Asset Publisher

Osoko ordezkoak eta promozioa egia bihurtzeko lanean

Promoziorako bataz besteko 6-7 urteko itxaronaldia 3 urtetik behera jaisteko erronkari aurre egin asmo dio unibertsitateak

First publication date: 23/07/2025

EHUko fakultate baten barruko irudia

Urtez urte handitzen joan den promozioaren korapiloa askatzea lehentasunezko gaia da unibertsitateko gobernu taldearentzat eta komunitate osoarentzat. Itxaron zerrendaren arazoari erantzuteko beharrezko bideak jorratzen ari dira, dagozkion eragin eta erabaki eremuetan. Jakitun, promozioa eskubide indibiduala dela, ez plaza gehikuntza bat, ez pribilegio bat. Ezin dugu orain arteko inertziarekin jarraitu. Urte hau trantsizio urte bat da. Zentzu horretan, 2024-25 ikasturtea albiste gazi-gozoekin amaituko dugu. “Batetik, ezin izan dugulako ikerlarien promozioa atera ezta 2024ko promozio deialdia (katedrak eta irakasle osoak) borobildu edota 2025eko eskabideen epea ireki ere. Baina, agindutakoa betetzeko lanean jarraitzen dugu: 2024ko plazen onarpena eta deia, zein etorkizuneko promozio araudia. Horren helburua argia da:  akreditaziotik plaza onartzera eta deitzera dagoen itxaron zerrenda murriztea; izan ere, gaur egun bataz beste 6,6 urte itxaroten da zerrendan —estatuko bataz bestekoaren oso gainetik—. Gure helburua da 3 urtetik behera murriztea. Eta lortuko dugu, ordezkoen baldintza prekarioak iraultzeko bidea irekitzea lortu dugun bezala”, azaldu du Efren Areskurrinaga Irakasle-ikertzaileen errektoreordeak. 

Aldiz, ikasturte amaiera honen albiste pozgarria da sailek eginiko ordezkapen eskariak arduraldi osoko ordezkapenekin egingo direla, gogoratu du errektoreordeak. Ordezkoen akordio berriaren aterkipean, arduraldi partzialeko karguak metatu eta kontratu osokoak egingo dira, eta baita postu hutsak osoko ordezkoekin bete ere. 150 eskaera inguru jaso dira eta 100 bat ordezko oso ematea ebatzi da, zain zeuden eskariei erantzun baikorra emanez. Horrekin lortu daiteke irakaskuntzarako oinarrizko premiei erantzutea, lan-eskaintzen kalitatea hobetuz. Izan ere, ordezkoei deitzeko prozesua martxan dago jada eta, behin ordezkoen akordio berria EHAAn publikatu ondoren, indarrean izango dira kontratu berriak, ikasturte berrirako prest. Hori gutxi balitz, dagoeneko lortu da 2024ko EPEan (Enplegu Publikoaren Eskaintzan) onartu diren eta irailean deituko diren Agregatu eta Titular plazak baliatzea irakasleak egonkortzeko, edo jadanik gauzatu diren 2023ko EPEko promozio plazak. Irailetik aurrera 2025eko EPE berria eta 2026-27ko jardun plana diseinatzen hasiko da Irakasle-ikertzaileen errektoreordetza. 

“Apustu handia eta garrantzitsua da errektoretza taldearentzat eta unibertsitate-komunitate guztiarentzat ordezkoak jardunaldi osoan kontratatzea, irakasleak egonkortzea eta promozioa egia bihurtzea, eta hori lortzeko bidean pausoak ematen ari gara. Lana eta ahalegina ez dira faltako; beharrezko baliabideak lortu eta promozio helburuak betetzeko buru belarri ari gara eta arituko gara”, azpimarratu du Irakasle-ikertzaileen errektoreordeak.