euskaraespañol

Ana Arribillaga

Irakasleak begitan hartuta nauka: aitzakia ala egia?

Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia Saileko irakasle titularra

  • Cathedra

First publication date: 05/12/2022

Image

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Imajina dezagun egoera hau: Inés, ingeleseko irakaslea, ikasgelan sartu da lehenbiziko eskola egunean. Ikasle taldeari begiratu bat eman ondoren, azken lerroan eserita dauden bi mutilei erreparatu die.

Arbelean idazteko biratzen denean, nolabaiteko zalaparta sortzen da gelan. Inés jiratu egiten da, ordena berrezartzeko asmoz, eta aurrena azken lerroko bi mutil horiei begiratzen die; hala ere, bi mutil haiek adi-adi ari ziren arbelera begiratzen, irakaslea zer ari ote zen idazten.

Inések gertatutakoaz hausnartzen duenean, zera ondoriozta lezake bere artean: zergatik begiratu ote diet lehenengo ikasle horiei? Hala eginez gero, adieraziko luke neurri batean jabetzen dela bere portaeraz.

Analisia, kontrastea eta aitortza

Hona iritsi ostean, Inési portaera hori ulertzeko beharrezko tresnak ematea da erronka, hala lortuko baitu hari aurre egitea. Tresna horiek egoeraren azterketatik abiatuko dira. Ondoren, adierazitako portaeraren eta beste jarduteko modu batzuen arteko kontrastea egingo da. Amaitzeko, haren portaeraren azpian dauden sinesmenak eta balioak aitortuko ditu.

Aldiz, gure alegiazko irakaslea ez bada gai aitortzeko zalapartaren aurrean azken mahaiko mutilengan jarri duela arreta, konplexuagoa izango da egoera. Izan daiteke ez delako jabetzen bere portaeraz. Edo, jabetuta egonik ere, ez duelako aitortu nahi; dela ez duelako amore eman nahi, edo ez duelako horri aurre egiteko tresnarik.

Ba al dago jokabide inkontzienterik?

Badira gure izaera definitzen duten eta gure portaera errepertorioarekin zerikusia duten ezaugarri batzuk, baina, hori hala izan arren, badira erantzun automatikoak edo erreaktiboak.

Pertsona edo egoera baten hasierako balorazioa egiten dugunean, ereduak eta estereotipoak erabiltzen ditugu, argudioak baino gehiago. Horretaz gainera, balorazio horrekin lotzen ditugun erantzun edo portaera batzuk espero ditugu. Are gehiago, gai gara gure portaera modulatzeko, uste oso hori baieztatuko duen erantzuna lortzeko.

Baieztatzeko behar hori, egia esan, segurtasun premia bati zor zaio: zenbat eta jokabide automatikoagoa dugun, orduan eta ezinbestekoagoa izango zaigu premia hori. Zenbat eta automatismo handiagoa, orduan eta kontzientzia txikiagoa. Eta, ondorioz, zailtasun handiagoa “amore emateko”.

Esperientzien batuketa bat

Portaera horiek automatikoak dira, bizitako, ikusitako eta entzundako esperientziak elkartuta eraikitzen baitira –Inések, bere ikasleek eta gurasoek–. Inguruko pertsonekiko harremanaren bidez eraikitzen dira, eta, bereziki, “itzal handikotzat” ditugun pertsonekiko harremanaren bidez.

Modelatzearen bidez eta hitzaren bitartekaritzarik gabe ikasitako esperientzien batuketa horrek sortzen du gure portaerarik automatikoenak eraikitzeko egitura.

Nortasuna edo izaera

Egitura hori ia inkontzienteki taxutua da, eta, paradoxikoki, gure izaera eratzeko erantzukizuna du. Zuzenean eragiten du geure burua aurkezteko eta ezagutzeko moduan, baita besteak aurkezteko eta ezagutzeko moduan ere.

Gure jarduerak eta inguratzen gaituzten pertsonenak ebaluatzeko erabiltzen dugun erreferentzia da; gure balioen erreferentzia. Hortik sortzen dira, halaber, honen edo haren zergatia kontuan hartzeko baliatzen ditugun uste osoak, portaera jakin bat edo bestea aintzat hartzeko erabiltzen ditugunak.

Era berean, igurikimenen erreferentzia ere bada, eta itxaropen horiek jakinarazten digute, hain zuzen, zer espero daitekeen jokabide batzuetatik eta besteetatik.

Gure portaerez, motibazioez eta ondorioez gehiago jabetzeko, ezinbestekoa da hizkuntza erabiltzea.

Hizkuntzari esker ulertu ahal izango du Inések bere portaeraren eta ikasleenaren zergatia; estereotipoei erreparatu ahal izango die, gogoetekin kontrajarri ahal izango ditu eta bere portaera eraikitzeko oinarri izan diren sinesmenak eta balioak identifikatu ahal izango ditu.

Azaltzea eta eztabaidatzea

Ikasgelako harremanak diseinatzearen eta kudeatzearen arduradun nagusia denez eta ezagutu ere ezagutzen dituenez, berak egin behar du lan lehenbizi. Baina gelako ikasleek ere egin behar dute, eta, jakina, gurasoek ere bai.

Hasteko, Inések bere ikasleen adinera egokitutako argudioekin adierazi behar ditu bai ikasgelako dinamikari buruzko alderdiak, bai ikaskuntzari berari dagozkionak. Azaldu behar die zer den bere aburuz garrantzitsua harreman horretan, zer den errespetua, zer jokabide islatzen duten eta zein ez, eztabaidaren garrantzia, zer hartu behar den kontuan eztabaidatzeko, eta abar.

Ikaskuntzari dagokionez, adierazi beharko du zer kontzeptu jakin behar diren ezinbestean edo zer egin behar den zerbait ulertzen ez denean.

Entzutea eta argudiatzea

Irakasleak justifikatutako proposamen horien aurrean, ikasleak kontraargudiatu ahal izango du; gurasoei informazioa emango zaie eta entzun egingo zaie, nahiz eta irakasleak berak izango duen erabaki horien azken erantzukizuna.

Arau eta igurikimen esplizitu horiek guztiak egitearen garrantzia zera da, arrazoiak ematen diren bakoitzean, tarte bat ematen zaiela besteei eta haien iritziei: beste pertsonek sentitzen dute entzuten dietela eta aintzakotzat hartzen dituztela. Horrek erraztu egiten du arrazoiak erabiltzea –eta ez estereotipoetan oinarritutako iritzi arbitrarioak–, harreman horren oinarri diren akordioak betetzen ez direnetan.

Hasierako ingeleseko irakasle Inésen kasuan, onar lezake atzeko lerroko ikasleei begiratu diela lehenik eta behin; ondoren, konturatuko da bere portaera automatikoetako bat dela, maizegi entzun baitu eskolako lehen egunean atzean jartzen diren ikasleak izaten direla disruptiboenak. Baina, ondoren, irakasle gisa duen esperientziarekin kontrastatu du aurreiritzi hori, askotan ikusi baitu hori ez dela horrela.

Horregatik, ikasleek eskubidea eta betebeharra izango lukete jokabide automatiko hori errespetuz kritikatzeko eta zuzena dela uste dutenarekin kontrajartzeko.