osasunerako eskubideari zeharko lotutako mehatxuak dakartzatelarik. Kategorien bereizketa hori zenbaitetan sistematizatu du Loperenak 1978ko Konstituzioaren 45. artikuluaren analisian, zeinak baition ezen “pertsona guztiek oro baitute norberaren garapenerako ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea, bai eta hura kontserbatzeko betebeharra ere”. Bere tesiak aintzat harturik, bi babes eremu bereiziren aurrean egongo ginateke.

Loperenaren ustez, ingurumen egokia izateko eskubidea ez da garapen sozial edo zibilizatzailearen emaitza, giza bizitzari berari datxekion betekizuna baizik. Gizakien existentziari berari beren-beregi dagokion eskubidea da. “Ingurumen egokia, logikoki, zuzenbidea bera baino lehenagokoa da -dio egileak- ingurumen egokirik gabe ez baita giza bizitzarik, ez gizarterik, ez eskubiderik”.

Beraz, ingurumena juridikoki babestu behar denean, bi zentzutan egiten da. Alde batetik, giza eskubide edo oinarrizko eskubide gisa aitortzen da. Bestetik, botere publikoen esku uzten da ingurumenaren zaintzea eta babestea.

Horrela, bizitzeko eskubidearen antzeko ezaugarriak lituzkeen eskubide baten aurrean egongo ginateke, eskubide hori oinarrizko eskubidetzat hartzen delako eta, aldi berean, beronen babesa botere publikoaren esku uzten delako.

Teoriatik praktikara

Teoria horren aplikazio erreala izango bada, Nazio Batuek adostutako nazioarteko abala zen ezinbesteko. Aintzat hartzeko hastapen urratsa izan zen, esate baterako, 2019an Herbeheretako Auzitegi Gorenak, klima aldaketari buruz hartutako epaia.

Nire ikuspuntutik, litekeena da ingurumen egokirako eskubidea eskubide indibidual eta kolektibo gisa konfiguratzea, horretarako tresna praktikoak printzipio eta eskubide konstituzionalei dagozkien beste formula eta teknika batzuez hornitzen baditugu, bai eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren (GEEA) babespean ere.

Ildo horretan, ingurumenarekiko eraso baten tamaina osasunerako eskubidea eta bizitzeko eskubidea bera mehatxupean jarri arterainokoa denean, ondoriozta dezakegu ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea giza eskubide subjektiboa dela, bizitzeko eskubidearekin zuzeneko lotura daukana. Are gehiago, giza bizitzaren beraren existentziarako eta geroko iraupenerako aurretiko baldintza da.

Giza eskubide subjektibo batek berariaz dakar eskubide hori edozein administrazio edo auzitegiren aurrean gauza daitekeela. Ia konstituzio moderno guztietan eta nazioarteko hitzarmenetan diren giza eskubideak dira: bizitzeko eskubidea, torturaren debekua, boto eskubideak, babes judizialerako eskubidea, etab.

Planteamendu hori koherentea eta arrazoizkoa da, baina sakoneko arazoak sortzen ditu praktikan jarri nahi denean. Funtsean, konstituzio modernoek, interpretazio puntual batzuk izan ezik, ez dutelako aintzat hartzen ingurumen egokia izateko eskubidea norberaren bizitzarako aurretiazko baldintzatzat. Oro har, eskubide hori politika sozial eta ekonomikoaren printzipiotzat hartu ohi da, praktikan eta konstituzioaren errealitatean, administrazio publikoen jarduna inspiratzen duena eta ondoren lege garapena eskatzen duena.

Eskubide subjektiboaren kategoriara eraman ahal izateko, konstituzioak aldatu beharko lirateke. Espainiaren kasuan, eta, oro har, Europar Batasunaren kasuan, gainera, barne jurisdikzioaren bidea Konstituzio Auzitegiraino agortu beharko litzateke; ondoren, hala balegokio, Giza Eskubideen Europako Auzitegiraino, azken batean, giza eskubideen arloko eskumena duen auzitegiraino iristeko.

Horregatik, oraingoz ez dago ondorio zuzenik herritarren mailan, nahiz Nazio Batuen ebazpena aurrerapauso handia den, konpromiso politiko eta juridiko berriak eragingo dituena.

Eskubide globala

Aipatutako zailtasun horiek guztiak gorabehera, aitortu beharra dago gai horietan azken hamarkadetan izandako aurrerapenek ekarri dutela, gutxienez, eskubide berriak aurrera eramateko aukera teorikoa eta premia praktikoa, giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen beharra izango dutenak, argia ikusi eta sendotzeko itxaropena izan dezaten.

Horretarako ez da nahikoa EBren eta NBEren bultzada. Neurri berean, beharko litzateke eskubide honen betetze eta gauzatzeari dagozkion ingurumen gaiak, jurisdikzioaren eremuan ere, estatuen subiranotasunen muga estuak gainditu eta estatuaz gaindiko maila batean jorratu ahal izatea, gaur egun Nazioarteko Justizia Auzitegiarekin gertatzen denaren pare.

Plano hori giza eskubideen testuinguruan eta berorien apurkako kodifikazioaren testuinguruan baino ez da posible. Horien artean, nire ikuspuntutik, hiru ezinbesteko eskubide daude garapen iraunkorrera hurbildu nahi badugu eta hurbildu baino ez: bizitzeko eskubidea, bakerako eskubidea eta ingurumen egoki, osasuntsu edo ekologikoki orekatua izateko eskubidea. Alabaina, eskubideez harago, garaia ere bada geure betebeharrez hitz egiten hasteko.