euskaraespañol

Iratxe Fresneda UPV/EHUko irakasleak bere lehen film luzea aurkeztuko du Gijonen

Lurralde Hotzak filmak Llendes lehiaketako atalean parte hartuko du Gijongo Nazioarteko Zinemaldian

  • News

First publication date: 12/11/2018

Image

Iratxe Fresneda UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Ikus-entzunezko Komunikazioko irakasleak, Gijongo Nazioarteko Zinemaldian parte hartuko du Lurralde Hotzak filmarekin. Ez fikziozko bere lehen film luzea lehiaketara aurkeztu da Llendes nazioarteko sailean. Besteak beste, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Begoña Vicario Arte Ederretako Fakultateko irakaslearen lankidetza du filmak. Zinemaldia azaroaren 16tik 24ra izango da.

Lurralde Hotzak emakume baten bakarkako bidaia da, bere kameraren eta harekin batera doazen zinemaren mamuen konpainia bakarrarekin egiten duena. Ez fikziozko road-movie honetan, bere begirada iparraldeko erlezaintzaren, arkitekturaren eta argiaren begiradarekin gurutzatzen da. Iratxe Fresnedak bidaia pertsonala eta zinematografikoa egiten du zinemagileen eta artisten eskutik. Horien artean daude Theo Angelopoulos, Bego Vicario, Eulalia Abaitua, Rut Hillarp edo Wim Wenders.

Film luzearen berezitasuna da ia bakarka filmatu dela, 8 hilabetez, 2017ko udatik 2018ko negura bitartean. Aragoi, Euskadi, Alemania, Suedia, Danimarka eta Islandiako herritarren, hirien eta paisaien artean ezkutatuko den begirada bat bilatzen du filmak.

Filmak honako hauen babesa izan du: Bizkaiko Foru Aldundia, Otxoa de Barandika Fundazioa eta Azkue Fundazioa; eta hauen lankidetza: Euskal Museoa, UPV/EHU, Zarauzko Photomuseum, Loarreko gaztelua, Xabier Iriondo, Bego Vicario, Zentropa, Brandts Museum, Forstadsmuseet eta Euskoiker Fundazioa.

Lurralde Hotzak egiteko, Fresnedak bere ondoan izan ditu Txelu Medina (Irrintziaren Oihartzunak), Saioa Etxebarria (Irrintziaren Oihartzunak), Raúl Lopez editorea (Loreak, Goya saria 2018 muntaia hoberenarentzat Handia filmagatik) eta Jose Luis Rubio (REC estudios). Filmaren soinu bandarako, berriz ere Anariren lankidetza izan du, Joseba Irazokiren akordeez eta Uxue Alberdiren ahotsaz gainera.

Zuzendaria

Iratxe Fresneda (Bilbo, 1974) Ikus-entzunezko Komunikazioan doktorea da, eta UPV/EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioa Saileko irakaslea 2004tik. Bertan, eskolak ematen ditu (Generoa, Irudia eta Nortasuna eta Ez fikziozko Gidoia II).

 “Emakumeen estereotipoak Lars von Trier-en lan zinematografikoan” doktorego tesiak Eusko Jaurlaritzako Ikerketa eta Politika Zientzia Sailaren beka bat jaso zuen. Ikertzaile bisitaria University of Nevada-n (AEB), Lund University-ko (Suedia) Film Studies-en eta Université de Toulouse II - Le Mirail-en (Frantzia) Framespa laborategian. Ikertzaile nagusia izan da BROEN ikerketa proiektuan —Eskandinaviako ikus-entzunezkoaren inguruan— eta, gaur egun, UPV/EHUren IKERFESTS proiektuaren barruan dago.

Idazle eta kritikari zinematografikoa, EITBri bere hastapenetatik lotua, nazioarteko hainbat hedabide eta erakunderekin kolaboratzen du zinemagintzako dibulgazio lanak eginez. Hainbat programatan parte hartu du, besteak beste: "Sunday in the country" —Europako Zinema Akademiak 2016an antolatua—, Cervantes Institute Praga, Bartzelonako Becket Dramaturgiako Nazioarteko Lantegia, Azkuna Zentroa, etab.

 Filmografia

 “Irrintziaren Oihartzunak” (2016) filmak —estreinaldia du zuzendari gisa— nazioarteko hainbat zinemalditan parte hartu du; besteak askoren artean, honako hauetan: Nantesko 64. Espainiako Zinemaldia, Cinéma Nyon Doc Outlook International Market 48. Nazioarteko Zinemaldia, Sao Paulo Movecinearte 5. Zinemaldia; Bilboko Zinema Ikusezinaren 9. Nazioarteko Jaialdia —euskal ekoizpen onenaren irabazlea—.Irrintziaren Oihartzunak (2016) filmarekin estreinaldia egin ondoren, lanean jarraitzen du "La trilogía del registro”rekin —Lurralde Hotzak-Cold Lands (2018) eta Tetuán, Tiṭṭawin, Begiak (2020)—.

 Llendes saila

LLENDES Gijongo Nazioarteko Zinemaldiko sail bat da, arrisku formaleko proposamenak biltzen dituena, non fikzioaren eta ez fikzioaren arteko mugak desagertzen baitiren. Zinematografoaren ahalbideetan mugak bilatzen dituzten obrak.